Soralucek 9 milioi euro inbertitu ditu Bergaran ekoizpen lantegi berri bat egiteko

Inbertsio hau da Danobatgroupek, industriaren erronkei erantzun ahal izateko, ekoizpen inguruneen eraikuntza bultzatzearen alde egindako apustuetako bat. Instalazioa neurri eta potentzia handiko makinen gama berri bat fabrikatzera zuzenduta dago, tamaina handiko piezen mekanizaziorako.
Card image cap
2019/03/21

SORALUCE makina-erreminten euskal enpresak 9 milioi euroko inbertsioa egin du Gipuzkoako Bergarako herrian ekoizpen lantegi berri bat eraikitzeko. Instalazioa neurri eta potentzia handiko makinen gama berri bat fabrikatzera zuzenduta dago, tamaina handiko piezen mekanizaziorako.

Portal Factory da lantegiaren izena, eta 4.900 m2-ko azalera erabilgarria dauka, 17 metroko altuera eta 80 tonara arteko garabi ahalmena. Neurri horiekin enpresa gipuzkoarrak makina handiak fabrikatu ahal izango ditu portiko erako arkitekturarekin.

“Gure fabrikazio zentrorik osotuena eta aurreratuena da Portal Factory. Inbertsio hau aurrerapauso handia da portiko erako makinen gama berrien garapenean, zeinarekin industriaren sektorean neurri handiko piezen mekanizaziorako gero eta handiagoa den eskaerari puntako teknologiarekin erantzun nahi diogun”, ziurtatu du SORALUCEko zuzendari nagusi Rafael Idigorasek.

18-3-19_2634

Instalazio berriekin, mahai mugikorreko zubi erako fresatzeko makinak, gantry fresatzeko makinak eta zeharraga finko eta mugikordun makinak garatu ahal izango dira. Euskal enpresari neurri handiko piezen mekanizazioaren alorrean eta funtzio askoko makinen eremuan aurrera egitea ahalbidetuko dioten ikerketa proiektuak garatzeko ere erabiliko dira, izan ere, arlo horiek estrategikoak dira Soralucerentzat, fresaketa, torneaketa eta artezketako teknologiak ekipo bakarrean txertatzen dituzten soluzioak garatzen baititu arlo horietarako.

“Fresaketa eta torneaketako teknologietan liderrak izateak ahalbidetu digu gure bezeroen efizientzia eta produktibitatea areagotzera bideratutako mekanizazio soluzioen hornitzaile integral bihurtzea. Portal Factory berriak eskatzen du norabide horretan aurrera egiten jarraitzea, eta funtsezko mugarria da gure Plan Estrategikoan, zeinak gure produktuen gamaren hedapena, bereizkuntza teknologikoa eta nazioarteko merkatuetako finkapena baititu helburu nagusi”, gehitu du Idigorasek.

Lantegi berri honen irekiera, zeina jada martxan baitago, DANOBATGROUPek, Bergarako fabrikatzailea kide deneko industria taldeak, ekoizpen instalazioetan berrikuntza eta inbertsio etengabeak egitearen aldeko apustuaren barruan sartzen da, industriako fabrikazioaren erronkei erantzuna emango dieten teknologiak garatu ahal izateko.

Urtean fakturazio bateratuaren %8 I+G+B alorreko proiektuetan inbertituta, Danobatgroup balio erantsi handiko fabrikazio soluzioen sorreran espezializatuta dago, sektore estrategikoei begira, hala nola aeronautikaren, energiaren sorreraren, ekipo ondasunen edo trenaren sektoreei.

Hiru egun Soraluceren dimentsio teknologikoa ezagutzeko

Bere instalazio berriak eta I+Gren alde egiten duena ezagutarazteko, gaur hasi eta martxoaren 22ra arte SORALUCE SUMMIT 2019 ekitaldia antolatu du enpresak, Portal Factoryn, sektoreko profesionalen eta konpainien arteko ezagutzen trukerako leku gisa. 

Jardunaldietara bertaratzen direnek euskal fabrikatzailearen portiko erako makinen abantaila teknologikoak egiaztatu ahal izango dituzte mekanizazio baldintza errealetan, fresaketan, artezketan eta torneaketa bertikalean aditu diren enpresako pertsonek gidatutako erakusketa praktikoen bitartez.

Ekitaldiari esker bibrazioak ezabatzeko enpresak berak garatutako DAS+ (Dynamics Active Stabiliser) eta DWS (Dynamics Workpiece Stabiliser) moteltze aktiboko soluzioak ere ezagutu ahal izango dituzte.. Sistema horiekin makinek txirbil harroketarako duten gaitasuna handitu eta produktibitatea %300 areagotzea lortzen da, bai eta pieza bolumen osoan ebaketa ahalmena %100 handitzea ere.

Ekitaldian, halaber, Smart HMI interfaze adimendun berria aurkeztuko da. Lan ingurune ergonomiko eta intuitiboa da, eta ekipoen erabilera errazten du, eragiketa denborak laburtzen eta aplikazio berriak sartzea ahalbidetzen.

3D VSET neurketa sistema da ekitaldian ikusi ahal izango den Soraluceren beste garapen bat. Pieza landugabeak lerrokatzeko prozesuaren iraupena murrizten eta neurketa eta ahokatze faseak azkar eta seguru gauzatzen uzten duen soluzioa da.

Soraluceri buruz

Fresaketa, mandrinaketa eta torneaketako teknologietan munduko liderra izanik, Soraluce makina-erreminten fabrikatzaileak ingeniaritzako soluzio berritzaileak eta aitzindariak garatzen ditu, industriako fabrikazioaren sektorean estandar bihurtu diren soluzioak.

Enpresak bost ekoizpen planta dauzka Euskal Herrian, eta, horrez gain, Bikaintasun Zentro bat ere badu Alemanian (Bimatec Soraluce).

Enpresa Danobatgroupeko kidea da, zeina MONDRAGON Korporazioko makina-erremintaren dibisioko kidea baita, hau da, Europako enpresa talderik nabarmenetako baten kidea, 1.300 langileri ematen die lana eta urtero bere fakturazioaren %8 bideratzen du I+G+B alorrera.

Danobatgroup

Danobatgroup makina-erreminten fabrikazioan liderra da, Euskadin, eta soluzio teknologikoki aurreratuak eta punta-puntako zerbitzuak garatzen ditu industriako fabrikaziorako. Taldeak 60 urte baino gehiagoko esperientzia dauka doitasun handiko ekipoak garatzen eta industriako prozesurik zorrotzenetarako teknologiak ikertzen eta aplikatzen.

Makina erreminta

MONDRAGON taldeko makina-erreminta dibisioa