Merkatuko erronka berrietara egokitzeko gaitasuna azpimarratu du Fagorrek Batzar Nagusian

Ohiko Batzar Nagusia egin du Fagor Taldeak. 2024. urteko emaitzak eta ekimenak azaltzera mugatu barik, aurrera begirako erronketan jarri du mira kooperatiba taldeak, eta, besteren artean, bide beretik jarraitzeko konpromisoa berretsi du.
Card image cap
2025/06/02

Ohiko Batzar Nagusia egin du Fagor Taldeak Arrasateko (Gipuzkoa) Garaia Parke Teknologikoan. 2024. urteko emaitzak eta ekimenak azaltzera mugatu barik, aurrera begirako erronketan jarri du mira kooperatiba taldeak, eta, besteren artean, bide beretik jarraitzeko konpromisoa berretsi du. "Azken urteetako gorabeheretara egokitzen jakin izan du Fagorrek. Testuinguru geopolitikoak hankaz gora jarri ditu merkatuak, eta teknologiaren berritze abiadurak exijentzia handiko erronkak dakartza. Kooperatibek, oro har, testuinguru berrietara egokitzen jakin izan dute. Horri esker, 2024an ere, salmentei eta emaitzei eutsi zien Fagorrek", azaldu du Joxean Alustiza Usandizaga Fagor Taldeko lehendakariak. Zehatz esanda, 76 milioi euroko irabazi kontsolidatuak izan zituen, eta ia 3 milioi euro banatu zituen gizarte ekinbideen artean.

Fagorrek marka enplegatzaile bezala duen posizioa ere azpimarratu dute Batzar Nagusian. Izan ere, Euskal Herriko kooperatiba talde industrial handiena da, eta hazten jarraitzen du: 414 bazkide berri egin zituen 2024an, 4.350 bazkide baino gehiago izateraino. Horri lotuta, lehendakariak balioan jarri du Fagorrek Debagoienean eta, oro har, Euskal Herrian lana sortzeko duen konpromisoa.

"Kooperatibek, oro har, testuinguru berrietara egokitzen jakin izan dute. Horri esker, 2024an ere, salmentei eta emaitzei eutsi zien Fagorrek"

Konpromiso hori berretsi eta inbertsio garrantzitsuak eginda, euren lantegi nagusiak handitzen dihardute Taldeko Fagor Arrasate eta Onnera Group kooperatibek, Arrasaten (Gipuzkoa) eta Oñatin (Gipuzkoa), hurrenez hurren.

Birkokapenerako konpromisoa
Fagor Etxetresnen bazkide ohien kontsolidazio prozesuaz jardun du Alustizak. 2013. urtetik, 454 bazkide ohi daude birkokatuta behin betiko. “Horrek erakusten du, zailtasunak zailtasun, Fagor Etxetresnen bazkide ohiei behin betiko irtenbidea emateko konpromisoa dagoela. Finean, kooperatiben konpromisoa ezinbestekoa da birkokatuek egonkortasuna eta segurtasuna berreskura dezaten. Kontsolidazio gehiago izango dira datozen urteetan”, azpimarratu du Alustizak.

Markaren indartzea
Azken urteetako joerari jarraiki, zabaltzen jarraitzen du Fagor markak, eta, 2024an, Sareteknikarekin sinaturiko marka erabilerarako akordioari esker, etxeetako galdara, aerotermia eta airea giroztatzeko gailuetara heldu zen, Fagor Comfort Solutions izenarekin. Hori horrela, gaur-gaurkoz, Taldeko zortzi kooperatiben ohiko sektore eta merkatuetatik harago, etxetresnen, etxetresna txikien, sukaldeko tresnen eta konfortaren merkatuetan da Fagor marka.

Gizarte konpromisoa
2024an, ia 3 milioi euroko ekarpena egin zien hainbat gizarte proiekturi Fagor Taldeak; Debagoiena bailaran gelditu zen ekarpenaren zati handiena, 1,7 milioi euro, alegia. Horrekin, besteak beste, Debagoiena 2030 iraunkortasun sarea eta hartatik sorturiko proiektuak sostengatzen jarraitu zuen, 745.000 euroko ekarpena eginda, besteak beste, Debagoieneko energia komunitate desberdinak, eskualde mailako tokiko elikadura proiektua eta Arrasateko Plaza Bizi mugikortasun egitasmoa.

Gainera, 2024an ere, energia berriztagarrien eta energia efizientziaren aldeko neurriekin jarraitu zuen Fagorrek. Tartean, 175 kilowatteko autokontsumo fotovoltaikoko instalazio berri bat egin zuen Fagor Arrasatek Markinan (Bizkaia) duen lantegian. Halako neurriei esker, Taldeko kooperatibetako Euskal Herriko lantegietan erabilitako energiaren %74 jatorri berriztagarrikoa izan zen, eta erabilitako lehengaien %76, jatorri birziklatukoa. Gisako neurriei esker, karbono aztarna murrizten jarraitu du Fagorrek; azken hiru urteetan, erdira jaitsi du CO2 isuria.

‘Bikain’ ziurtagiria
Iaz, alor sozioekonomikoan euskararen normalizazioa bultzatzen jarraitu zuen Fagorrek, 715.000 euro kooperatibetako euskara planetara bideratuta. Konpromiso eta lan horrek bere fruituak izan zituen: euskararen presentzian, erabileran eta kudeaketan erakutsiriko normalizazio maila aitortzen duen goi-mailako Bikain ziurtagiria lortu zuten Fagor Arrasate, Fagor Automation, Fagor Electronica, Copreci eta Mondragon Assembly kooperatibek eta Koniker ikerketa zentroak. Horri esker, Taldeko kooperatiba guztiek dute goi-mailako Bikain ziurtagiria –Fagor Ederlanek eta Onnera Groupek 2023an lortu zuten-.

Zortzi kooperatibek osatzen dugu Fagor Taldea