Txileko hainbat ikaslek karrera amaierako proiektua Lea Artibai Ikastetxean egin dute

Txileko Teodoro Wickel unibertsitateko 20 ikasle egon dira Lea Artibai Ikastetxean karrera amaierako proiektua egiten. Programa hau Ikastetxeak Txileko unibertsitateekin duen harreman estuaren bitartez eta inguruko enpresa eta erakundeen laguntzari esker gauzatu ahal izan da.
Card image cap
2024/03/21

Lea Artibai Ikastetxeak Txileko Teodoro Wickel unibertsitateko ikasleak hartu ditu urteko lehen hiruhileko honetan, unibertsitateak berak eskaintzen duen "Desarrollo de un proyecto empresarial-Pasantías Internacionales para estudiantes de formación técnica del CFT Teodoro Wickel" beka-programari esker. Ez da Ikastetxeak Txileko ikasleak hartzen dituen lehen aldia, izan ere harreman estua du herrialde horretako unibertsitateekin 2015etik. Orain arte, Eusko Jaurlaritzak bultzatutako Tknika zentroaren bidez etorri izan dira, baina aurten Teodoro Wickel unibertsitateak eta Lea Artibai Ikastetxeak sinatutako akordioari esker etorri dira Markina-Xemeingo zentrora.

Horrela, 20 ikasle txiletar egon dira Ikastetxeko ikasleen egoitzan, urtarrilaren 12tik martxoaren 22ra arte, eta aldi horretan beraien karrera amaierako proiektua garatu ahal izan dute, hori baitzen beka-programaren helburua. Teodoro Wickel unibertsitateak karrera-amaierako proiektua atzerrian egiteko aukera ematen die prestakuntza teknikoko ikasleei, lan-munduan baliagarriak zaizkien ezagutzak eta esperientziak eskura ditzaten. Lea Artibai Ikastetxean helburu hori lortzeko beharrezkoak dituzten baliabide guztiak eman dizkiete.

350 orduko formakuntza jaso dute beraien proiektuak garatzen laguntzeko ezagutzak eskuratze aldera

Hasteko, 350 orduko formakuntza jaso dute beraien proiektuak garatzen laguntzeko ezagutzak eskuratze aldera. Denbora horretan modulu hauek landu dituzte: Berrikuntza-tailerra; Zaintza teknologikoko tailerra; Bideragarritasun-plana; Enpresaren irudia, branding; Coaching, zeharkako trebetasunak; eta Tutoretza pertsonalizatua. Horrez gain, Ikastetxeak inguruko enpresekin eta erakundeekin duen harreman estuari esker, horietako batzuk bisitatu ahal izan dituzte, beraien proiektuak garatzeko ezagutza eta praktika erabilgarriak eskuratuz. Mendaroko ospitalea, Gautena (Gipuzkoako Autismo Elkartea), Erabil eta Leartiker zentro teknologikoa ezagutu dituzte besteak beste. Azken horretan, prototipoak eta hainbat analisi mota egiten ere lagundu diete.

Gainera, ibilbide guzti horretan, Ikastetxeko bi tutoreren laguntza eta aholkularitza izan dute ikasleek, eta proiektuaren araberako tutoretza pertsonalizatuak eta enpresekin harremanak lotzea ahalbidetu dizkiete.

Bi hilabete eta erdi hauetan hauek dira txiletar gazteek garatu dituzten proiektuak:

  • Airlux: finkatzaile endotrakeala (intubatzeko hodiaren finkatzailea).
  • Domi-Alert: telelaguntzako botoia.
  • Amaia App: emakumea ahalduntzeko aplikazioa.
  • Dungü: birziklatutako arkatzak.
  • Emoti: emozioak kudeatzen laguntzeko aplikazioa, gazteen bazterketa saihesteko.
  • Drake ladrillos: kautxu birziklatuzko adreiluak.
  • Labriego: nekazaritzako jaka bereziak.
  • Pedal parking: bizikletentzako aparkalekuen aplikazioa.
  • Küme Mogen: landa-auzoetako adinekoekin eta/edo gaixoekin konektatzeko osasun-aplikazioa.
  • EOXI: osasun-arloko profesionalentzako oxigenoterapiako prestakuntza.
  • TEA kids: haur autistei emozioak adierazten laguntzeko panpinak.
  • Umebide: haurrentzako aplikazio interaktiboa.
  • Zubide: familiarteko komunikazioa hobetzeko aplikazioa.

Nazioarteko harremanak eraikitzen

Lea Artibai Ikastetxeak hainbat nazioarteko programatan parte hartzen du bere hezkuntza aurreratua, instalazioak eta enpresekin duen harreman estuari esker. Horietako batzuk Capacitación sin fronteras, México; Técnicos para Chile; Programa Ulyses; eta TEP Technology Entrepreneurship Program dira. Hori dela eta, azken urteetan ikasle mexikarrak, txiletarrak eta txinatarrak egon dira Ikastetxean prestakuntza tekniko espezializatuak egiten.

Aurtengo kasuan, aldiz, unibertsitate pribatu batek eskainitako programa bati esker lortu da ikasle horiek Lea Artibai Ikastetxean hartzea. 2023ko urrian Txileko Teodoro Wickel unibertsitateko hiru ordezkari egon ziren Ikastetxean: Marcelo Núñez, unibertsitateko errektorea; Mariela Aniñir, Fortalece Pyme programaren exekutibo teknikoa; eta Manuel Hidalgo Fortalece Pyme programaren zuzendaria. Ikastetxeko instalazioak eta zerbitzuak ezagutu ondoren, akordioa sinatu zuten beraien ikasleek Lea Artibai Ikastetxean karrera amaierako proiektua garatzeko.

Irakaskuntza teknikoa