2017-08-22T05:24:11+02:00

Tresna pertsonalak

TUlankide MONDRAGON

MONDRAGONeko Kontseilu Orokorraren aho bateko akordioa Fagor Etxetresna Elektrikoei buruz

2013/10/30

MONDRAGONen iritziz, proiektuak ez die merkatuaren beharrei erantzuten, eta eskatzen diren baliabide finantzarioek ez lukete enpresaren etorkizuna bermatzeko balioko.Korporazioak 300 milioi euro bideratu ditu Fagor Etxetresnetara kooperatiben arteko elkartasun babesaren kontzeptuan. Fagor Etxetresnen egoerak ez die Korporazioko gainerako kooperatibei eragiten, ez delako enpresa holding bat, erakunde independente eta autonomoen elkarte bat baizik. MONDRAGONek beharrezko elkartasun mekanismo guztiak abiaraziko ditu enpleguan sortutako eragina ahalik eta gehien murrizteko. Epe laburrera lan proposamen bat osatuko du, ohiko bideetatik zein bide berezietatik negozio berrien sustapenari lotutako eragile korporatibo guztiak aktibatzeko.

Korporazioaren Kontseilu Orokorrak ez du bideragarri ikusten Fagor Etxetresna Elektrikoek aurkeztutako proposamena eta, aho batez, bere iritzia da proiektua ez dela behar bezala egokitzen merkatuak dituen beharretara, eta eskatzen dituen baliabide finantzarioek ez luketela enpresaren etorkizuna bermatuko.

Korporazioak bere kooperatibek beraiek eta bere finantza tresna korporatiboen bitartez Fagor Etxetresnei azken urteotan laguntzak bideratu eta gero gertatu den egoera aztertu du, eta aho batez ondorioztatu du Fagor Etxetresna Elektrikoen bideragarritasun plana ez dela bideragarria.

Merkatua. Funtsezko alderdi bat dago, Fagor Etxetresnek merkatu globalean lehiatzeko duen ahalmenarekin zerikusia duena, lehiakide berriak eta joko arau berriak dituen sektore batean gertatzen ari diren aldaketa guztietara egokitzeari dagokionez. Eta hori berdin gertatzen da enpresa ororentzat, daukan izaera juridikoa edozein dela ere.

Korporazioa. Elkarrekiko independenteak diren kooperatiba autonomoen elkarte bat da hainbat elkartasun mekanismoz hornituta. Korporazioak bere kooperatiba guztien interesak defenditzen ditu, baina negozioen kudeaketaren erantzukizuna, ordea, horietako bakoitzaren gain dago.

Horrenbestez, Fagor Etxetresnen egoerak ez die Korporazioko gainerako kooperatibei eragiten, ez delako enpresa holding bat, erakunde independente eta autonomoen elkarte bat baizik.

Babes solidarioa. Azken urteetan, Korporazioak 300 milioi euro bideratu ditu Fagor Etxetresnetara kooperatiben arteko elkartasun babesaren kontzeptuan, tresna korporatiboen bitartez, gainerako kooperatiben laguntzen bitartez eta, azkenik, Fagor Taldean bertan kokatutako kooperatiben babes solidario hurbilagoaren bitartez.

Kontseilu Orokorraren konpromisoak

Halaber, MONDRAGONeko Kontseilu Orokorrak, egoera honek Fagor Etxetresna Elektrikoetako bazkideengan eta ingurunean duen eragin sozialaz jabeturik, zera adierazten du:

.. Korporazioak beharrezko elkartasun mekanismo guztiak abiaraziko ditu Fagor Etxetresnen egoeragatik enpleguan sortutako eragina ahalik eta gehien murrizteko. Horretarako, birkokapenak zein aurretiko erretiroak erabiliz, eta prestakuntza programak abiaraziz Fagor Etxetresnetako bazkideen enplegagarritasuna errazteko. Ekintza horiek guztiak Enplegu Bulego Korporatibotik koordinatuko dira –dagoeneko koordinatzen ari dira–, eta bertan parte hartzen dute Fagor Etxetresnetako Pertsonal sailak, Lagun-aro, EPSVk eta Korporazioko Gestio Sozialeko sailak.

.. Iraganak abalatzen du Korporazioak enplegua sortzeari dagokionez egindako bidea, eta bertan integratutako dibisio guztiek gaur egun ere ildo horretan jarraitzen dute. Gure kooperatibak askotariko sektore eta merkatuetan daude presente, eta hori bermea da epe ertain edo luzerako etorkizunean jarduera berriak sortzen eta, ondorioz, enplegua sortzen jarraituko dutela pentsatzeko. Gure negozioak beren merkatuetan lehiakorrak izatea berez albiste ona da Fagor Etxetresnetan soberan geratu den enpleguari irtenbidea emateko.

.. Jarduera sustatzailea areagotuko du. Kontseilu Orokorrak dagoeneko epe laburrera lan proposamen bat osatzeko konpromisoa dauka, ohiko bideetatik zein bide berezietatik, negozio berrien sustapenari lotutako eragile korporatibo guztiak aktibatzeko.

.. Konpromisoa hartzen du hurrengo Kongresuan jarduera horiek guztiak finantzatu ahal izateko ekimenak aurkezteko.

.. Datozen hilabeteetan Fagor Etxetresnei lankidetza eskainiko dio iraun dezaketen negozio unitateetan ahalik eta enplegu kopururik handiena babesten saiatzeko.

Eredu kooperatiboa

Halaber, MONDRAGON Korporazioak eredu kooperatiboaren aldeko apustua berresten du. Merkatu globalizatuaren testuinguruan, kooperatibismoaren berezko balioak (pertsonen protagonismoa, lanaren lehentasuna kapitalaren aurretik, kudeaketan parte hartzea eta kooperatiben arteko elkartasuna) etorkizuneko enpresak kudeatzeko giltzarriak dira gaur inoiz baino gehiago, egoera ekonomikoa aurkakoa izan arren eta egoera horrek edonolako enpresa erakundeentzat arazoak dakartzan arren. Horrenbestez, MONDRAGONek berretsi egiten ditu eredu kooperatiboa zein bere enpresa gehien-gehienen lehiakortasuna, arrakastaz beteriko ibilbide enpresarialean eta euskal, espainiar zein nazioarteko ekonomiaren hainbat sektoretan frogatu duen eraginkortasunean oinarrituta.

Bere historiako ia 60 urteetan zehar egin ohi duen bezala, MONDRAGONi atxikitako kooperatibek asmatuko dute egoera zail hau gainditzen, enpresetan merkatuetara egokitzeko erabakiak hartuz eta elkartasunerako dituzten mekanismo eta tresna guzti-guztiak erabiliz.

Horrez gain, MONDRAGONek herrialdearen aldeko konpromisoaren mezua helarazi nahi dio gizarteari, sendotasun eta batasun mezua, eta enpresa sarea eraldatzeko apustuaren mezua, balio erantsi handiagoko enpleguak sortzeko, egungo jokaleku globalak eskatzen duenarekin bat eginda. Azkenik, sosegu mezua ere helarazi nahi du, erabaki honen eraginak ebaluatu eta gero eta kudeaketarako dugun kaudimenaz eta gaitasunaz jakitun.


Bideoak


+ Bideo gehiago

Papereko edizioa
Jarraitu twitterren
LagunAro

Bazkideentzat promozioak

fagor-promo

Iradokizunak

iradokizunak