Ternua Dikarren integratu zenetik urtebete: "Jasangarritasunak apustu zintzo eta eskuragarria izan behar du"

2025eko urrian, Dikar kooperatibak Ternua outdoor ekipamendu-marka erosi zuen, eta operazio horrek marka gipuzkoar historikoaren etorkizuna bermatu zuen. Gaur, urtebete geroago, Sonia Rodriguez Ternuako zuzendari nagusia TU Lankide podcastean izan da integrazioaren lehen urte honen balantzea egiteko eta 2027ko bildumaren gakoak azaltzeko; kudeaketa berriaren esku goitik behera diseinatu den lehen bilduma, hain zuzen ere.
Card image cap
2026/10/27

Dikarren aterpean igarotako lehen urte honetan, berregituratze sakona egin da. Lantaldeak instalazio berrietara egokitu eta markaren betiko talentua zein langile berriak uztartu behar izan ditu. Rodriguezek azpimarratu duenez, integrazioak —MONDRAGON ekosistemaren babesarekin— negozioa berme osoz suspertzeko eta produktuaren garapenean zentratzeko beharrezkoak diren finantza-lasaitasuna eta kudeaketa-euskarria eman dizkie.

Lantaldeak aurkeztu die jada dendei 2027an kaleratuko den bilduma. Lerro berri honek Ternuaren DNAri eusten dio (teknikotasuna, iraunkortasuna eta berrikuntza), baina aurrerapauso nabarmenak eman ditu ekonomia zirkularrean, araudi berrietara eta klima-aldaketara egokitzeko:

  • Diseinu zirkularra eta monomateriala: jantzi berrien % 64k diseinu zirkularra dute (material birziklatuekin eginak dira eta bizitza erabilgarria amaitzean berriz birziklatu daitezke) eta % 54 monomaterialak dira, horrek asko errazten baitu geroko birziklapena.
  • Trazabilitatea: jantzietan pasaporte digital bat ezarriko da, jasangarritasun hori benetakoa eta frogagarria dela bermatzeko.
  • Konpongarritasuna: Ternuak konponketa-tailer propioa jarriko du martxan. Izan ere, arropa hasieratik bertatik diseinatuko da bizitza erabilgarria 10 edo 15 urtez luzatu ahal izateko.
  • Aldakortasuna: jantzi teknikoak egunerokoan ere erabiltzea bilatzen da, kontsumo masiboa murrizteko xedez.