Mikel Álvarez izendatu dute Mondragon Unibertsitateko lehendakari berri

Mondragon Unibertsitateko Kontseilu Errektoreak aho batez babestu du haren izendapena. Mondragon Korporazioaren Sustapen Zentroko Negozioaren Garapen eta Harreman Instituzionaletarako gaur egungo zuzendariak 2019. urtera arte jarraituko du karguan.
Card image cap
2017/07/10

Mondragon Unibertsitatearen Kontseilu Errektoreak Mikel Álvarez izendatu du Mondragon Unibertsitateko lehendakari berri, orain arte Unibertsitateko lehendakaria izan den Iñigo Ucín jaunaren ordez. Mondragon Unibertsitateko Kontseilu Errektoreak aho batez babestu du haren izendapena. Mikel Álvarez jaunak, Mondragon Korporazioaren Sustapen Zentroko Negozioaren Garapen eta Harreman Instituzionaletarako gaur egungo zuzendariak, 2019. urtera arte jarraituko du karguan.

Curriculuma

Mikel Álvarezen (Zumaia, 1955) karrera akademikoa (eta profesionala) medikuntzarekin zuzenean lotuta dago. Mikel Álvarez Medikuntzan eta Kirurgian lizentziaduna da, Mikrobiologian eta Parasitologian mediku espezialista, eta Basurtuko Ospitaleko Mikrobiologia Zerbitzuko mediku ondokoa izan da. 1993 eta 1998. urteen artean, Basurtuko Ospitaleko zuzendariorde mediko izendatu zuten eta, urte batzuk beranduago, ospitale bereko zuzendari mediko (1999-2002) eta zuzendari kudeatzaile (2002-2005) karguak bete zituen. Urte batzuk geroago, Gurutzetako Ospitaleko zuzendari kudeatzaile izendatu zuten, eta kargu hori bete zuen 2005etik 2009ra.

Gero, enpresa pribatura jauzia eman zuen kooperatiben eskutik, eta 2009an Mondragon Health-eko zuzendari nagusi izendatu zuten, 2015era arte. Urte horretan bertan, Bilboko Udaleko Garapen Ekonomiko eta Gobernu Onaren zinegotzi izendatu zuten, 2017. urtera arte bete zuen eginkizuna.

2017ko apirilean, Mikel Álvarez Mondragon Korporaziora itzuli zen, eta Mondragon Korporazioaren Sustapen Zentroko Negozioaren Garapen eta Harreman Instituzionaletarako zuzendari gisa jardun du gaur egunera arte.

Mikel Álvarezen karrera profesionala hertsiki lotuta dago unibertsitateko irakaskuntzarekin: irakasle elkartua izan da Euskal Herriko Unibertsitateko Farmazia Fakultatean, EHUko Medikuntza Fakultateko Immunologia sailean, eta EHUko Medikuntza Fakultateko Prebentzio Medikuntzako eta Osasun Publikoko sailean; horrez gain, irakasle kolaboratzailea izan da Kataluniako Oberta Unibertsitatean. Gainera, Mikel Álvarez Euskalitek egiaztatutako EFQM ereduaren ebaluatzailea izan da.

Irakaskuntza unibertsitate zentroa