Irakurriena
- 1. 10 proiektu saridun, 2024ko MONDRAGON TFG-TFM sarietan
- 2. Konfortaren merkatura itzuli da Fagor
- 3. XII. MONDRAGON Foroak kooperatibetako 400 lagunetik gora bildu ditu Kursaalen
- 4. Javier Amezaga, MONDRAGONen Ekipamendu Dibisioko zuzendari nagusi berria
- 5. MONDRAGON eta Mondragon Unibertsitatea Méxicok berrikuntza eta talentuaren garapenerako lankidetza indartu dute Latinoamerikan
- 6. Valentziako kaltetuei laguntzeko kanpainak zabalik jarraitzen du Eroskin
- 7. Pello Rodriguez lehendakariarekin batzartu da Lehendakaritzan
- 8. MONDRAGONek Finantza Foroa egin du
- 9. Matricik likidazio-fasea irekitzeko eskatu du
- 10. “Ilusioz beteta nago, MONDRAGON proiektu liluragarria da”
Azaroaren 17an amaituko da Huhezineman lanak aurkezteko epea
Huhezinema 18 azken txanpan sartu da. Hain justu ere, aste honetan amaituko da film laburrak aurkezteko epea, igandean, azaroaren 17an. Ondoren, epai-mahaiak finalista eta irabazleak aukeratuko ditu eta urtarrilaren 22tik 24ra egingo da azken jaialdia. Aurten, Huhezinemak hamar sari banatuko ditu, guztira ia 4.000,00 euro sari ezberdinetan eta finalisten artean. Hala, Sail Ofizialean, hautatutako finalista bakoitzak 150€ jasoko ditu hautatua izateagatik. Huhezinema sari nagusia 650 eurokoa izango da eta ikusleen saria 100 eurokoa. Gainera, Ikasleen sailean beste hiru sari emango dira, tartean Mondragon Unibertsitateko ikasleek eginiko lan onenak ere aitortza izango du. Bideoklip sailak, Mundukide sariak, HAZI sariak eta Berria sariak osatuko dute palmaresa.
Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak 2008an antolatu zuen Huhezinema Euskal Film Laburren Jaialdiaren lehen edizioa
Leihaketan parte hartzeko oinarriak, sariei buruzko xehetasunak eta askoz gehiago Huhezinemaren webgunean aurkitu dute interesatuek. Baita lehiaketaren sare sozialetan ere. Hala, egunetik egunera informazio eguneratua jasotzeko eta kontrastatzeko aukera izango dute parte-hartzaile eta interesatuek.
2008tik Euskal Film laburrak sustatzen
Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak 2008an antolatu zuen Huhezinema Euskal Film Laburren Jaialdiaren lehen edizioa. Ordutik, Ikus-entzunezko Komunikazioa Graduko 4.mailan dauden gazteek hartzen dute antolakuntzaren ardura, hori baita jaialdiaren bereizgarria. 2022tik, eginkizun hori graduko “Kultur ekitaldiak antolatu eta ekoiztea” izeneko moduluaren barruan dago. Modulu horretan, ikasleek praktikan jartzen dituzte gradu guztian zehar ikasitako edukiak, talde-lanaren bidez, klasean landutako teoriak errealitatera eramanez. Beraz, jaialdi ahalik eta profesionalena sortzea da ikasleen eginbeharra, euskal film laburrak eta bideoklip berriak argitara ekartzeko helburuarekin.
Ikus-entzunezko Komunikazioa Graduko 4.mailan dauden gazteek hartzen dute antolakuntzaren ardura, hori baita jaialdiaren bereizgarria
Aurten, 19 ikasle ari dira antolakuntza lanetan, jaialdiaren koordinatzailea den Iban Del Campo irakaslearen gidaritzapean. Aurtengo edizioan, ikasle hauek arituko dira lantaldean: Ane Odriozola Lobo, Ane Urresti Lekube, Amanda Caro Garcia, Añes Brouard Diaz, Aratz Otero Nicolas, Aritz Nazabal Arrondo, Cala Lopez Marina, Deñe Garcia-Bravo Alberdi, Garazi Barrondo Lopez, Gorka Santos Alvarez, Haizea Bedialauneta Garcia, Haizea Carreño Alonso, Igor Baigorri Perez, Irati Concepción Lopez de Vergara, Irati Lizarralde Larrañaga, Lide Gorosabel Suarez, Marina Gil Azcona, Mikel Balerdi Arruabarrena eta Mikel Rezabal Aldanondo.
Ikasleak hiru taldetan banatuta
Urtero legez, hiru taldetan daude antolatuta ikasleak: Programazio taldea, Produkzio taldea eta Komunikazio taldea. Programazio taldea arduratuko da 2024ko Huhezinema jaialdiaren egitaraua zehazteaz; jaialdiaren hiru egunetarako ekimen ezberdinak antolatuko dituzte, film laburren proiekzioak, sariak, gonbidatuen hitzaldiak eta tailerrak, besteak beste. Egitaraua posible egiteko, Produkzio taldea, babesle, kolaboratzaile eta laguntzaile bila arituko da, jaialdiaren finantziazioa bermatzeko. Gainera, jasotako diru hori ondo kudeatzeaz arduratuko da aipatutako taldea. Azkenik, Komunikazio taldea izango da jaialdiaren zabalkundearen eta irudiaren arduraduna, HUHEZINEMAren sare-sozialetan eta webgunean. Gainera, taldeak hedabideekin harreman zuzena izango du, interesa duen edonork jaialdiaren berri izan dezan.