"Kooperatibismoaren sustraiak ikusgai Legazpiko Fabrikan"

Lenbur Fundazioak antolatuta, euskal kooperatibismoaren sortzaile izan zen Jose Maria Arizmendiarretari buruzko erakusketa dago ikusgai museo horretan, azaroaren 1era arte.
Card image cap
2026/10/20

Euskal Herriko industrializazioaren bilakaera azaltzen duen Fabrika museoak (Legazpi, Gipuzkoa) kooperatibismoari ere lekua egin dio. Joan den ostiraletik eta azaroaren 1era arte, Jose Maria Arizmendiarreta, euskal kooperatibismoaren hastapenak izenburuko erakusketa dago ikusgai bertan, Lenbur Fundazioak antolatuta. Arizmendiarretaren heriotzaren 50. urteurrenaren bueltan kokatu daitekeen ekitaldia, Esperientzia Kooperatiboaren alma matera gehiago ezagutzeko eta gogoan izateko.

Erakusketa asteburuetan egongo da zabalik: ostiraletan 18:00etatik 20:00etara; larunbatetan 11:30etik 13:30era eta 18:00etatik 20:00etara; eta igandeetan 11:30etik 13:30era. Sarrera doakoa da.

Espazio berri honen inaugurazio-ekitaldia aurreko ostiralean egin zen. Bertan izan ziren, besteak beste, Lenbur Fundazioko Agurtzane Elustondo eta Olatz Conde, Amaia Aizpurua udal zinegotzia, Jesus Mari Arizmendiarreta Jose Maria Arizmendiarretaren iloba, Ander Etxeberria MONDRAGONeko Hedapen Kooperatiboko zuzendaria, Amaia Agirre eta Joxean Alustiza Fagor Taldetik, eta Javier Sotil, MONDRAGONeko presidente ohia.

IMG_1098.jpg

Ekitaldi xumea baina oso goxoa izan zen. Jesus Mari Arizmendiarretak bere osabaren inguruko hainbat hausnarketa partekatu zituen, besteak beste honako hauek: «Bere ama izan zen bere maistra nagusia»; «Austeritatean bizi zen; ez zeukan ez dirurik ez bestelako ondasunik. Bizikleta bat baino ez zuen, baina, horren ordez, sekulako lanerako gaitasuna eta besteekiko ardura zituen»; eta bere leloa zen: «Aurrera beti!».

Zer ikusi daiteke erakusketa honetan?

Arizmendiarretaren biografiari buruzko hainbat zertzelada, bere argazkiekin osatutako galeria bat, haren pentsamendua eta obra azaltzen dituzten ikus-entzunezko piezak, Fagor Taldeak lagatako hainbat produktu historiko (estufak, sukaldeak, berogailuak...), Orbea markako bizikleta pare bat eta kooperatiba askok historian zehar erabilitako iragarki batzuen kopiak.

Kooperatibismoa gertutik bizi duenak edo gaiarekiko interesa duenak badu bertan ordubetetxo atsegin pasatzeko aukera, lehengo kontuak gogoratuz eta, akaso, gauza berriak deskubrituz.

IMG_1085.JPG

Ordutegia

Ostiraletan 18:00etatik 20:00etara;
Larunbatetan 11:30etik 13:30era eta 18:00etatik 20:00etara; I
Igandeetan 11:30etik 13:30era.

Zer da Fabrika Museoa? 

Legazpiko (Gipuzkoa) paper-fabrika zaharrean dagoen museo-gunea da Fabrika, Lenbur Fundazioak sustatua.

Bidaia bat proposatzen du, Euskal Autonomia Erkidegoko eraldaketa industriala nola gauzatu zen ikusteko. Halaber,  Chillida Lantokirekin partekatzen du paper-fabrika zaharraren konplexua eta Mirandaolako burdinolatik eta Euskal Burdinaren Museotik gertu dago.