Irakurriena
- 1. Idoia Mujika Uribesalgok hartuko du bere gain Mondragon Lingua-Alecopen zuzendaritza nagusia
- 2. Osartenek eskaintzen dituen zerbitzuek bikainekoa jaso dute
- 3. Oroi, LEINNetik sortutako enpresa teknologikoa
- 4. MONDRAGON Mexikoko Unibertsitatearen 10. urteurrena
- 5. Eusko Jaurlaritzak hiru milioi euroko laguntzak eskaintzen ditu adimen artifiziala sustatzeko enpresetan
- 6. 3Kimu proiektuak aukeratu ditu bederatzi lan finalistak
- 7. Ikerlanek 28 milioi euroko diru-sarrera historikoak lortu ditu
- 8. Ausolan, 2023ko Enpresen lasterketan irabazle
- 9. Orbeak bere proiektua sendotu du mila pertsona baino gehiagorekin
- 10. 2023ko Itzuliaren irteerak eman dio hasiera ofiziala EIKAren 50.urteurreneko ekitaldiei
Mondragon Unibertsitateak Hezkuntza Dualeko Europako Unibertsitate Aliantzaren biltzarra egin du

Mondragon Unibertsitateak, EU4DUAL Hezkuntza Dualeko Europako Unibertsitate Partzuergoko buruak, erakundearen I. biltzarra antolatu zuen atzo, osteguna, Donostian. Biltzarraren helburua Europako goi-mailako hezkuntzaren kalitatea eta lehiakortasuna hobetzea da, erronka globalak konpontzeko prestakuntza duala erabiliz.
Prestakuntza dualean aitzindari diren Europako 9 unibertsitatek munduko hezkuntza dual integratuko erakunderik handiena sortu nahi dute, maila akademikoa eta enpresa-maila ezin hobe uztartzeko.
EU4DUAL Hezkuntza Dualeko Europako Unibertsitate Aliantza honako hauek osatzen dute: Duale Hochschule Baden-Württemberg (Alemania), Mondragon Unibertsitatea (Espainia), FH JOANNEUM Gesellschaft mbH (Austria), Savonia UAS (Finlandia), ESTIA Institute of Technology (Frantzia), Neumann János Egyetem (Hungaria), PAR University College (Kroazia), Malta College of Arts, Science and Technology (Malta) eta Koszalin University of Technology (Polonia). Goi-mailako hezkuntza-erakunde akademikoak dira horiek guztiak, industrializazio-maila handiko eskualdeetan daude, eta konpromiso sendoa dute eskualde horietako enpresa-inguruneekin. Izan ere, beren hezkuntza-eredu kooperatibo edo dualak garatu dituzte haietan. Eredu horietan, ikasleek ikastaldi praktikoak —enpresetan eta erakundeetan— eta ikastaldi akademikoak konbinatzen dituzte.
Biltzarra Mondragon Unibertsitateko Orona Ideo campusean egin zen eta amaieran, Mondragon Unibertsitateko errektoreordeak, Jon Altunak, ondorioak irakurri zituen.
Europako erronkei erantzutea
Aliantzaren helburua prestakuntza duala erabiltzea da Europako gizarte-erronkei aurre egiten laguntzeko, aliantzako unibertsitate guztiek esperientzia handia baitute horietan. Hona hemen erronka horietako batzuk: klima-aldaketa, deskarbonizazioa, digitalizazioa eta zahartze osasuntsua.
EU4Dual aliantza ezagutzak sortzen saiatuko da, hezkuntzaren eta I+G+B jardueren bidez etorkizun jasangarriagoa lortzen eta gizartea eta enpresak arduraz garatzen laguntzeko. Horretarako, adituak prestatuko dituzte unibertsitateek, gai hauetan, besteak beste:
- 5.0 industria. Horretan, gizakiek, makinek eta errealitate areagotuak gero eta hurbilago egingo dute lan, mundu interkonektatu batean.
- Zahartze osasuntsua. Pertsonak ahalduntzea du helburu, bizimodu hobea izan dezaten, osasuna, nutrizioa eta teknologia hobeto konbinatuz.
- Ekonomia berdea. Haren helburua karbono gutxiko ekonomietarako eta baliabide eraginkorretarako trantsizioa babestea da.
2025erako, aliantzak helburu hauek ditu:
- Lankidetza-mekanismo bat ezartzea, mugak gaindituz irakaskuntzan, ikerketan eta dibulgazioan lankidetzan aritzeko, gizarte-erronka handiak ardatz hartuta.
- Unibertsitate dualak eskaintzen dituen programa gehienetan gutxienez erakundeko bi kideren ikerketa-, irakaskuntza- edo praktika-jarduerak sartzen direla bermatzea.
- Mikroegiaztagirien baterako atari bat martxan jartzea, erronka handiekin lotutako garapen profesional jarraitua eskaintzeko.
- Helburuak lortzen lagunduko duten proiektuak batera ikertzeko ekosistema bat sortzea.
- Nazioz gaindiko lanean oinarritutako ikaskuntza-programa bat sortzea, tokiko eta nazioarteko enpresen laguntzarekin.