EROSKI-K “RAPID” izeneko 50 saltoki frankiziatutik gora ditu

Laster batean erosteko pentsatuak daude denda horiek; oro har, etxerakoan edo lanerakoan erosteko edo, gune turistikoetan, eguneko edozein momentutan.
Card image cap
2023/09/05

EROSKI iritsi da Rapid izeneko frankizia erako 52 saltokitara. Formatu ultra hurbil eta komenentziazko bat da, 150 metro koadro izaten dituena. Edozein lekutara egokitzen da —hiriak, gasolindegiak, unibertsitateak, turismoguneak nahiz hondartzak— eta bertan erosketa erosoa, lasterra eta denetarikoa egin daiteke.

Irekiera ordutegi zabala dute saltokiok, eta kontsumitzaileek 4.500 erreferentzia ere aurkitu ahal dituzte: pisura eros daitekeen elikagai freskoen, fruten eta berduren eskaintza zabala, haragi ontziratua eta, horretaz gainera, ogiak eta opilak labe propioan erre berriak. Gainera, atal bat izaten dute osasun arloko produktuentzat eta produktu ekologikoentzat. Eta, elikagaietan, edarietan, drogerian eta lurrindegian, berriz, fabrikatzaile liderren markak eta EROSKIrenak berarenak egoten dira.

EROSKIren RAPID ereduak komenentziazko formatu ultrahurbila eskaintzen die bezeroei. Laster batean erosteko pentsatuak daude denda horiek; oro har, etxerakoan edo lanerakoan erosteko edo, gune turistikoetan, eguneko edozein momentutan. Jendearen “denbora falta” dela-eta sortzen diren ustekabeko premiak nahiz eguneroko erosketa-beharrak estaltzeko pentsatuta dago; izan ere, formatu honek erosketa osoa egiteko modua ematen du hala freskoetan nola elikagaietan. Denda hauek, gainera, berrikuntza teknologikoak dakartzate, eraginkortasun energetikoa hobetzeko eta ingurumen eragina gutxitzeko. Hau da, hotz eta klimatizazio sistema berriak eta ekipamendu eraginkorrak dituzte.

Bestalde, EROSKI zerbitzuguneetan hedatzen ari da frankizia erako supermerkatu formatu hau, eta dagoeneko 30 denda ditu herrialde osoko gasolindegietan. Saltoki horietan, kontsumitzaileek 700 erreferentziatik gora aurkitu ahal dituzte, eta, horretaz gainera, labe propio bat ogi eta opil egin berriak izateko, eta kafegune bat.

 

Frankizia erako 600 dendatik gora

EROSKIk dagoeneko baditu frankizia erako 600 dendatik gora, eta hori mugarri bat da, frankizia eredu sendo bat agerian jartzen duena. “Mugarri horretara iristeko, lehen helburutzat jartzen dugu uneoro gure frankizia hartzaileen ondoan egotea, eta urtero indartzen dugu arlo hori, aholkuak emanez eta denda horien errentagarritasuna bilatuz. Datuek erakusten digute formula egokia dela hazkunde erritmo sendo eta egonkorrez jarraitzeko datozen urteetan”, azpimarratu du EROSKIren Frankizia arloko zuzendariak, Alberto Cañasek.

EROSKIk aurreko urteetako frankizien irekiera erritmoari eutsi dio. Gauzak horrela, 294 inaugurazio baino gehiago egin ditu joan deneko bost urtean. Hala, jarraitzen du frankizien sarea hedatzen, fokua lurralde hauetan ipinia duelarik datozen urteetarako: Katalunia, EAE, Andaluzia, Madril, Gaztela-Mantxa, Extremadura eta Levante. 2023ko ekitaldian, EROSKIren asmoa da 65 frankizia inauguratzea.

EROSKIren frankiziak Zurekin eredu komertzialekoak dira, eta EROSKIren denda propioen ezaugarri, aurreramendu eta abantaila guztiak dituzte: tokiko eta eskualdeko produktuen aldeko apustua, elikadura osasungarriaren sustapena, bezeroen aurrezpenean laguntzea eta gizarte erantzukizunarekin eta iraunkortasunarekin daukaten konpromisoa elkartasun ekimenen eta ingurumen inpaktua gutxitzearen bitartez.

