“Norvegiako Demokrazia Industrialaren oreka oso interesgarria izan daiteke MONDRAGONentzat”

Oier Imaz, Mondragon Unibertsitatean irakasle eta LANKI ikertegian ikertzaile
Card image cap
2023/08/07

Bere dimentsioagatik, ezaugarri konkretuengatik, MONDRAGON korporazioarentzat ez da samurra munduko beste eredu kooperatiboekin alderatzea. Eta batzuen zein besteen arteko alderaketa horretatik emaitza interesgarriak jasotzea, kopiatzea edo egokitzea, ez da samurra izaten. Hain justu ere, hori izan da LANKIko ikerlariek eta SINTEFeko ikerlariek bilatu nahi izan dutena. MONDRAGONentzat ispilu, inspirazio izan daitekeen eredu bat aztertu. Lanak bi urteko iraupena izan du eta maiatzaren 26an aurkeztu ziren konklusio nagusiak, International Journal of Action Research aldizkarian.

Hasteko Oier, zer nabarmenduko zenuke?

Beste batzuengandik ikasteko aukerak baliatu behar ditugu eta, gobernantza kooperatiboaren arloan, egon daitezkeen eredu ezberdinetatik ikasi nahi dugu. Hori da, kasu konkretu honetan bilatu nahi izan duguna. Norvegiako Demokrazia Industriala oso eredu interesgarria da, langile eta zuzendaritzaren presentzia oso orekatua da estamentu ia gehienetan eta langileak enpresarekin duen konpromiso eta lotura maila oso altua. Baditu MONDRAGONentzata oso interesgarriak diren ezaugarriak.

Zuen lanarekin bi ereduak alderatzen saiatu zarete.

Normalean MONDRAGON izaten da eredu nagusia beste askorentzat, baina era berean, taldeko kooperatibek beste eredu batzuk bilatu behar dituzte, beste batzuengandik ikastea ezinbestekoa da guretzat ere. Beste batzuek ondo egiten dutena ekarri dezakegu gurera ere, hemengo errealitatera egokituz beti. Eta MONDRAGONek eta Norvegiako Demokrazia Industrialak badituzte ezaugarri amankomun oso interesgarriak. Esperientzia oso ezberdinak badira ere, biek dute lanaren eta kapitalaren arteko harremana beste modu baten orekatzeko kezka… Baditu Demokrazia Industrialak mekanismo oso interesgarriak hemen erreplikatzeko.

norbegiar eredua.png

Norvegiako ereduaren oreka azpimarratuko zenuke?

Bereziki bai. Enpresaren erabaki organo guztietan, langileen ordezkariak, sindikatuak daude ordezkatuta, guzti guztietan, eta enpresaren erabaki estrategikoetan bakarrik ez, eguneroko erabakietan ere langileek parte-hartze zuzena dute. Oreka hori oso interesgarria da (bi ereduen alderaketa grafikoetan). Langileek eta zuzendariek eskuz esku partehartzen dute, lanpostuari loturiko erabakietan bezala, enpresaren kudeaketa orokorrean.

SINTEF ikerketa zentroko lagunekin aritu zarete elkarlanean. Nolakoa izan da esperientzia?

Lanaren lidertza Davydd Greenwood ikertzaileak izan du. Hark gure ereduaz asko daki. Ondo ezagutzen du MONDRAGON. Ikerketa etnografikoa egin zuen hemen, Euskal Herrian, eta aurretik ere kolaboratu izan dugu. Abiapuntua izan zen bi ereduen arteko elementu amankomunak identifikatzea, baina horretarako, lehenik eta behin zehaztu behar izan genuen hiztegi amankomuna, marko kontzeptuala. Alegia, guk parte-hartzea modu batean ulertzen dugu eta haiek beste modu batean. Bi ereduetan arlo konkretuen inguruan interpretazio oso ezberdinak daude, eta marko hori zehaztu behar izan genuen. Ondoren, bi ereduen arteko antzekotasunen bila hasi ginen.

Eta emaitza hemendik gutxira aurkeztuko duzue?

Bai, lanak biltzen ditu gure elkarrizketaren emaitzak. Batetik, marko teorikoa, hiztegi amankomun bat osatu dugu. Bestetik, bakoitzak marko horretatik deskribatu dugu bi ereduen jatorria eta garapena. Eta hirugarren atal batean erakusten dugu zein mekanismo baliatu dituzten egiteko aurre krisi egoerei. Konklusioetan jaso dugu, bi eredu desberdin badira ere, badutela oinarrian kezka bat biek: langile eta jabeen arteko harremana posible dela beste modu baten enfokatzea. Kezka horri eman dioten erantzuna desberdina da. Norvegiako ereduan instituzio publikoen papera esentziala izan da. Gurean komunitatearekiko lotura, konpromisoa da ardatza. Bietan inportantea da ereduaren zentzua mantentzea. Krisi egoeretan horrek, norabide bat ematen du. Baina ikusi dugu ere sorturiko mekanismoak eraginkorrak izan direla krisiak gainditzeko. Erakusten dute fokoa jartzen dutela aurrera begira dituzten erronketan.

Zein esango zenuke dela MONDRAGONentzat ikasgai interesgarriena?

Hemen lan bazkidearen parte-hartzeari dagokionean arlo instituzionalean jarri izan dugu fokua. Batzar Orokorrean, Errektore Kontseiluan, Kontseilu Sozialean gauzatzen da, baina dirudit arreta gutxiago jarri zaiola egunerokotasunean, lantokian, arlo sozio-teknikoan lan-bazkideak erabakietan parte hartzeko gaitasunean. Norvegian, berriz, bai. Estamentu edo erabaki-organo guztietan dago presente langilea. Horrek lankidetzarako kultura bat sustatu du. Ez dago arazoz libre. Baina uste dut izan daitekeela eredu interesgarri bat.

Irakaskuntza unibertsitate zentroa