Irakurriena
- 1. MONDRAGONek etorkizuneko negozioak eta gizarte inpaktua indartzeko estrategia berretsi du aurtengo Kongresuan
- 2. MLAKOOPek 60. urteurrena ospatu du eta etapa berri bati ekin dio etorkizunari begira
- 3. Beste bi urtez EU4Dual Europako proiektuaren lidertzan
- 4. Kreanek eraikiko du Lascaray-LEAren lantegiaren aro berria
- 5. Gutun irekia Arizmendiarrietari
- 6. Fagor Arrasatek HERPASAren ekoizpen-unitatea erosi du, altzairu herdoilgaitzezko deposituen espezialista
Ikerlanen 'Harira' podcast teknologikoaren bigarren denboraldia abian da
Ikerlanek Harira podcast-aren bigarren denboraldia estreinatu du teknologiaren eta industriaren inguruko gaurkotasuneko gaiak ardatz hartuta. Aurten, lehen aldiz, Ikerlanetik kanpoko gonbidatuek ere parte hartuko dute saioetan, ikuspegi eta esperientzia berriak mahai gainera ekarriz. Denboraldi berria Mikel Segura ikerlari eta aurkezleak gidatuko du berriro ere. Hala, adimen artifiziala, robotika kolaboratiboa, emakumeen papera teknologian, industria eremuko talentua edota euskarak berrikuntzan duen lekua bezalako gaiak landuko dira, Ikerlaneko adituen eta sektoreko erreferenteen arteko elkarrizketen bidez.
Hala, adimen artifiziala, robotika kolaboratiboa, emakumeen papera teknologian, industria eremuko talentua edota euskarak berrikuntzan duen lekua bezalako gaiak landuko dira
Lehen atala publikatu da dagoeneko, eta emakumeek teknologian duten presentzia, talentu teknologikoa eta berrikuntzarako beharrezko gaitasunak ditu ardatz. Horretarako, Segurarekin batera Haizea Gaztañaga Ikerlaneko energia biltegiratze eta kudeaketa taldeko arduraduna eta Iraia Monteagudo Innolab Bilbaoko zuzendariak parte hartu dute.
Uztailean, irailean eta urrian hurrengo atalak
Uztailean, Karlos Calleja Ikerlaneko kontrol eta robotika taldeko arduradunak eta Leire Balzategui Robotekineko zuzendariak robotika kolaboratiboaren egoera aztertuko dute, euskal industriaren lehiakortasunaz, segurtasunaz eta pertsonen eta makinen arteko lankidetzaz hausnartuz.
Iraileko atalean, Marco Gonzalez Ikerlan-eko adimen artifiziala eta datuen arloko arduradunak eta Laura Marrón BAICeko zuzendariak adimen artifizialaren erronkak eta aukerak izango dituzte hizpide: euskal industriaren etorkizuna, ETEen sarbidea edo teknologiaren fidagarritasuna, besteak beste.
Harira-ren bigarren denboraldia urrian itxiko da, Xabier Sagartzazu Ikerlaneko energia eta mekatronika unitateko zuzendariaren eta Pilar Kaltzada Enpresabidea-ren sortzailearen arteko solasaldi batekin
Harira-ren bigarren denboraldia urrian itxiko da, Xabier Sagartzazu Ikerlan-eko energia eta mekatronika unitateko zuzendariaren eta Pilar Kaltzada Enpresabidearen sortzailearen arteko solasaldi batekin. Euskarak industrian eta berrikuntzan duen lekua, talentu globala eta tokiko hizkuntzaren arteko uztarketa eta euskararen erabilera arlo ekonomiko eta teknologikoan izango dituzte hizpide.
Mikel Segura gogotsu agertu da erronka berriarekin: “helburua ez da soilik teknologiaz hitz egitea, baizik eta teknologia horren atzean dauden pertsonak, erronkak eta aukerak mahai gainean jartzea. Lehen denboraldian ikusi genuen teknologiaren inguruko elkarrizketa lasai eta sakonetarako interesa bazegoela. Aurten, kanpoko ahotsak gehitzeak aberastu egin du formatua, eta ikuspegi osagarriak ekarri dizkigu”. Atal guztiak Ikerlanen YouTuben eta Spotify kanaletan eskuragarri egongo dira.