"Debagoienean eragile aktibo izango diren pertsonak garatzen lagundu nahi dugu"

Unai Legarda eta Jaione Uriarte, Arizmendi Ikastolako irakasleak eta Batu Proiektuaren koordinatzaileak.
Card image cap
2020/03/20

“Eraldaketa soziala gerta dadin, pertsonen, norbanakoen eraldaketa da ezinbestekoa, eta hezkuntza da giltza”, abiapuntua eta aldi berean helburua zein den argi dute Unai Lagarda eta Jaione Uriartek (argakian, Arizmendi Ikastolako Ferixalekuko gunean). Biek hala biek, Arizmendi Ikastolaren metodologia berrian dihardute lanean eta oraingoan ‘Batu Proiektuaz’ aritu gara haiekin. Konfiantzaren Pedagogiaren aplikazioa 10 eta 14 urte bitarteko neska-mutikoen eskolaratzean fokoa jartzen duena.

Zer da Batu Proiektua?

Lehen hezkuntzaren (LH) eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren (DBH) arteko jauziak trantsizio ordenatuago bat behar du. 10 eta 14 urte bitarteko neska mutikoen hezkuntza-etapan konfiantzaren pedagogiaren aplikaziori jarri diogu Batu izena. Izan ere, batzen ditu bi etapa orain arte erabat bananduak zeudenak. Batzen ditu, era berean, aurre-nerabezaroan eta nerabezaroan dauden neska mutikoen esperientziak. Trantsizio logikoago bat proposatzen dugu, neska-mutiko horien artean gauza askoz gehiago daude batzen dituztenak, banantzen dituztenak baino.

Metodologia ikuspegitik erabat berritzailea da proiektua.

Bai, halaxe da, ikuspegi ezberdinetatik begiratuta ere, iraultzailea dela esango genuke. Indarrak batzen ditugu, irakasleon indarrak. LHko (5.eta 6. maila) eta DBHko (Lehen eta bigarren maila) taldeetako irakasleak inplikatzen ditugu proiektuan eta, bereziki, DBH erabat aldatuko du Batu Proiektuak. Arlo ikuspegia (matematikak, hizkuntzak, musika...) apurtu egiten da. Alegia, arlo ikuspegitik bizipen (ikaskuntza esperientzia motak) ikuspegira egingo dugu jauzia. Era berean, Irakasle bat, talde bat kontzeptua ere hautsi egiten da. Batu Proiektua aplikatzerakoan erreferentea irakasle-taldea izango da. Irakasle-talde txiki hori izango da erreferentea ikasleentzat, eta talde horrek dinamizatuko ditu esperientziak.

Arizmendi Ikastolan aplikatuko bada ere, zuek beste hezkuntza esperientzia batzuetatik edan duzue, ezta?

Bai, Katalunian badaude horrelako esperientziak eta bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dugu. Hain justu ere martxoaren 9tik 13ra arteko astean berriro goaz Kataluniara, bertako zenbait ikastetxe bisitatzera. Guztietatik ikasten dira gauzak, baina gero ‘gure egin’ behar ditugu eta gure errealitate konkretura ekarri behar dugu.

Zeintzuk dira Arizmendi Ikastolan Batu Proiektua inplementatzeko epeak?

2020-2021 ikasturtean  LH5 eta DBH1en egingo dugu inplementazioa, eta 2021-2022 ikasturtean gauza bera egingo dugu LH6 eta DHB2n. Behin martxan jarri ondoren, bi urteko epean gutxi gorabehera, ebaluazio bat egingo da; ikusteko metodologia nola ezarri den, aztertzeko eta aldi berean adierazleak berrikusteko.

Pedagogiaren metodologiaren inplementazioan Arizmendi ikastola erreferente bilakatu da Euskal Herrian. Aitzindariak zarete eta askorentzat ispilu.

‘Ametsak betetzeko daudelako!’ argitalpenaren bitartez orain arte egindako lan-guztiari argia jarri genion. Bertan jaso genuen gure Konfiantzaren Pedagogikoaren ibilbide orria. Arlo teorikoa zein inplementazio faseak jaso genituen eta Batu Proiektua osotasun horren barne kokatu behar dugu. Gizartea aldatu da, mundua aldatu da, beste koordenada batzuetan bizi gara eta gure ikasleak egoera aldakor eta berrietara egokitzera behartuta egongo dira. Horri guztiari erantzun nahi diogu, gure ikuspegitik, Debagoiena ulertuz eta egoki interpretatuz. Pertsona Kooperatibo autogestionarioa

barne sendotasuna duena, euskalduna, eraldatzailea, sortzailea, analitiko-kritikoa, hurbilekoa eta enpatikoa sustatu nahi dugu.

 

Irakaskuntza