TUlankide MONDRAGON

Mondragon Unibertsitateak eta MONDRAGON Korporazioak gradu-amaierako euskarazko proiektuak saritu dituzte

2019/05/20

Markel Azkue Etxeandia eta Nagore Etxebarria Altuna izan dira sarituak, biak Goi Eskola Politeknikoko ikasleak.
Mondragon Unibertsitateak eta MONDRAGON Korporazioak gradu-amaierako euskarazko proiektuak saritu dituzte

Markel eta Nagore, erdian, epaimahaiaren ordezkariekin.

Mondragon Unibertsitateak eta MONDRAGON Korporazioak euskaraz egindako karrera-amaierako proiekturik onenei sariak eman dizkiete maiatzaren 17an, MONDRAGONek Arrasaten duen egoitza nagusian.

Aurtengo edizioan, Mondragon Unibertsitateko bi proiektu saritu dira, biak Goi eskola Politeknikokoak. Lehen sariaren irabazlea Markel Azkue Etxeandia izan da, Ikerlanentzat egindako «Aplikazio industrialetarako energiaren biltegiratze-sistema hibridoen analisia» lanagatik eta 1.500 euroko saria jaso du. Bigarren sariaren irabazlea Nagore Etxebarria Altuna izan da, FAGOR Arrasaterentzat egindako proiektu honengatik: »Formatu kargatzailea eta elikapen lerroa uztartzen dituen prentsa baten elikapen sistemaren diseinua». Kasu honetan, 500 euroko saria eman diote.

Fakultate bakoitzeko bi ordezkarik eta Korporazioko batek osatutako epaimahaiak Korporazioko enpresetan egin eta sariketara aurkeztutako proiektuak aztertu dituzte.

Sariok duela zortzi urte sortu ziren, MONDRAGON Korporazioko Euskara Batzordearen ekimenez, Mondragon Unibertsitateko ikasleek lan-munduan sartzeko egin beharreko ikasketa-amaierako proiektuak euskaraz egin zitzaten. MONDRAGON Korporazioak erronka hori jasoa zuen bere Plan Estrategikoan, eta 2010ean lantalde bat sortu zuen, Korporazioko eta Unibertsitateko kideez osatua, sariak abian jartzeko. 

Guztira 582 proiektu garatu dira Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultatean, Goi Eskola Politeknikoan eta Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean. Horietatik 187 euskaraz egin dira, alegia, %32. MONDRAGONeko kooperatibetan 120 proiektu landu dira eta bertan euskaraz garatutako 22 proiektuek parte hartu dute lehiaketan. Aurkeztutako proiektu guztiek maila tekniko handia dute, eta euskaraz ongien idatzitakoak izan dira sarituak.

Epaimahaia osatzen duten fakultate bakoitzeko kideak hauek izan dira: Eneko Bidegain eta Karmele Perez (HUHEZI), Rafael Altuna eta Miriam Leibar (Enpresagintza), Xabier Arrasate eta Pedro Urteaga (Mondragon Goi Eskola Politeknikoa) eta Ander Etxeberria (MONDRAGON Korporazioa). Proiektuak sakon aztertu ondoren, epaimahaikideak ados jarri dira puntuazioa eman eta saridunak aukeratzeko orduan.

Eguraldia
Igandea 20 Min: 8
Max: 15
Astelehena 21 Min: 6
Max: 17
Asteartea 22 Min: 6
Max: 14
Bideoak


+ Bideo gehiago

Papereko edizioa
Jarraitu twitterren
LagunAro

Iradokizunak

iradokizunak