“Gure esperientziari musika eta letra jarriz, buruari bihotza eta arima gehitu diogu”

Javier Goienetxea

“Gure esperientziari musika eta letra jarriz, buruari bihotza eta arima gehitu diogu”

MONDRAGON Kongresuko lehendakaria den Javier Goienetxearengana jo dugu, Humanity at Music herriz-herri jarraitu, Buesa Arenako ikuskizun erraldoia bizi ondoren eta milaka pertsonekin esperientzia kooperatibo kulturala partekatu eta gero, bere sentsazioak ezagutzeko.
2020/09/17
  • Zer sentitzen duzu irailaren 14a gogoratzean?

Poz handia. Oso egun dotorea pasa genuen. Ikuskizun zoragarri batekin gozatu eta lagunekin partekatzeko momentuak bizi genituen. Hilabete askotako lanen fruitu zoragarria, lan on eta sakon baten emaitza. Gogoratzen ditut bereziki pertsonalki bizitako pausoak, Arrasateko estreinua, Lekeitio Ibilaldia, Arantzazuko entseiua … Poza eta baita harrotasun apal puntu bat ere.

  • Nola deskribatuko zenuke proiektu hau? zer nabarmenduko zenuke?

Pertsonen parte-hartzea. Kooperatibistak, herritarrak, musikariak, bertsolariak, dantzariak, idazleak, … milaka pertsona aritu zen lanean proiektuan eta hori oso bitxia eta aberatsa izan zen denontzat.

  • Zein da Sinfonia Kooperatiboaren ekarpena MONDRAGON korporazioan eta hau osatzen duten pertsonentzat?

Niretzako, lan eta bizipen orokor bat sortu zela. Nahi izan zuten guztiek parte hartzeko aukera izan zuten eta MONDRAGONeko atal ezberdin guztiak ordezkatuta izan ziren. Hau ez da kooperatiba edo talde batena, denona izan da, da eta izango da. Kide izatearen sentimendua aberastu dela uste dut.

  • Kultura eta kooperatibismoa. Zertarako uztartu?

MONDRAGONeko Misioan jasota daukagu sozialki eragile aktiboa garela. Gizartearekin konpromiso estuak izan nahi ditugu, eta euskal kulturako esparru desberdin ugari abian jarri du Humanity at Music lanak. Gure esperientziari musika eta letra jarriz, buruari bihotza eta arima gehitu diogu.

  • Omenaldia. Norbait omendu nahiko zenuke bereziki?

Orokorrean, MONDRAGONen parte izan diren eta garen pertsona guztiei, bakoitza bere ekarpenarekin. Eta bereziki sinfonian parte hartu dutenei, artistei, eta baita anonimotasunean lan jardun dutenei ere, eurek izan direlako istorio honen protagonistak.

  • Etorkizuna. Hanka bat lurrean, beste bat airean?

Agian, hobe biak lurrean izatea eguneroko bizian eta lanean, baina noizbehinka bi hankekin jauzi egitea komeni da, hurrunago dagoena ikusteko. Gaurko arazoei aurre egin behar zaie, baina baita etorkizuneko erronkak aurreikusi. Ustiapenean ez ezik, esplorazioan ere jardutea derrigorrezkoa zaigu iraunkorrak eta jasangarriak izateko.