“Hurrengo helburu nagusia Frantziako Tourra da”

Usoa Ostolaza Euskal Herriko emakumezkoen txirrindulari nabarmenetako bat da gaur egun. 2021ean hasi zen txirrindularitza profesionalean -triatloitik zetorren-, eta Laboral Kutxa-Euskadi taldeko erreferentzia bihurtu da egun.
Card image cap
2026/08/05

2024an Espainiako Txapelketa irabazi zuen eta Pirinioetako Itzulian bi aldiz nagusitu da (2024an eta 2025ean). Aurten Eibarko Hiria Sari Nagusia irabazi du, 4. postua lortu du Espainiako Itzulian eta podiumera igotzea lortu du Burgos-eko Itzulian (3. postua).

Ze erronka profesional duzu eskuartean?

Maiatzean mundu mailako lasterketa garrantzitsuenetako batzuk jokatu ditut eta oso pozik nago lortutako emaitzekin. Egindako lan gogorra fruituak ematen ari da, bai niretzat eta bai talde osoarentzat; horrek argi uzten du gogor entrenatzeak merezi duela.

Aurrera begira, ekainean hiru lasterketa ditut: Pirinioetako Tourra, Kataluniako Volta eta ekainaren amaieran Espainiako Txapelketa.

Ondoren, uztaileko hilabete osoa izango dut gogor entrenatzeko, hurrengo helburu nagusia abuztuko Frantziako Tourra baita. Uda ondoren, irailean eta urrian ere baditugu lasterketa gehiago. Oso motibatuta gaude; azkenaldiko emaitza onek lanean jarraitzeko indar berezia ematen digute urriaren erdialdean denboraldia amaitu arte jokatuko ditugun lasterketa guztietarako.

Entrenatzeko momentu gogokoena.

Eguerdia, 12:00ak aldera.

Entrenatzeko musika: bai edo ez?

Errepidean dagoen arriskuagatik ez da gomendagarria musika entzutea aurikularrekin. Baina mendate luzeetan edo kotxe gutxi dauden lekuetan gustatzen zait musika entzutea. Hala ere, musika baino askoz gehiago gustatzen zait podcastak entzutea entrenatzeko orduan.

“Oso motibatuta gaude; azkenaldiko emaitza onek lanean jarraitzeko indar berezia ematen digute urriaren erdialdean denboraldia amaitu arte jokatuko ditugun lasterketa guztietarako”

Podcast bat?

Benetan zabiz?

Abesti bat.

Infinitoan (Su ta gar).

Liburu bat.

London Calling (Goio Ramos).

Telesai edo pelikula bat.

Pelikulen artean Interstellar aukeratuko nuke, eta telesailen artean El Sastre.

Txirrindularitzaz gain afizio bat.

Maite ditudanekin naturan denbora pasatzea (itsasoa, mendia…).

Uda ala negua?

Uda.

Eguneko momentua.

Ilunabarra.

Zuretzat egun ideal bat.

Esnatu, lasai gosaldu, nire bikotearekin 4-5 orduko entrenamendu eder bat egin eguraldi onarekin eta pintxo bat jateko gelditu. Arratsaldean, Zarautzera joan eta familia edo lagunekin hondartzan arratsaldea pasa; ilunabarrean, bainu bat hartu eta poke bowl bat afaldu hondartzan bertan. Azkenik, izozki bat jan eta etxera.

Oroitzapen bat.

Familiarekin Cambrilseko kanpinera joaten ginenekoak. Anaiarekin batera pistinan jolasean emandako orduak, konkretuki.

Amets bat.

Familia bat osatzea.

Bizitzarako filosofia.

Oraina bizi, positiboki pentsatu eta zure buruarekiko eta besteekiko leiala izan.