TUlankide MONDRAGON

"Elkarlana ezinbestekoa da irtenbideak bilatzeko"

Begoña Pedrosa, HUHEZIko dekanoa.

2020/09/02

Eskolarako itzulera inflexio puntua dela azaldu du Pedrosak, eta gizarteak etorkizunerako ereduei begira jarri behar duela. Haren ustez, pandemiak erakutsiko du badagoela aukera bestela jarduteko.
"Elkarlana ezinbestekoa da irtenbideak bilatzeko"

Ikasturte berriari begira, aldaketak aurreikusteko unea dela uste du Begoña Pedrosa Huhezi Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko dekanoak (Areatza, Bizkaia, 1975). Hutsegiteetatik ikasteko eta beste eredu batzuk aintzat hartzeko une aproposa dela azpimarratu du.

Nolakoa izango da eskolara itzultzea?

Aurtengo ikasturtea zaila izango da. Gogorra izan daiteke, baina erantzukizunez jokatu behar dugu denok. Administraziotik hainbat jokaleku diseinatu dira, eta ikastetxe askotan planteamendu berritzaileak ari dira aurreikusten. Osasunaren ikuspegitik ez dakigu zer etorriko den, eta gauzak egun batetik bestera aldatzen dira. Aldiz, badago aldatuko ez den zerbait: etorkizunera begira gauzak beste modu batean prestatu behar ditugu. Administrazioa, zentroak eta familiak horretara begira jarri behar dira. Egoerari ahalik eta hoberena erantzuteko, ikusi behar dugu zein aukera dugun esku artean umeen benetako zaintza bermatzeko. Hor jarri behar dugu begirada.

Nola landu daiteke hori?

Zentro bakoitzean egoera ezberdinak aztertu behar dira. Presentzialtasunera itzultzeko, administraziotik irizpide orokorrak esleitzea ezinbestekoa da, baina ikastetxe bakoitzean, beharren ara- bera, ezberdin aplikatuko dira espazioak, ordutegiak eta ikasle-irakasle prozesuen antolaketa. Aurrez aurreko eskoletara joaten saiatu behar gara, baina ezin dugu pandemia ahaztu. Eredu presentziala lehenetsi behar da, baina muturreko egoera batera hurbilduz gero, aurreikusi behar da etapa batzuetan, agian, telelana egin beharko dela. Ez dugu halakorik nahi, baina gerta daiteke, eta prest egon behar dugu. Eredu mistoak aurreikusi behar dira, eta pentsatu beharko genuke nolako hezkuntza eredua nahi dugun ume guztientzat kalitatezko prozesuak ziurtatzeko. Hausnartzeko abagunea ere bada, mistorako gabeziak ditugulako. Prestakuntza gehiago bideratu behar da zentroetara.

Zailtasunik aurreikusten duzu?

Noski. Batetik, kontziliazioa dugu, ezin dugu beste alde batera begiratu. Sormena erabili behar dugu. Irtenbideak eta aukerak bilatzeko ezinbestekoa izango da ad ministrazio, enpresa, erakunde eta norbanako guztiok elkarlanean jardutea, elkarren beharra dugulako. Ikuspegi integraletik eta erantzun eklektikoetatik eman behar diogu irtenbidea egoerari.

Bestalde, bereziki zaindu behar ditugu ikasleen harrera pertsonala eta arreta emozionala. Aniztasun handia egongo da, haur bakoitza bere motxilarekin itzuliko delako eskolara, baina familiekin batera eta zentroetan lan berezia eginda artatu behar da arreta emozional hori. Gainera, ikasturtea eredu presentzialean hasten badugu, lehen asteetan zaintza berezia egin beharko da ikasleekin, akademikoki eta emozionalki, maila guztietan. Ondo prestatu behar da zorua, konfinamendu egoerara itzuliz gero erantzun ona emateko. Haurrak eta gazteak prest egon behar dira egoera horretan berriro ere lan egin beharko balitz; iraila eta urria horretarako gakoak izango dira.

Helburu kolektiboa izan beharko luke itzulera lantzeak?

Hezkuntza bera helburu kolektiboa da. Administrazioak bere etxerako lanak egin beharko ditu, eta horretan dabil, baina denon parte hartzea eta konplizitatea beharrezkoa da; interakzioak bultzatu behar ditugu. Erabaki asko tokian toki hartuko dira, administrazioaren laguntzarekin eta aholkularitzarekin, baina leku bakoitzeko konplexutasunari erantzun beharko zaio. Hezkuntza komunitatea hor dago, eta oso modu kolektiboan eta kohesionatuan hartu beharko dira erabakiak. Gizarte moduan jokatu beharko dugu, eta horregatik diot familien rola erabakigarria izango dela.

Zer gertatzen da baliabiderik ez duten ikasleekin?

Egoera larri batetik gatoz. Itxialditik gauza asko ikasi ditugu hezkuntzako etapa guztietan. Zentroak familien beharrak asetzeko egon direla esango nuke, eta erantzun dutela. Itzuleran ziurtatu beharko genuke ikasturtea hasi aurretik minimo horiek bermatuta daudela, ezin du aukera bat izan. Baliabide gehiago jartzea beharrezkoa da, baina baliabide gehiago jarrita ez da dena konpontzen; indarra jarri behar dugu ikasketa espazio berritzaileak diseinatzen, antolaketa on batekin eta zentzua erabilita. Formula berriak aplikatu behar dira hezkuntza prozesu berriak diseinatzeko, eta uste dut dibertsifikazioa ikaskuntza prozesura ekarri behar dugula derrigor, baliabideei eta espazioei dagokienez, esaterako: jantokiak eta gimnasioak erabili behar badira egoera honi aurre egiteko, erabili beharko ditugu. Kanpo espazioak ere egokitu daitezke, aisialdirako eremuak, baita herrietan ere. Sormen handia beharko dugu, baina oso aukera interesgarriak sor daitezke. Orain da benetako hezkuntza komunitarioa bultzatzeko unea.

Hutsetatik ikasteko unea da?

Momentu zailetatik gatoz, baina aurrera begiratu behar dugu: pandemiak erakutsi behar digu gauzak beste modu batean egiteko aukera ere badagoela. Aukerak aztertu behar ditugu: zailtasunak eta hutsuneak ikusteko joera ikaragarria izaten dugu, eta, jakina, osasuna funtsezkoa da, baina gauzak bestela egiteko eszenatoki horiei ere begiratu behar diegu; gogoan izan behar dugu gazteak eta haurrak direla herriaren etorkizuna. Zaila izango da, lan ikaragarria egin beharko da, baina buruko eskemak aldatu behar ditugu, eta denon esku dago hori. Horretarako, noski, prestakuntza beharko dute irakasleek, baina ezinbestekoa da epe laburrean zentroetan jokaleku berriak aurreikustea.

Elkarrizketa orijinala: https://www.berria.eus/paperekoa/1886/003/001/2020-09-02/elkarlana-ezinbestekoa-da-irtenbideak-bilatzeko.htm

Eguraldia
Asteazkena 21 Min: 13
Max: 23
Osteguna 22 Min: 12
Max: 22
Ostirala 23 Min: 9
Max: 19
Bideoak


+ Bideo gehiago

Papereko edizioa
Jarraitu twitterren
LagunAro

Iradokizunak

iradokizunak