Nafarroako kooperatibak eta Irulegi, eskuz esku

Nafarroako Kooperatiben Euskara Batzordeak urteak daramatza euskara sustatzen lan munduan. Ausolan, Tafalla Iron Foundry (Fagor Ederlan Tafalla lehenago), Laboral Kutxa, Mapsa eta Embegak hartzen dute parte batzordean gaur egun, eta, hamabost urte baino gehiagoko elkarlan honek aurten Irulegira eraman ditu langileak eta beren ingurukoak.
Card image cap
2023/10/27

Irailean egon ziren, Aranzadiko adituek gidatuta, dagoeneko arras ezaguna egin den Aranguren bailarako (Nafarroa) muinoan. Aurrez, bigarren urtez abian jarritako galdera-erantzunen lehiaketan (Bixi-bixi) Irulegiko eskua izan zen gai nagusia. Aurreikuspen baikor guztiak gaindituz hala ere, bisita gidatuak arrakasta nabarmena izan zuen kooperatiba hauetako ia ehun lagun elkartu baizituen.

Nafarroako kooperatibetan, dudarik gabe, Irulegiko bisitak bulkada nabaria eman digu euskararen aldeko lanean segitzeko

Irulegiko eskuak badu motibazio indar berezia. Izena emateko aukera irteera baino hiru hilabete lehenago eman zen, eta, arazoa – adituen azalpenak entzuteko zailtasunak egon zitezkeelako- gehiegizko arrakasta izan zen. Ez da ohikoa, inolaz ere. Ezin izan zuten, hitzordua gerturatu ahala, bigarren aldiz iragarpenik egin, esan bezala, jende gehiegi zegoelako dagoeneko. Aranzadiko kideek gehienez berrogei pertsonako taldeak hartzen dituzte. Bikoitza baino gehiagok eman zuen izena.

Irulegiko eskuaren indarra zertan den jakiteko bertaratutako bakoitzari galdetzea litzateke onena akaso, baina badago susmoa norbere jatorriarekin, gerturatutako bakoitzak - euskaraz jakin ala ez- euskararekin duen sakoneko loturarekin duela harremana. Taldeko sentitzearekin eta horren gertuko sentimendu eta emozioekin izan dezake lotura. Kontuak kontu, "euskarara gerturatzen gaitu, euskara eta Nafarroa batzen ditu, eta, ilusioa sortzen digu".

Gurean hala etorri dira oraingoan: kooperatibak, euskara eta eskua, eskuz esku

Azpimarragarria da Aranzadiko Juantxo Agirrek eta Mattin Aiestaranek eskuzabal eskainitako azalpen guztiak. Argi eta interesgarri, entzuleon ezagutza txikira egokituz beren jakinduria guztia. "Oso argigarria eta interesgarria izan zen eta Aranzadiren lan eskerga txalotu nahi genuke artikulu honetan ere, mendixkan egin genuen moduan".

Euskara planak lan munduan sarri kudeatu, gestio plan, adierazle, neurketa… eta antzeko hitzekin uztartuta ezagutzen ditugu. Aspalditik dakigu baina, abiatzeko, ekiteko nahiz aurrera egiteko barne indar baten beharra dagoela edozertarako, eta, Nafarroako kooperatibetan, dudarik gabe, Irulegiko bisitak bulkada nabaria eman digu euskararen aldeko lanean segitzeko. Gurean hala etorri dira oraingoan: kooperatibak, euskara eta eskua, eskuz esku.

 

 

 

Kolektibitateentzako sukaldaritza eta garbiketa zerbitzuak

Dekoraziorako osagai metalikoak

Banketxea

Aluminiozko hagunen fabrikazioa

Burdin galdategia, Automobil eta Ibilgailuetako osagaien fabrikazioan diharduena.