Iñigo Ucin: "Denon inplikazioa behar dugu energia-komunitateen sorreran"

Mondragon Unibertsitateak, MONDRAGON Korporazioak eta Repsol Fundazioak energia-komunitateetan eta autokontsumoaren aldeko apustuan sakondu dute gaur Garaian egin den jardunaldian.
Card image cap
2022/05/11

Etorkizuneko energiari begira, nahitaezkoa izango da ekoizpenean karbonoa baztertuko duen egitura-aldaketa gauzatzea. Energia ekoizteko, banatzeko eta kontsumitzeko ereduak aldatzea ahalbidetuko duen trantsizio energetikoa ezinbestekoa da deskarbonizazioaren helburua lortzeko. Testuinguru horretan, energia-komunitateak sortzen ari dira. Eredu hori energia sortu, erabili eta kudeatzeko beste modu bat da, herri-mailakoa, eta azken hilabeteetan goraka doana; izan ere, energia-sistema deszentralizatua, efizientea eta elkarlanekoa sortzeko aukera ematen du.

Mondragon Unibertsitateak, MONDRAGON Korporazioak eta Repsol Fundazioak jardunaldia egin dute gaur, 10:00etatik 12:00etara, Arrasateko Garaia Parke Teknologikoan, energia-eredu hori aztertzeko. Era berean, gaur egun merkatuan dauden ereduen berri eman dute, horiei buruzko araudia azaldu eta arrakasta-kasu batzuk aurkeztu dituztelarik. Hitzaldi eta mahai-inguruen bidez, adituek energia-komunitateen inguruko zenbait alderdi azaldu dituzte. 

Mondragon Unibertsitateko errektore Vicente Atxak eta Repsol Fundazioko lehendakariorde Antonio Calçadak eman diote hasiera jardunaldiari. Itxieran, berriz, Aitor Arzuaga Alba Emission Free Energyko kontseilari delegatua, Iñigo Ansola Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusia eta Iñigo Ucin MONDRAGON Korporazioko lehendakaria aritu dira.

Ansolak adierazi du trantsizio energetikoa duela 40 urte hasi zela Euskadin, eta urte hauetan guztietan hartu diren neurri energetikoei esker, gaur egun kontsumoa % 50 aurrezten dela. Halaber, adierazi duenez, "Euskadin azken lau urteetan energia-eraginkortasunean 640 milioi euroko inbertsioa egin da".


Iñigo Ansola, EEEko zuzendaria: "Euskadin azken lau urteotan energia-eraginkortasunean egindako inbertsioa 640 milioikoa izan da".

Bestalde, Iñigo Ucinek, MONDRAGONeko presidenteak, adierazi du inplikatutako eragile guztiek: Administrazioak, enpresa publiko eta pribatuek eta herritarrek bat egin behar dutela energia-komunitate berriak martxan jartzeko. "Jasangarritasunaren eremuan eta definitutako trantsizioan bizkortu behar dugu, energia-komunitateak, proiektu egingarriak eta bideragarriak abian jarrita".

Ekitaldia Repsol Fundazioaren Open Room ekimenaren barruan antolatu da. Trantsizio energetikoari buruzko ezagutza- eta dibulgazio-gune digitala da Open Room, eta arlo publikoko, pribatuko, akademikoko eta sozialeko aditu eta erakunde ospetsuak ditu partaide. Open Roomek 10.000 kidetik gora biltzen ditu, eta horiek guztiek eskura dituzte trantsizio energetikoaren inguruko kalitate handiko informazioa eta ekitaldiak, askotariko formatuetan eta hainbat gairi buruzkoak: ekonomia zirkularra, energia-efizientzia, mugikortasun jasangarria, hidrogenoa, isuri baxuko erregai sintetikoak eta abar.

Azken hiru urteetan, trantsizio energetikoarekin lotutako 60 ekitalditik gora egin dira, eta 45.000 ikusle baino gehiago izan dituzte. Ekitaldiotan 300 hizlarik baino gehiagok hartu dute parte, eta horien artean daude, besteak beste, Europako Batzordeko kideak, ministroak, enbaxadoreak, Estatu-idazkariak, katedradun ospetsuak, alkateak, enpresa garrantzitsuetako lehendakari eta CEOak, esparru akademikoko eta zientziaren alorreko izen handiko adituak, eta elkarteetako, think tanks taldeetako eta nazioarteko erakundeetako ordezkariak.

Kontsumitzaile huts izatetik kontsumitzaile eta ekoizle izatera

Energia-komunitateen asmoa kontsumitzaileen eta energiaren arteko harremana eraldatzea da, helburu argiarekin: kontsumitzaile huts izatetik energiaren kontsumitzaile eta ekoizle izatera igaro daitezen. Energia-sistema efizientea sortuko duen zenbait eragileren arteko lankidetza-sarea da horretarako oinarria. Herritarrak, tokiko administrazioa eta enpresa txiki eta ertaina dira elkarlanean arituko diren eragile horiek.

Energia-komunitateek askotariko jarduerak jar ditzakete martxan: energia berriztagarrien sorkuntza, autokontsumo partekatuaren eta sorkuntza-instalazio partekatuen bidez; energia-banaketa; energia-hornikuntza, energia berriztagarria partaide guztien artean erosita; partikularren arteko «peer to peer» energia-trukea; energiaren biltegiratze partekatua; bertako bizilagunentzako, saltokientzako eta industriarako energia-efizientziako zerbitzuak eskaintzea, hala nola ibilgailu elektrikoak kargatzekoa, eta abar.

Ikerketa eta berrikuntzarako ekipamenduak

Banketxea

Irakaskuntza unibertsitate zentroa

Ingeniaritza eta arkitektura