TUlankide MONDRAGON

DANOBATGROUPek urteko "Gipuzkoako Enpresa" saria eskuratu du

2018/03/16

Gipuzkoako Merkataritza Ganbarak makina-erreminten fabrikatzailea saritu du bere “DNA berritzailea"-gatik eta industriari aplikatutako digitalizazioaren alde egindako apustuagatik.
DANOBATGROUPek urteko "Gipuzkoako Enpresa" saria eskuratu du

Saridun izan diren enpresetako ordezkariek taldeko argazkia egin dute Jaurlaritza eta Foru Aldundiko ordezkariekin.

DANOBATGROUP enpresa taldeak, makina-erreminten eta ekoizpen soluzio aurreratuen fabrikazioan espezializatuak, 2018ko Gipuzkoako Enpresarik Onenaren saria eskuratu du Gipuzkoako Ganbararen eskutik.
Saria DANOBATGROUPeko zuzendari nagusi Pello Rodriguezek jaso du gaur goizean, eta ekitaldian Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapia eta Gipuzkoako foru diputatu Markel Olano egon dira, beste agintari batzuen artean.

Epaimahaiko kideek baloratu dute, halaber, “informazio eta komunikazioko teknologiak fabrikazio inguruneetan txertatzeko” euskal taldeak egindako prozesua, “makina-erremintei egotzitako traba fisikoak” haustea ekarri baitu.

Sarien epaimahaiak, Ganbararen Batzorde Exekutiboak osatuta egon denak, erabaki du saria egoitza Elgoibarren duen talde kooperatiboari ematea, bere “DNA berritzaileagatik”. Gainera, azpimarratu dute DANOBATGROUPek “bere produktuen eraldaketa kontzeptuala” egin duela eta horrekin "makina-erremintatik fabrikazio soluzioetara, giltza eskura erako ekoizpen lerroetara eta digitalizazio eremuko zerbitzu aurreratuetara" igaro ahal izan duela.
“DANOBATGROUPek arrakastaz planteatu du makina aurreratuekin eta giltza eskura erako tailer adimendunekin fabrikatzeko soluzioak, duela urte batzuk gutxik imajinatuko luketen erronka teknologikoko mailarekin eta irismenarekin, gainera”, baloratu du epaimahaiak.


Saria gaur entregatu da Gipuzkoako erakundearen egoitzan, Donostian, eta Gipuzkoako Ganberak kooperatiba taldeari nazioarteratzearen kategorian 1996tik 2009ra bitartean emandako beste sari batzuei gehitu zaie. Saria jaso ondoren, Pello Rodriguezek ziurtatu du sariarekin aitortu egiten dela “DANOBATGROUPek berrikuntzaren alde egiten duen apustua, izan ere, taldea beti dago erronka berrien, soluzio berrien, merkatu berrien eta negozio eredu berrien bila”.
“Sari ospetsu horiek dira enpresaren ibilbide osoari eta ibilbide hori posible egin duten pertsonei esker ona erakusteko modua. Gure giza taldea da gure nortasunaren bereizgarririk nabarmenetakoa, eta ikerketa eta etorkizuneko erronkei aurrea hartzea da bere ezaugarri nagusietako bat. Horrez gain taldea osatzen duten negozio unitate guztien arteko barruko lankidetza eta baita bestelako kanpoko enpresa eta entitateekin elkarlanak ere definitzen gaitu”, gehitu du.


Ingurunearekiko konpromisoa, nazioartera begira
Errotze lokal sendoarekin eta bere eraginpeko arloaren garapenarekiko konprometituta, DANOBATGROUPek sei kooperatiba (DANOBATGROUP, DANOBAT, SORALUCE, GOITI, GOIMEK eta LATZ) eta zentro teknologiko bat (IK4-IDEKO) hartzen ditu bere baitan.
Taldeak 1.300 pertsonari baino gehiagori ematen die lana, trebakuntza handia duten eta enpresa proiektuaren erabat identifikatuta dauden pertsonei, baina ingurune hurbilean aberastasuna eta enplegua sortzearekin ere du lotura; izan ere, EAEn hornitzaile sare ugaria dauka eta kulturako, gizarteko, kiroleko eta ingurumeneko ekimenetan laguntzen du.
Konpromiso lokal horrek, ordea, ez dio eragozten nazioartean talde indartsua izatea. Bere fakturazioaren %90 kanpoko merkatutik dator, eta lantegi propioak ditu hainbat herrialdetan, hala nola Alemanian, Erresuma Batuan eta AEBn. Horretaz aparte, ordezkaritzak ditu beste hainbat tokitan, esaterako, Indian, Errusian, Australian, Txinan eta Italian. Azken bi herrialde horietan, gainera, bere presentzia indartuko du aurten.
Erreferenteak digitalizazioan 
Teknologia digitalak industrian sartzeak iraultza ekarri du fabrikazio prozesuetan, eta iraultza horren erakusgarri batzuk dira ekoizpen sistemen optimizazioa, ekipoetatik datozen datuak atzituz, prozesatuz eta interpretatuz egiten den makinen monitorizazio etengabea eta denbora errealekoa eta bezeroen eskakizunetara hobeto egokitzea.
Eszenatoki horretan, DANOBATGROUP erreferente bihurtu da berak garatutako balio digitaleko proposamenei esker. Smart HMI da proposamenetako ardatz bat, langileari makinarekin lan egiten laguntzen dion eta ekipoaren egoeraren eta funtzionamenduaren gaineko informazioa eskuratzen uzten duen interfazea, hain zuzen ere.
Taldeak Data System ere sortu du. Big Data teknologietan oinarritutako zerbitzu sorta da, zeinarekin ekipoen egoera denbora errealean ezagutu, hutsegiteak prebenitu eta ekipoen funtzionamendua optimizatu daitekeen.
Babes digital honen barruan daude, gainera, Control System sistema, fabrikazio lerro automatizatuen kudeaketara bideratuta, eta Intelligent Components deiturikoak, makinetan txertatuta doazen eta ekipoen doitasuna, fidagarritasuna eta produktibitatea hobetzen uzten duten gailuak.

Eguraldia
Larunbata 21 Min: 14
Max: 23
Igandea 22 Min: 15
Max: 24
Astelehena 23 Min: 15
Max: 31
Bideoak


+ Bideo gehiago

Papereko edizioa
Jarraitu twitterren
LagunAro

Iradokizunak

iradokizunak