 

Frankizia hartzaileen konfiantza

EROSKIk irmo egiten du merkatuari gaur egun lehenesten den frankizia eredu bat ematearen alde. “Kooperatiba oinarria duen enpresa gara, langileena eta kontsumitzaileena, eta geure-geureak diren balioak ditugu. Horregatik, ulertu egiten ditugu gure frankiziatuen beharrak. Azken gogobetetze inkestaren arabera, 2023. urtean egindakoa bera, %96,14k balorazio positiboa egiten digute”, nabarmentzen du EROSKIren frankizia arloko zuzendariak.

EROSKIren frankiziak bi motibazio izaten ditu oinarrian: batetik, ekintzaileak daude (autoenplegua bilatzen dutenak) eta haien ingurua (frankiziatuen %52 ordezkatzen dutenak), eta, bestetik, enpresariak eta inbertsiogileak daude, beren negozioa dibertsifikatu nahi dutenak sektore seguru eta negozio egonkor baten bidez. “2022an, frankizia irekieren %45, dagoeneko gurekin denda bat duten frankizia hartzaileak izan dira. Gainera, gure sarean daudenen %42 jada multifrankizien talde horretan daude. Horrek erakusten du gure frankizia eredua sendoa eta fidagarria dela. Gure frankiziak dira gehien inporta zaizkigunak eta horretaz bereizten gara beste kate batzuetatik, babes komertziala ez ezik aholkularitza eta laguntza neurriak eskaintzen baitizkiegu zailtasun handiak dituztenean edo nondik jo ez dakitenean, esaterako, aurten gerrarekin, inflazioarekin eta gastu elektrikoarekin pasatu den bezala“, azpimarratu du Alberto Cañasek.

 

Frankiziatzaile onenaren saria

Lan horren guztiaren ondorioz, EROSKIk Frankiziatzaile Onenaren Saria jaso du aurten, elikaduraren kategorian, Frankiziatzaileen Espainiako Elkarteak emanik. Sari horrek balioan jartzen du frankizia hartzaileek jasotzen duten babesa eta aholkularitza. EROSKIk frankiziei ematen dien balio bereizle horiek sarearen bidez eta marketin plan sendo batez lortu ditu, baita, azken buruan, frankizia sarearen kudeaketa bikainari esker ere.

Bestalde, EROSKI hautatu berri dute hurbileko supermerkatu frankiziarik onena 2022-2023ko Urteko Merkataritza Sarietan. Sari horiek kontsumitzaileek ematen dituzte Espainian egiten den kontsumitzaile-sariketarik handienean eta retail-aren sektoreko merkatu azterketarik handienetako batean. “Horrelako sariekin aitortza jasotzen dugu kontsumitzaileen aldetik gure frankizia ereduaren eta frankizia hartzaileen aldekoa; izan ere, egunez egun erakusten dute kalitatezko supermerkatu bat direla“, azpimarratu du Cañasek.

 

Lankidetza hitzarmenak

Kooperatibak eusten die Enpresaburu Gazteen Elkarteen Espainiako Konfederazioarekin (CEAJE) eta ATArekin —hau da, Enpresarien eta Langile Autonomoen Elkarteen Espainiako Federazioarekin— dituen lankidetza hitzarmenei, enpresari gazteen ekintzailetza lagundu eta sustatzeko. Horretaz gainera, ekintzailetzarekin duen konpromisoa indartu ez ezik, EROSKIk autonomia erkidegoetako ekonomia garatzen lagundu nahi du.

EROSKIk jarraitzen du enplegagarritasun eredua zabaltzen desgaitasuna dutenentzat. 2015ean hasi zen garatzen GUREAK erakundearekin, eta ondoren lankidetzak egin ditu AMPANS eta SOLTRA erakundeekin Espainiako gune batean baino gehiagotan. Iaz, EROSKIk horrelako laugarren denda ireki zuen Euskal Autonomia Erkidegoan.

Banaketa komertziala