TUlankide MONDRAGON

Fagor Taldearen batzar telematikoarekin amaitu dira Batzar Orokorrak

2020/07/30

Uztailean zehar Fagor Taldeko zortzi kooperatibek Batzar Orokorrak egin dituzte, pandemiaren eboluzioak ekonomian izan duen inpaktuak baldintzatuta.

Covid-19aren ondorioz maiatzeko ohiko datak uztailera pasata, atzo, uztailak 29, amaitu dira Fagor Taldeko 2020ko Batzar Orokorrak. Hilabete osoan zehar Fagor Taldea osatzen duten zortzi kooperatibek beren prozesuak bete dituzte: hitzaldi informatiboekin hasi, segidan Batzar Orokorrak egin, eta, azkenik, hainbat bozketa burututa.

Egoera berrira egokitu beharragatik, zenbaitek batzarrak telematikoki egin dituzte.

Fagor Taldeko batzarraz gain, Fagor Ederlan eta Fagor Arrasate  kooperatibek ere batzarrak telematikoki egin dituzte, eta etorkizuneko funtzionamenduari begira ikasgai positiboak atera dituzte, bitarteko digitalek demokrazia kooperatiboan sakontzeko eskaintzen dituzten aukerak balioan jarriz. Kooperatiben legeak markatutako baldintza minimoen arabera egin dira batzarrak, eta gai garrantzitsuenak heldu den urterako atzeratu dira.

Fagor-Batzar Orokorra

Batzar Orokorretan, besteak beste, joan den urteko (kasu honetan, 2019a) kontuak onartu dira. Oro har 2019a ona izan zen Fagor Taldearentzat. 2018 urtearekin alderatuta, salmentak % 9,5 igo ziren, 1.586 milioi euro arte. Irabaziak, berriz, aurreko urtearekin alderatuta, 63,72 milioi eurokoak izan ziren, igoera nabarmenarekin.

Enpleguari dagokionez, Fagor Taldeak Euskal Herrian dituen lantegietan 5.322 pertsona aritu ziren lanean. 2019 urteko datu onei esker, beraz, Fagor Taldeko kooperatibak Covid 19-ak eragindako krisi ekonomikoari aurre egiteko baldintza onetan daude.

Urte hasieratik birusari aurre egiten

Aurreikuspen guztiak hankaz gora jarri dituen birusaren aurrean, Fagor Taldeko kooperatiben lehentasuna langileen osasuna bermatzea izan zen. Osasun-erakundeek adierazitako protokolo guztiak aplikatu ziren, eta, oso erritmo baxuan izan bazen ere ,kooperatiba gehienek jardunarekin jarraitu ahal izan zuten.

Era berean, Fagor Taldeko kooperatibak administrazio publikoaren eta osasun agintarien zerbitzura jarri ziren, bakoitzaren ahalmenen eta egoeraren arabera, osasun krisiari aurre egiteko laguntza eskainiz. Besteak beste, Mondragon Assemblyk maskarak ekoizteko makinak egin zituen, Fagor Electrónikak arnasgailuen ekoizpenean parte hartu zuen, eta Fagor Healthcarek osasun langileak babesteko EPIak egin zituen. Fagor Industrialek ere badihardu maskarak ekoizteko zereginean.

Eskaerak izandako jaitsiera bortitzari aurre egiteko, zenbait neurri hartu behar izan ziren: egitura gastuak murriztea, lan-aurrerakinak jaistea, Aste Santuko oporrak aurreratzea, beheranzko egutegi mugikorrak aplikatzea, besteen konturako langileei ABEEak ezartzea, etab.

Fagor-Batzar Orokorra

Zuhurtzia etorkizun hurbilari begira

Maiatzetik aurrera susperraldi ekonomiko txiki bat egon den arren, jarduera-mailak oso urrun jarraitzen du iaztik eta 2020rako aurreikusitako mailetatik. Fagor Taldearen helburua 2020. urtea zenbaki positiboekin amaitzea bada ere, zalantza handiak daude irailetik abendura bitartean gerta daitekeenari buruz.

Joxean Alustiza Fagor Taldeko lehendakariak, itsasoko metafora bat erabiliz, esan duenez, “etorkizun hurbilean, ekaitz gogor baten erdian, bi helburu argi daude: ontzia ur gainean mantentzea eta bidean marinelak ez galtzeko neurriak hartzea.

Kooperatiben ereduak behin baino gehiagotan frogatu du erresilientzia gaitasun handia duela egoera zail eta korapilatsuak gainditzeko. Testuinguru zail honetan, Fagor Taldearen lankidetza- eta elkartasun-mekanismoak oso erabilgarriak izango dira berriro krisia gainditzeko, elkarri lagunduz”.

Eguraldia
Osteguna 24 Min: 10
Max: 22
Ostirala 25 Min: 8
Max: 15
Larunbata 26 Min: 9
Max: 17
Bideoak


+ Bideo gehiago

Papereko edizioa
Jarraitu twitterren
LagunAro

Iradokizunak

iradokizunak