Udalarekin lortutako akordioari esker, Ikerlanek egoitza irekiko du Bilbon

Ikerlanek Bilbon duen lehen egoitza Matikoko Auzo Factoryko udal-instalazioetan egongo da. Teknologia sortu eta transferitu nahi du, eta talentua erakarri eta garatu, herriko erakundeekin, enpresa-poloekin, unibertsitateekin eta ikerketa-zentroekin elkarlanean.
Card image cap
Juan Mari Aburto, Bilboko alkatea, eta Ion Etxeberria, Ikerlaneko zuzendari nagusia.
2023/02/13

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak eta Ion Etxeberria Ikerlan zentro teknologikoko zuzendari nagusiak sinatu dute lankidetza-hitzarmena, Bizkaiko hiriburuan egoitza berri bat irekitzeko, Matikoko Auzo Factory-ko udal-instalazioetan.

Ekitaldian Iñigo Ucín, MONDRAGON Korporazioko presidentea, eta Bixente Atxa, Mondragon Unibertsitateko errektorea, enpresa-taldeko beste ordezkari batzuen artean, eta Xabier Ochandiano, Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Enpleguko zinegotzia izan dira.

Egoitza berriak teknologia digitalen, energiaren eta industria adimendunaren espezializazio-esparruetan ezagutza sortzeko eta enpresetara transferitzeko proiektu teknologikoak hartuko ditu bertan

Alkateak aurreratu duenez, hitzarmen honi esker, MONDRAGONeko eta BRTAko (Basque Research an Technology Alliance) kidea den zentro garrantzitsu hau Bilbon kokatu eta hedatuko da. Zentroak ia 50 urteko ibilbidea eta 400 pertsonatik gorako ikerketa-taldea du. Azaldu duenez, “hiriaren egitura ekonomikoa berrikuntzaren eta talentuaren bidez aberasten laguntzen duten enpresak gure hirira iristea erraztu nahi da; horrela, Bilboko zeregina indartu egingo dugu, inbertitzeko, ikertzeko eta kalitatezko enplegua sortzeko, batez ere gazteen artean, erakargarri eta lehiakorra den leku gisa. Gure helburua talentua erakartzen, atxikitzen eta garatzen laguntzea da, eta badakigu IKERLANek pizgarri horiek guztiak dituela”.

Proiektu teknologikoak Bilbon

Egoitza berriak teknologia digitalen, energiaren eta industria adimendunaren espezializazio-esparruetan ezagutza sortzeko eta enpresetara transferitzeko proiektu teknologikoak hartuko ditu bertan, eta egoitza berria zentroak gaur egun Galarretan (Hernani) eta Arrasaten (egoitza nagusia eta historikoa) dituenei gehituko zaie.

Ion Etxeberria teknologia-zentroko zuzendari nagusiarentzat, helburua bikoitza da. “Alde batetik —zehaztu du—, lankidetza eta teknologia-transferentzia indartu nahi ditugu Bilboko eta inguruko enpresei, hurbiltasun handiagotik”. Gaur egun, zentroak Bilboko eta Bizkaiko 60 enpresa baino gehiagorekin egiten du lan, batez ere batez ere energiaren, mugikortasunaren, fabrikazioaren, elektronikaren eta IKTen sektoreetan dihardutenekin (Ingeteam, Accenture, Iberdrola, Arteche, ArcelorMittal, Batz, Cikautxo, Maier, Osatu, ZIV Automation, Metro Bilbao, Bridgestone, Sener edo Sidenor dira bere bezeroetako batzuk), eta funtsezko azpiegiturak garatzen lagundu du, hala nola Bilboko metroa, Loiuko aireportua edo Bilboko tranbia.

Urtero, 10 unibertsitate baino gehiagotatik datozen 100 ikasle inguru trebatzen dira Ikerlanen

Bestalde, azaldu duenez, Bilbotik “talentu teknologikoaren garapena eta erakarpena bultzatu nahi dira, hirian jarduerak egiten dituzten unibertsitate nagusiekin lankidetzan”.

Urtero, 10 unibertsitate baino gehiagotatik datozen 100 ikasle inguru trebatzen dira IKERLANen, eta talentu-harrobi garrantzitsua osatzen dute zentroarentzat berarentzat eta harekin lankidetzan aritzen diren enpresentzat. 2022an, IKERLANek 60 profesional hartu zituen bere plantillan, eta horietatik % 30 Euskaditik kanpo zetorren, eta lurralderako talentua erakartzeko bultzada handia izan zen.

Ildo horretatik, adierazi du Ikerlanek beste urrats bat egin nahi duela Bilbon egoitza berria irekitzean: “Enpresei teknologia sortu eta transferitzea, eta talentua erakartzea eta garatzea, Bilboko erakundeekiko, enpresa-poloekiko, unibertsitateekiko eta ikerketa-zentroekiko gertutasunetik eta lankidetzatik abiatuta.

Bilbon hazkundea

Egoitza berria hogei bat profesionalekin hasiko da, eta epe ertainean IKERLANek Bilbon ehun bat langile izango dituela aurreikusten da. Horrela, balio erantsi handiko enplegua sortzen eta hirira talentu teknologikoa erakartzen lagunduko du.

Gainera, zentroak prestakuntza espezializatua eskainiko du eta dibulgazio eta hedapen teknologikoko ekitaldiak antolatuko ditu, besteak beste, zibersegurtasuna, adimen artifiziala, konputazio kuantikoa eta trantsizio energetikorako beharrezko teknologiak, nazioartean garrantzia duten ikerlarien eskutik. Halaber, Bilboko enpresa eta ETE teknologikoentzako teknologia-eskaintza aurreratuena eta hiriaren nazioarteko proiekzio teknologikoa indartzen lagunduko du (gaur egun, IKERLANek Europako 40 proiektutan parte hartzen du, nazioarteko erreferentzia-zentroekin batera, hala nola Fraunhofer edo VTT, eta horietako 10etan liderra da).

2022an, IKERLANek 28 milioi euroko diru-sarrerak izan zituen guztira, eta asmo handiko Espezializazio Teknologikorako Plana du. Plan horretan, 50 milioi euro erakartzen dira hiru espezializazio-lerroetako ikerketa-proiektuetarako 2025era arte.

Ikerketa zentro teknologikoa