Irakurriena
- 1. Arizmendiarrietaren jaiotzaren urteurrena
- 2. Ikerlanek elektronika aurreratuko laborategi aitzindaria inauguratu du Arrasaten
- 3. MONDRAGONek Remolonasen inbertitu du
- 4. Laboral Kutxa, Estatuko bost banku onenen artean
- 5. Maria Jose Rodriguezek Lagun Aro Aseguruen zuzendaritza nagusiaren ardura hartu du
- 6. LagunAroren Batzar Nagusia: 2025 ekitaldi bikaina; 2026 zalantzati hasi da testuinguru ekonomikoan
Jesús Latak jaso du 2026ko asmatzaile onenaren Galbahe Saria
Jardunaldia Galbaianeko zuzendari den Ismael Igartuak egindako aurkezpen labur batekin hasi zen, eta ondoren Jorge Santiagori eman zion hitza. Santiagok, Galbaianek Bilbao AS Fabriken ireki berri duen bulegoko arduradun denak, IPa eta kirolari buruzko aurkezpen bat egin zuen, hori baitzen WIPO erakundeak (World Intellectual Property Office delakoak) aurtengo World IP Day ospatzeko aukeratutako gaia.

Jorge Santiagoren aurkezpenaren ondoren, asmatzaileek berrikuntzan betetzen duten rolaren inguruko hiru hitzaldi inspiratzaile entzuteko aukera izan zuten bertaratutakoek. Hizlariak Beñat Auzmendi, Orbeako Berrikuntza arduraduna, Fernando Burguera, BATZeko Ingeniaritza Aurreratuaren arduraduna, eta Jesús Lata bera izan ziren.

Ekitaldian aurreko urteetako Galbahe saridunen gehiengo zabala ere egon zen. Hiru aurkezpenen ondoren eta aurtengo saria banatu aurretik, aurreko urteetako irabazleek eta hiru hizlariek jardunaldirako aukeratutako gaiaren inguruan hausnartzeko aukera eman zuen mahai-inguru bizi batean hartu zuten parte. Adimen artifizialak asmatzaileak ordezkatuko ote zituen galderaren aurrean, interes handia piztu zuen eztabaida sortu zen.

Azkenik, Jesús Latak Galbahe Saria jaso zuen aurreko irabazleez eta beste hizlariez inguratuta. Ismael Igartuak azaldu zuen Latak hiru arrazoiengatik merezi zuela saria: azken urtean asmatzaile gisa egindako jardueragatik, arlo honetan egindako ibilbide zabalagatik (argitaratutako hogei patente familiatan ageri da asmatzaile gisa), eta batez ere patente agente guztiek lan egin nahi luketen asmatzaile mota delako, egiten dituen ekarpen guztiengatik eta patente eskaerak aurkezteko eta tramitatzeko prozesuan erakusten duen inplikazioagatik.

Galbahe Sariari buruz
Galbaianek Galbahe Saria ematen dio urtero bere irizpideen arabera saria jasotzeko meritu gehien pilatu dituen asmatzaileari. Sari honen bidez, balioan jarri nahi dituzte inguruko asmatzaileak, merezi duten ikusgarritasuna eta aitortza emanez.
Hauek izan dira aurreko urteetako irabazleak:
2025 - Jean-Philippe Aguerre, Mondragon Assemblyko I+G arduraduna
2024 – Jose Ignacio Mujika, Copreciko berrikuntza arduraduna
2023 – Nagore Abrisketa, Vicinay Marine Innovación-eko proiektu arduraduna
2022 – Bitor Mendiguren, Ingeteam-en sortzailea
2021 – Arrate Jaureguibeitia, garai hartan Biolaneko berrikuntza zuzendaria
2020 - Ez zen eman pandemiaren ondorioz
2019 - Manu Colino, I+G-ko ingeniaritzako teknikaria Ulma Construction-en
2018 - Tomás Morlanes, Fagor Automationeko Optika Saileko arduradun teknologikoa
2017 - Eneko Izquierdo, Ulma Packaging-eko Inteligentzia Lehiakorraren arduraduna
2016 - Felix Kerejeta, Copreciko teknologia kudeatzaile seniorra