SPRIk enpresentzako zenbait laguntza-programarekin hasi du 2026a

Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak, SPRI Taldearen bitartez, aurtengo lehen laguntza-deialdiak ireki ditu.
Card image cap
2026/01/19

Euskadi 2030 Industria Planaren helburua lehiakortasuna indartzea, I+G+b sustatzea eta enpresen hazkundea babestea da. Une honetan, jarduera desberdinetara bideratutako bost programa aktibo daude.


Hazitek: I+G enpresariala

Ikerketa industrialari eta garapen esperimentalari laguntzeko erreferentziazko programa da. Itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak eskaintzen ditu proiektu lehiakorretarako (produktu berrien garapena) zein estrategikoetarako (potentzial eraldatzaile handia duten lankidetza-proiektuak). Deialdia zabalik dago eta eskaerak aurkezteko epea 2026ko otsailaren 27an amaituko da.

Dibertsifika 2026: hazkundea eta inbertsioa

Inbertsio produktiborako laguntza eskaintzen du (makinak, instalazioak, teknologia) negozio-lerro berriak ireki edo jarduera dibertsifikatu nahi duten enpresentzat. Gutxienez 200.000 euroko inbertsioa behar da enpresa txiki eta ertainentzat, eta 1,5 milioi eurokoa enpresa handientzat.

Gaur egun, aurre-baldintza irekian dago. Horrek aukera ematen die enpresei inbertsioak berehala hasteko, behin betiko ebazpenaren zain egon gabe, gastua diruz laguntzeko modukoa dela ziurtatuz.

Elkartek eta Azpitek: lankidetza eta azpiegitura

Elkartek programak Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko (ZTBES) erakundeek elkarlanean egindako ikerketa finantzatzen du.

Azpitek, bestalde, ekipamendu zientifiko-teknikoa eta ikerketa-azpiegiturak erosteko eta eguneratzeko laguntzak eskaintzen ditu.

Bi programa horietarako, eskabideak aurkezteko epea 2026ko martxoaren 27an amaituko da.

Datuaren heldutasunaren diagnostikoa

Aholkularitza-zerbitzu espezializatuak kontratatzeko dirulaguntzak eskaintzen ditu, erakundearen datuen egungo egoeraren diagnostikoa egiteko. Helburua da identifikatzea zer datu sortzen diren, nola biltegiratzen diren eta zer potentzial duten negozioa hobetzeko. Aholkularitza-gastuen % 80 arte estaltzen du (12.000 €gehienez).

Informazio gehiago: Eskaera guztiak telematikoki kudeatzen dira SPRI Taldearen laguntza-plataformaren bidez.