Irakurriena
- 1. MONDRAGONek 11.322 milioiko salmentak lortu zituen 2025ean, eta 1.346 enplegu berri sortu
- 2. Fagor Taldeak 1.735 milioi euroko salmentekin itxi du 2025eko ekitaldia
- 3. Eroskik itzulkinak emango ditu 15 urte eta gero
- 4. Erreka Medicalek Microliquid integratu du osasun arloan aurrera egiteko
- 5. Etorki eta Lana kooperatibek Europa hegoaldeko zerrategirik eraginkorrena inauguratu dute
- 6. Abian da Harrobia: Mondragon Unibertsitateko ikasleek dagoeneko izena eman dezakete proiektuetan
Mondragon Unibertsitateak eta Orbik Cybersecurityk zibersegurtasun industrialaren aldeko apustua egin dute
Akordioak lau urteko iraupena izango du, eta ezagutza sortzen, teknologia berritzaileak garatzen eta talentu espezializatua prestatzen lagunduko du, industriak segurtasun digitalaren alorrean dituzten erronkei erantzuteko.
Ekimen horretan, bi erakundeek lantalde mistoak eratuko dituzte; Orbik Cybersecurity enpresako profesionalek eta Mondragon Unibertsitateko ikertzaileek, irakasleek eta graduko, masterreko eta doktoregoko ikasleek osatuko dituzte lantaldeok. Unibertsitatearen eta enpresaren arteko lankidetza estua sustatzea da helburua, teknologia-transferentzia bizkortzeko eta enpresa-sarean trebakuntza handiko profesionalak sartzeko.
Bi erakundeek berrikuntza sustatzeko, garapen teknologikoa indartzeko eta talentu espezializatua sortzeko egindako apustu estrategikoaren barruan dago akordioa. Horri esker, zibersegurtasunean kualifikazio-maila handia duten profesionalak erakarri eta
trebatuko dira; izan ere, funtsezko arloa da zibersegurtasuna, erakundearen etorkizuneko garapenerako eta industriaren premia gero eta handiagoei erantzuteko.
Unibertsitatearen eta enpresaren arteko lankidetza estua sustatzea da helburua, teknologia-transferentzia bizkortzeko eta enpresa-sarean trebakuntza handiko profesionalak sartzeko.
Lan-lerroak
Akordioan, lehentasunezko lan-lerro hauek jaso dira, besteak beste: zibersegurtasun industriala, softwarearen segurtasuna, sareak eta sistemak; zibersegurtasunari aplikatutako adimen artifiziala, eta softwarea testatzea. Industria-ikerketako proiektuak, erakusle teknologikoak, zaintza teknologikoko jarduerak, prestakuntza-programak eta talentua sustatzeko ekintzak garatzeko oinarri izango dira lan-lerro horiek.
Gainera, bi erakundeek lau urtera begirako ibilbide-orri teknologiko bat sortuko dute, industria- eta enpresa-ekosisteman inpaktu-potentzialik handiena duten ikerketa-eremuak identifikatu eta lehenestearren.
Lankidetzak badu beste helburu bat ere: praktika akademikoak, gradu- eta master-amaierako lanak, eta doktorego-tesiak bultzatzea, baita beste ekimen batzuk ere, ikasleei benetako berrikuntza-inguruneetara hurbiltzen eta lan-merkatuan sartzen laguntzeko.
Aliantzaren bidez, zibersegurtasunaren arloko gaitasun aurreratuen garapenarekin duten konpromisoa indartzen dute Mondragon Unibertsitateak eta Orbik Cybersecurityk; izan ere, zibersegurtasuna gero eta garrantzitsuagoa da lehiakortasunerako, erresilientziarako, eta gizartearen, pertsonen eta enpresen eraldaketa digitalerako.
Aliantzaren bidez, zibersegurtasunaren arloko gaitasun aurreratuen garapenarekin duten konpromisoa indartzen dute Mondragon Unibertsitateak eta Orbik Cybersecurityk; izan ere, zibersegurtasuna gero eta garrantzitsuagoa da lehiakortasunerako, erresilientziarako, eta gizartearen, pertsonen eta enpresen eraldaketa digitalerako.