Fagor Ederlan Taldeak eta Duoli Technologyk Lieder Automotive sortzeko lankidetza indartu dute

Fagor Ederlan Taldeak, MONDRAGONen integratutako kooperatiba taldeak, egoitza Euskadin duenak eta automobilgintzarako osagaien sektorean nazioarteko erreferentea denak, eta Duoli Technologyk, sektorean bi hamarkada baino gehiagoko esperientzia duen Txinako industria taldeak, urrats berri bat eman dute LIEDER AUTOMOTIVE SL-ren eraketan duten aliantza estrategikoan.
Card image cap
2025/12/16

Jiang Jianqiangek, Duoli Technologyren CEOak eta Jon Zuazok, Fagor Ederlanen CEOak, astearte honetan sinatutako akordioak lankidetza etapa berri baten hasiera irudikatzen du, elkarrekin egingo duten garapena bultzatzera eta bi konpainien presentzia globala zabaltzera bideratuta egongo dena.

Ekitaldian izan ziren Mikel Uribeetxebarria, Fagor Ederlan Taldeko lehendakaria; Jon Arano, Aluminio Negozioko zuzendaria; Ernesto Garcia, Merkatu zuzendaria; Ding Yongfei, Leapmotorreko Kalitate zuzendari globala; Yang Yi, Txinan egin den Duoli Ederlan Kunshan aliantzako zuzendaria; eta Eduardo Arilla, Borjako (Zaragoza) alkatea, une estrategiko honetan, bi enpresekin batera, proiektuarekiko konpromiso instituzionala eta enpresariala indartu zuten kideak.

LIEDER AUTOMOTIVE SL enpresak ibilgailuen egiturazko osagaiak (body in white) hornituko ditu Leapmotorren SUV elektriko berriarentzat, B10 eredua. Figueruelaseko (Zaragoza) lantegian fabrikatuko da, eta 2026ko abuzturako hasiko da hitzartu den hornikuntza.

Ding Yongfei-k bere hitzaldian azpimarratu zuen LIEDER AUTOMOTIVE enpresak paper estrategikoa duela Leapmotorren hedapen globalean; baita Europan hornidura kate egonkor eta eraginkor bat eraikitzeko Duoli Technologyren eta Fagor Ederlanen arteko lankidetzaren garrantzia ere.

4b5d3e3e-a4e4-4974-be04-76459085e951.jpg

Proiektu horri esker, Fagor Ederlanek Borjan (Zaragoza) duen ekoizpen lantegia berriro ireki ahal izango da, industria jarduera berri bati ateak irekiz eta eskualdean 170 lanpostu baino gehiago sortuz; Leapmotor Internacional, Stellantis eta Leapmotorren artean sortutako joint venture enpresaren beharrei erantzuteko izango da.

Bi enpresek batera egiten duten bigarren proiektua da, dagoeneko joint venture bat partekatzen baitute Kunshanen (Txina), aluminiozko esekidura-osagaiak fabrikatzeko.

Fagor Ederlanen eta Duoli Technologyren arteko nazioarteko lankidetza sendotzen duen aliantza estrategikoa

Fagor Ederlanentzat suposatzen du Europara bezero txinatar berriak gerturatzea eta automobilgintzarako osagaiak muntatzeko negozioa berrabiaraztea; kooperatibak 1998 eta 2019 artean garatu zuen jarduera hau, Borjan, hain zuzen ere.

Jon Zuazok nabarmendu zuen proiektu berri hau “bat datorrela Fagor Ederlanek berrikuntzan, balioa sortzean eta lankidetzan oinarrituta duen estrategiarekin”. Gainera, “bezero txinatarrengana gerturatzeko aukera ematen digu, eta elektrifikazioak eta iraunkortasunak markatutako sektorearen eraldaketara egokitzea bultzatzen du”, gaineratu zuen.

Bestalde, Duoli Technologyk lehen aldiz ekoitziko du Europan, merkatu globalean duen presentzia handituz.

Jiang Jianqiangek adierazi zuenez, “LIEDER AUTOMOTIVE globalizazio-estrategia komunari erantzuteko eta nazioarteko merkatuan zerbitzu pertsonalizatuagoak, eraginkorragoak eta fidagarriagoak eskaintzeko konpromiso gisa sortu da”. Era berean, azpimarratu zuen garrantzitsua dela “teknologia txinatarra tokiko ezagutzarekin konbinatzea, enpresa lehiakor bat eraikitzeko eta eskualdeko garapen ekonomikoan laguntzeko”.

Fagor Ederlanek, automobilgintza sektoreko osagaien fabrikazioan enpresa liderrak, 2024ko ekitaldia 570 milioi euroko fakturazioarekin eta 3.400 pertsonako plantillarekin itxi zuen, mundu mailako auto fabrikatzaile nagusientzako hornitzaile estrategiko gisa duen posizioa sendotuz.

Eskoriatzan (Euskal Herrian) du egoitza, eta 60 urte baino gehiagoko ibilbidea du. Txasisen sistemetarako (balazta eta esekidura), Powertrain-erako eta ibilgailuaren egiturazko beste pieza batzuetarako funtsezko osagaien ekoizpenean espezializatuta dago konpainia. Gaitasun teknologikoari eta elkarlanerako ikuspegiari esker, aurrea har diezaieke mugikortasun jasangarrirantz erabat eraldatzen ari den industria erronkei.

Fagor Ederlanek bezeroarengana hurbiltzeko apustu sendoa egiten du, Europan, Txinan, Hego Amerikan eta Ipar Amerikan estrategikoki banatutako ekoizpen lantegien sarearekin.

Duoli Technology automobilgintzarako osagaien garapenean, ekoizpenean eta salmentan 20 urte baino gehiagoko esperientzia duen enpresa txinatarra da. Estanpazio piezetan, soldatutako muntatze piezetan, pieza funtzionaletan, estanpazio moldeetan, termokonformazio piezetan eta integratutako presio bidezko galdaketa piezetan espezializatuta dago. Bere bezeroen artean, SAIC Motor, SAIC Volkswagen eta SAIC General Motors bezalako fabrikatzaile tradizionalak daude, baita NIO, Li Auto eta Leapmotor bezalako ibilgailu elektrikoen enpresa sortu berriak ere.

Duoli Technologyk I+G gaitasun sendoa du, baita industria-gaitasun handia eta lehen mailako hornitzaile gisa finkatutako posizioa ere.

Automozio osagaiak