Fagor Ederlanek indartuta amaitu du 2025 eta %8ko hazkundea espero du 2026rako

Fagor Ederlan talde kooperatiboak posizio sendoago batekin bukatu du 2025. urtea, eta %8 hazteko aurreikuspenarekin heldu dio 2026ari. 2025aren hasieran mundu mailan testuinguru ziurgabea bazegoen ere, ekitaldia posizio sendo batean bukatzera eroan duten “urrats esanguratsuak” egin ditu.
Card image cap
2026/03/16

Zenbait proiekturen artean, elkarlana hasi du Duoli Technologyrekin, Txinan hazteko helburuarekin. Gainera, horri esker, Lieder Automotive sortu dute bi enpresek, eta horrek ahalbidetu du Borjako (Zaragoza) lantegia berrirekitzea eta egiturazko osagaietan Fagor Ederlanen presentzia industriala indartzea.

Gaur-gaurkoz kooperatibaren salmenten %97 automozioaren sektoreari loturikoa bada ere, Fagor Ederlanek urrats berriak egin ditu dibertsifikazio proiektu estrategikoetan

Gaur-gaurkoz kooperatibaren salmenten %97 automozioaren sektoreari loturikoa bada ere, Fagor Ederlanek urrats berriak egin ditu dibertsifikazio proiektu estrategikoetan. Horren adibide dira mugikortasun elektrikoari begirako goi-tentsioko bateria sistemen garapenean zein ekoizpenean diharduen Fagor Ederbatt eta ekonomia zirkularra bultzatzeko eta Iparramerikako presentzia indartzeko sorturiko Fagor Regen Aluminum.

Sektorearen eraldaketa

Ostera, automozioaren sektorearen eraldaketa kooperatibaren jarduerarentzako mehatxua ez bada ere -diskoak, portamangetak, transmisioak eta egiturazko bestelako elementuak izaten jarraitzen dute auto hibrido edo elektrikoek-, Fagor Ederlanek urteak daramatza bestelako tamaina, material eta prozesuetarako eraldaketari aurrea hartzeko lanean, nagusiki, Edertek berrikuntza zentroaren bidez.

Eraldaketa horren adibide da gaur-gaurkoz Arrasateko (Gipuzkoa) Uribarri eta Markuleteko lantegietan ekoitzi ohi diren diskoen negozioa. Horietan bigarrenak, berriena denak, tamaina handiko moldatzaileak eskaintzen ditu. Horiek egokiak dira gero eta handiagoak diren belaunaldi berriko diskoak ekoizteko. Uribarrikoa, ostera, tamaina txikiagoko diskoetan dago espezializatuta. Hori horrela, gaurko egoeran, aurreikuspena da Uribarrik 2028ko urtera arte jarraitzea diskoak ekoizten -ordura arte, era progresiboan murriztuko litzateke haren jarduera-.

Dena den, merkatuak izan dezakeen bilakaerak baldintzatuko du behin betiko aurreikuspena. Ekoizpenaren alorreko egokitze horrek ez du eraginik izango taldearen salmenta orokorretan, kooperatibak dagoeneko itxiak baititu lau urteko epealdirako kontratuak. Gainera, Uribarriko pertsonei begirako plan berezi bat du landua, horiek guztiek lekua izan dezaten Debagoieneko lantegi desberdinetan.

“Talentu oro da beharrezkoa etorkizuneko erronkak behar moduan heltzeko. Pertsonak lehentasun dira taldearen estrategian”, azaldu du Jon Zuazo Fagor Ederlaneko zuzendari nagusiak. 3.350 pertsonek osatzen dute Fagor Ederlan; horietatik 2.200 daude EAEn, eta, 1.950, Debagoienean -eskualdeko hamar langiletik ia bat ari da Fagor Ederlanen lanean-.

3.350 pertsonek osatzen dute Fagor Ederlan; horietatik 2.200 daude EAEn, eta, 1.950, Debagoienean -eskualdeko hamar langiletik ia bat ari da Fagor Ederlanen lanean-

Enpleguaren aldeko konpromisoa

Profil teknikoen behar handia dagoen testuinguruan, enplegu kooperatiboa sendotzeko lanean jarraitzen du kooperatibak -horren erakusle da aurten 88 bazkide berri egin izana-. Era berean, formakuntza eta garapen profesionalean inbertitzeko apustua du egina, besteak beste, birkualifikaziorako ekimenak bultzatuz. Aurtengo edizioan 54 pertsonek jardun dute birkualifikatze programetan.

Fagor Ederlanek 525 milioi euroko salmentak izan zituen 2025ean, eta 565 milioi euroko salmentak aurreikusten ditu 2026rako -%8koa litzateke igoera-

Barne promozioarekin konprometiturik ere badihardu Fagor Ederlanek: 2025ean, kooperatibako pertsonek bete dituzte sortu diren lanpostuen %80. Prozesu horietan, dagoeneko proiektuaren parte diren pertsonen ibilbidea jartzen du balioan kooperatibak, pilatutako esperientzia eta eurenganaturiko jakintza aitortuta.

2026rako aurreikuspen ekonomikoa

Fagor Ederlanek 525 milioi euroko salmentak izan zituen 2025ean, eta 565 milioi euroko salmentak aurreikusten ditu 2026rako -%8koa litzateke igoera-. Ekitaldi berrirako estrategiak hiru aldagai ditu oinarrian: lehiakortasun industriala, negozioaren dibertsifikazioa eta kalitatezko lan kooperatiboa.

“Kooperatibak ikuspegi erreal batetik eta konfiantzarekin helduko die datozen urteei, jakinda sektoreak erronka garrantzitsuak izango dituela, eta aukera handiak eskainiko dizkiela aurrea hartzeko eta eraldatzeko gai direnei. Fagor Ederlanen konpromisoa da balio erantsi handiko soluzio industrialak eskaintzen jarraitzea eta etorkizuneko belaunaldientzako proiektu sendoagoa, berritzaileagoa eta iraunkorragoa bermatzea", esan du kooperatibako zuzendari nagusiak.

Automozio osagaiak

Zortzi kooperatibek osatzen dugu Fagor Taldea