Gabirel Saria jaso du Idoia Urrutibeaskoak: ibilbide osoa eta zientzia euskaraz egiteko konpromisoa aitortu dizkiote

Materialen Zientzia eta Teknologia (MZT) Kongresuaren 2026ko edizioan egin diote aitortza Mondragon Unibertsitateko irakasleari.
Card image cap
Urrutibeaskoa sariarekin. Batzorde zientifikoaren izenean Iñaki Zapirain UPNAko ordezkariak eman zion saria.
2026/07/07

Joan den uztailaren 2an, Materialen Zientzia eta Teknologia Kongresuaren esparruan, Idoia Urrutibeaskoa Irala Mondragon Unibertsitateko irakasle eta ikertzaile ohiak omenaldi hunkigarria eta Gabirel Saria jaso zituen. Batzorde zientifikoaren izenean, Iñaki Zapirain UPNAko ordezkariak eman zion saria, euskara zientifikoa normalizatzeko egin duen lan itzela eskertzeko.

Ibilbide oparoa eta laborategiko pasioa

Urrutibeaskoa abadiñarrak ibilbide luze eta emankorra izan du akademian zein ikerkuntzan. 1992an Nafarroako Unibertsitatean doktorego-tesia defendatu zuen altzairu lasterren sinterizazioari buruz, eta ondoren, urte luzez Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoan aritu da irakasle, Lanbide Heziketatik hasi eta Ingeniaritzako masterretaraino.

Irakaskuntzaz gain, urte askoz Mondragon Unibertsitateko Materialen Zientzietako laborategiko arduraduna izan da. Bere eskutik, dozenaka ikaslek estreinakoz sentitu dute zer den prozesuak optimizatzea, propietate mekanikoak neurtzea eta materialen porrota aztertzea, 2000. urteko lezio inauguralean Urrutibeaskoak esan zuen moduan: "Materialak sakon ezagutzeak amets gehiago betetzea ekarriko digu".

Idoia Urrutibeaskoa

MZT Kongresuaren sorrera: mugarri bat euskarazko zientziarentzat

Urrutibeaskoaren ekarpen handienetako bat 2013ko maiatzean gauzatu zen, CEITeko Joxe Mari Rodriguez-Ibabe ikertzailearekin eta beste lankide batzuekin batera Materialen Zientzia eta Teknologiaren I. Kongresua antolatu zuenean Garaian. Osotasunean euskaraz egin zen lehen kongresu tekniko-zientifikoa izan zen hura.

Ekimen hura ikasleek beren aurkezpenak euskaraz hobeto eta naturalago egiten zituztela ohartzean jaio zen. 20-30 lagun bilduko zirela uste bazuten ere, 53 lan aurkeztu ziren lehen edizio hartan. Gaur egun, kongresuak zazpi edizio daramatza eta euskarazko zientziaren erreferente bilakatu da.

Horrez gain, UZEIrekin elkarlanean hiztegi tekniko bat finkatzeko lan egin zuen, gaur egun sarean eskuragarri dagoen mzt.uzei.eus euskara-ingelesa hiztegia sortuz, etorkizuneko ikertzaileentzat ezinbesteko tresna.

Gabirel Jauregi Saria eta aurreko saridunak

Gabirel Jauregi Saria 2018an sortu zen MZTren laugarren edizioan, irakaskuntza teknikoa euskaraz eskaintzeko baliabideak sortzen eta euskara teknikoa sustatzen nabarmendu diren pertsonak aintzatesteko.

Sariak Aita Gabirel Jauregi karmeldarra (1895-1945) omentzen du, 1935 eta 1936an Fisika eta Kimikari buruz euskaraz idatziriko lehen liburuen (Pisia eta Kimia) egilea izan zena. Bide horri jarraituz, MZT kongresuaren helburuetako bat ere bada termino berriak finkatzea.

Hauek izan dira orain arteko saridunak:

  • 2018: Antxon Santamaria Ibarburu

  • 2021: José Mari Rodríguez Ibabe

  • 2024: Fernando Plazaola Muguruza

  • 2026: Idoia Urrutibeaskoa Irala

Ekitaldiaren amaieran argi utzi zuten MZT kongresuaren antolatzaileek Urrutibeaskoaren aztarna ezinbestekoa izan dela euskarazko zientziaren garapenean: "Jubilatzea ez da amaitzea. Kongresu honek, I. ediziotik hasita, zure DNA dauka, eta zure arrastoa bertan geratuko da luzaroan".

Irakaskuntza unibertsitate zentroa

Ezagutza eta teknologia transferentzian espezializatutako Zentro Teknologikoa, osasuna, elikadura eta garraio jasangarria arloetan.