Mondragon Unibertsitateko Diseinu Estrategikoko Masterreko ikasleek bi sari jaso dituzte

Irakaskuntzako eta Diseinuko 10. BID Topaketan jaso zituzten sariak, Madrilen egindako ekitaldian. 65 unibertsitatetako 191 ekimenen artean aukeratu dira proposamenak .
Card image cap
2023/11/23

Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoko Diseinu Estrategikoko Unibertsitate Masterreko ikasleek osatutako talde batek bi sari jaso ditu, Madrilen egin berri den Diseinuaren Biurteko Iberoamerikarraren 10. Topaketan; hain zuzen, proiekturik onenaren saria jaso zuen bi kategoriatan: batetik, Zerbitzu Diseinuan eta, bestetik, Diseinu eta Berrikuntza Sozialean. Topaketa hori diseinuarekin lotutako ekitaldi iberoamerikarrik garrantzitsuenetakoa da gaur egun.

Proiektu irabazlea, «Erein Etxekidetza»

Proiektu irabazlea, «Erein Etxekidetza», Sara Gondra, Aitor Domingo Aizpuru, Estíbaliz Cardaño, Ricardo Mantecón, Maialen Ane Mateo, Aritz Lekuona eta Saioa Guezuraga ikasleen lana da. Proposamenaren ardatza Belaunaldiarteko Eko Etxekidetza etorkizuneko komunitatea sortzea da; hain zuzen, Arrasateko (Gipuzkoa) La Merced ikastetxe zaharraren eraikinean egitea dago proiektatuta. Helburua da gizarte-integrazioa eta partaide izatearen sentimendua sustatzea, elkarrekin antolatutako komunitate-jardueren bidez. Egoiliarren eta auzoko bizilagunen beharrei erantzungo diete jarduera horiek.

Mondragon Unibertsitateak 25 urtetik gorako ibilbidea du Industria Diseinuko ingeniariak prestatzen

Masterraren koordinatzaile Ion Iriartek adierazi duenez, «irakasleon iritziz, masterrak zerbitzuen diseinuaren diziplinan garatzen duen prestakuntza-lana aintzatesten du sariak; izan ere, gure ustez, masterra erreferentzia eta aitzindaria da diziplina horretan. Diseinuak gizarte-berrikuntza eta -eraldaketarako tresna gisa duen inpaktu estrategikoaren isla da saritutako proiektua».

Bestalde, talde irabazleko kide den Sara Gondrak azpimarratu duenez, «esperientzia oso aberasgarria izan da, proiektuak mundu profesionalera hurbildu gaituelako eta zentzua eman diolako masterrean zehar ikasi dugunari. Gainera, zerbitzuen diseinuaren garrantzia nabarmendu dugu, gizarte-erronkei aurre egiteko diziplina gisa». Bestalde, gehitu duenez, «oso pozik gaude, sari honek agerian jarri baitu horrelako gizarte-berrikuntzetan diseinuaren profesional gisa izan dezakegun potentziala». 

Adinekoentzako arreta-eredu bat

La Merced ikastetxe zaharrean ezarriko den Belaunaldiarteko Eko Etxekidetzaren proiektua, Arrasateko udalerrirako diseinatua, Hariak – Gipuzkoako bakardadeen aurreko estrategiaren parte da. ISEA S. Coop. sozietateak, ADINBERRI Fundazioak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatzen dute, Etorkizuna Eraikiz planaren testuinguruan. Ekimen horren bidez, jarduera aitzindari bat jarri nahi da martxan, adinekoentzako arreta-eredu berri bat garatzeko. Gipuzkoako muturreko zahartze-mailek berekin dakartzaten gizarte-aldaketei eta adinekoentzako eta gazteentzako zuzkidura-etxebizitzen eskariari erantzutea du helburu.

Saria lortu duen «Erein Etxekidetza» proposamenak nabarmentzen duenez, garrantzitsua da tokiko komunitateari Belaunaldiarteko Eko Etxekidetza proiektuari buruz informatzea eta horren inguruan kontzientziatzea

Bizitegi-gunean, belaunaldiarteko hainbat zerbitzu egongo dira egoiliarrentzat, adinekoen bizitzarako eta garapenerako ingurune eta espazio egokiak sortzeko, inklusibitate- eta ahalduntze-testuinguru batean. Proiektuak askotariko jarduerak egiteko guneak aurreikusten ditu; adibidez: osasuna eta ongizatea, elkarteak eta boluntariotza, iraganaren berreskurapena, haurren aisialdia, produktuen eta zerbitzuen aldi baterako esperimentazioa, informazioaren teknologiak eta ikaskuntza-komunitateak.

Saria lortu duen «Erein Etxekidetza» proposamenak nabarmentzen duenez, garrantzitsua da tokiko komunitateari Belaunaldiarteko Eko Etxekidetza proiektuari buruz informatzea eta horren inguruan kontzientziatzea, sare sozialen, ekitaldi publikoen eta antolatutako bisiten bidez. Proposamenak honako hauek aurreikusten ditu: nork bere burua zaintzeko, haur-hezkuntzarako eta administrazio-izapideetarako zerbitzu profesionalizatuak; asoziazio-zerbitzuak, komunitateko bertako mentoreek gainerako bizikideak hainbat arlotan hezteko, eta egoiliarren bizikidetza, parte-hartze aktiboa eta ongizate kolektiboa sustatzeko oinarrizko zerbitzuak. Proposamenaren helburua da etorkizuneko egoiliarrei gizarte-bizitza aktiboa eratzen laguntzea, belaunaldiarteko eta kulturarteko lotura berriak sortuz eta etengabeko ikaskuntza sustatuz.

Ospea eta aintzatespena

Mondragon Unibertsitateak 25 urtetik gorako ibilbidea du Industria Diseinuko ingeniariak prestatzen. Horren erakusgarri dira nazio- eta nazioarte-mailan lortutako ospea eta aintzatespena. Enpresetan gero eta gehiago eskatzen da industria-diseinuan edo diseinu estrategikoan trebatutako gazteen profila. Halaber, gero eta beharrezkoagoak dira ezagutza hauek enpresetako lantaldeetan: erabiltzailearen esperientzia, zerbitzu berritzaileen diseinua, pertsonengan ardaztutako diseinua, diseinu inklusiboa, ekodiseinua eta partaidetzako diseinua.  

Produktu eta Zerbitzuen Diseinu Estrategikoko Masterra eskaintzen du Mondragon Unibertsitateak 2010. urteaz geroztik, diseinu estrategikoan aitzindaria dena eta arlo horren inguruko prestakuntza integrala ematen duena. Horrela, hainbat helburutarako trebatzen ditu ikasleak: modu estrategiko eta berritzailean pentsatzeko; diziplinak aplikatzeko, hala nola zerbitzuen diseinua, partaidetzako diseinua eta erabiltzaile-esperientzia, eta erakundeetan diseinuaren integrazioa kudeatzeko. Masterrak % 0ko langabezia-tasa du, eta ikasle ohien % 100 ari da ikasketarekin zerikusia duen lanpostu batean (% 100eko lotutako enplegua).

 

Irakaskuntza unibertsitate zentroa

Mondragon Unibertsitateko ingenieritza fakultatea