Irakurriena
- 1. 10 proiektu saridun, 2024ko MONDRAGON TFG-TFM sarietan
- 2. Konfortaren merkatura itzuli da Fagor
- 3. XII. MONDRAGON Foroak kooperatibetako 400 lagunetik gora bildu ditu Kursaalen
- 4. Javier Amezaga, MONDRAGONen Ekipamendu Dibisioko zuzendari nagusi berria
- 5. MONDRAGON eta Mondragon Unibertsitatea Méxicok berrikuntza eta talentuaren garapenerako lankidetza indartu dute Latinoamerikan
- 6. Valentziako kaltetuei laguntzeko kanpainak zabalik jarraitzen du Eroskin
- 7. Pello Rodriguez lehendakariarekin batzartu da Lehendakaritzan
- 8. MONDRAGONek Finantza Foroa egin du
- 9. Matricik likidazio-fasea irekitzeko eskatu du
- 10. “Ilusioz beteta nago, MONDRAGON proiektu liluragarria da”
Mondragon Unibertsitateak, TZBZk eta Last Tour-ek LEINN gradua abiarazi dute Berlinen
Orain arte, unibertsitate-testuinguruan ez zegoen industria sortzaile eta kulturalei zuzendutako eta norbere negozio-ekimenak lehen egunetik martxan jartzea helburu nagusitzat zuen ekintzailetza-prestakuntzarik. Hori da datorren udazkenean Berlinen martxan jarriko den eta kultura, sorkuntza eta ekintzailetza uztartzen dituen LEINN graduaren xedea.
Industria Sortzaile eta Kulturalek (ISK) sektorearen hazkunde esponentzialean parte hartuko duten profil profesionalak sortzeko duten premiaren ondorioz sortu da proposamena.
LEINN, enplegagarritasun-errekorra duen unibertsitate-gradua (ikasleen % 97 lanean ari da), premia horiei enpresa-ikuspegitik erantzuteko asmoz iritsi da artearen eta kulturaren mundura. Finlandiako ikaskuntza-metodologia erabiltzen du, “Team-entrepreneurship” eta “Learning by Doing” metodologietan oinarrituta. Hori da Mondragon Unibertsitatearen LEINN (Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza) proiektuaren abiapuntua. Proiektuak 12 urte daramatza bere eraginkortasuna erakusten mundu osoan kokatutako Mondragon Team Academy (MTA) laborategietan, eta oraingo honetan TZBZrekin eta LAST TOURekin batera garatuko du Berlingo MTA laborategitik.
Hezkuntza-berrikuntzaren bidean, beste urrats bat egin da gradu hori sortuta. Gradu horri esker, ekintzailetza aplikatuko zaie industria kultural eta sortzaileei, Last Tourrekin lankidetzan. Last Tour herrialdeko kultura-eragile dinamikoenetako bat da, eta ezaguna da Bilbao BBK Live moduko musika-bira eta -jaialdien eta BIME PRO kongresuaren sustatzaile gisa egindako lanagatik, bai eta Europan sektoreko ekitaldi dinamizatzaile nagusietako bat izateagatik ere. Lau urtean zehar, talde-ekintzailetzaren bitartez eta azterketen ordez sorkuntza-, irismen- eta inpaktu-ahalmena saritzen duten irizpide praktikoak aintzat hartuz, Industria Kultural eta Sortzaileen sektorean benetako proiektuak sortuko dituzten ekintzaile bihurtuko dira ikasleak.
LEINNen kasua oso deigarria da, eta munduan zehar izan duen hedapena ezohiko fenomenoa da esparru akademiko-unibertsitarioan. Oso titulu gutxik eskaintzen duten eta talde-ekintzailetzaren hazia munduan zabaltzea lortzen ari den nazioarteko garapena da. Ikasle gradudunen % 97k enplegua lortzen du ikasketak amaitzean, % 56k startup propioa sortu du edo sortzen ari da, eta lehendik dauden enpresetan lanean ari direnen % 41 barne-ekintzailetzako edo berrikuntzako proiektuak garatzen ari da.
Matrikula irekita dago eta honako helbide hauetan eska daiteke informazioa: www.mondragon.edu/leinn (LEINN Berlin Ateak Zabaltzeko Eguna) edo www.leinnarts.com helbidean. Ikasturtea 2020ko irailean hasiko da Berlinen. Graduak 4 urteko iraupena izango du, eta nazioarteko egonaldiak egingo dira Berlinen, Bilbon, Bogotan, Seul-Shangain eta New Yorken.
Industria Sortzaileen potentziala
Industria Sortzaile eta Kulturala (ISK) sektore estrategikoa da eta munduan gorakako joera du, dudarik gabe. Azken urteotan, estatistika ugarik frogatu dute sektore horrek gero eta garrantzi handiagoa duela eta ekonomiaren garapenean eta hirien biziberritzean eragina duela. Ekonomia sortzaileak % 6,1eko ekarpena egiten dio munduko BPGd-ari (576 bilioi euro) eta % 3,3koa estatuko BPGd-ari. Berlin Europako erreferentziazko hiria da industria horietan, eta BPGd-ari % 12,3ko ekarpena egiten dio.
Ekonomia sortzaileak eredu ekonomiko garbi, ekologiko eta jasangarriak proposatzen ditu. Hori dela eta, herrialdeak aspalditik ari dira horrelako programak martxan jartzen beren sormen-talentua aktibatzeko, ateratzeko eta atxikitzeko eta sormen hori errentagarri egiteko. Emaitza garapen, hazkunde, lehiakortasun, bereizketa eta balio erantsiaren iturri agortezina da, bai jarduera tradizionaletan, bai oinarri teknologiko kulturaleko jardueretan.
Hori dela eta, Mondragon Unibertsitateak, Mondragon Team Academy nazioarteko ekintzailetza-sarearen bidez, TZBZrekin eta Last Tourrekin batera, industria sortzaileetako LEINN gradua jarriko du martxan irailetik aurrera Berlinen, modu espezifikoan industria sortzaile eta kulturalei zuzenduta. Ekintzailetza-sare horrek, mundu osoko 2.400 ekintzailez osaturik dagoenak, ekintzailetzaren arloko gradua eta graduondokoa prestatzen eta mundu osoan bultzatzen ditu. Helburua Arte Sortzaileen eta Industria Kulturalen esparruan ekintzaile-taldeak prestatzea da.
Industria sortzaileetako hurrengo ekintzaileak eta creative changemakers deiturikoak izan nahi duten pertsonei zuzenduta dago. Ikaskuntza-prozesu horrek enpresa-ezagutzak eta sorkuntzarako eta ekintzailetzarako indarra emango dizkie, lanbide-aukera propioak sortzeko eta proiektu eta negozio arrakastatsuen buru izateko.