Irakurriena
- 1. Euskara bizi-bizirik kooperatibetan
- 2. 10 proiektu saridun, 2024ko MONDRAGON TFG-TFM sarietan
- 3. Konfortaren merkatura itzuli da Fagor
- 4. XII. MONDRAGON Foroak kooperatibetako 400 lagunetik gora bildu ditu Kursaalen
- 5. Javier Amezaga, MONDRAGONen Ekipamendu Dibisioko zuzendari nagusi berria
- 6. MONDRAGON eta Mondragon Unibertsitatea Méxicok berrikuntza eta talentuaren garapenerako lankidetza indartu dute Latinoamerikan
- 7. Valentziako kaltetuei laguntzeko kanpainak zabalik jarraitzen du Eroskin
- 8. Pello Rodriguez lehendakariarekin batzartu da Lehendakaritzan
- 9. MONDRAGONek Finantza Foroa egin du
- 10. Matricik likidazio-fasea irekitzeko eskatu du
Mikel Alvarez: “Txertoaren zain, lagin eta froga gehiago behar dira. Ez dugu birusa mugatzeko beste modurik”
Covid-19a eta munduan izan duen eraginaz hitz egiteko, goazen lehendabizi aurrekariak errepasatzen.
Bai, izan ere pentsatu behar dugu Covid-19 pandemia hau orain dela sei hilabete agertu zela. Azken urte hauetan beti egon da epidemia bat etorri litekeenaren mehatxua. Izan ere, birusak eta bakteriak noizbehinkako agerraldiak egiten dituzte; esate baterako Ebola, hegazti-gripea, txerri-gripea, eta beste hainbat.
Gogoan dut 2003. urtean SRAS brotea izan zela Txinan. Momentu hartan Basurtoko ospitalean egiten nuen lana eta pentsatu genuen agian Europara ere iritsiko zela, eta kasuren batzuk eman ziren arren, mugatu egin zen eta 8.000 kasu inguru besterik ez ziren eman munduan. Zergatik mugatu zen? Inork ez daki!
Orain, koronabirusaren lehen kasuan eman zirenean ere denok pentsatu genuen mugatu egingo zela, eta Wuhanen bakarrik emango zela. Ez da horrela gertatu eta ezustean harrapatu gaitu.
Eta gripe bat izango zelakoan, baina askoz ere larriagoa suertatu da.
Horrelaxe da! Zentzu honetan, nik esango nuke gure aldetik erreakzionatzeko gaitasuna agian motelegia izan zen. Izan ere, Txinatik jasotzen genuen informazioa nahiko garrantzitsua zen, batez ere hilkortasun aldetik eta gaixotasun larriak eragiteko portzentajeagatik. Eta agintari akademiko zein politikoen aldetik entzun genuen agian gripe bat izan zitekeela baina tentuz irakurriz gero Txinan gertatzen ari zena, edonor konturatuko zen ez zela horrela. Eta, azkenean, harrapatu gintuen biluzik eta pasatu zen lehen olatu hori.
Irtenbide bezala, txertoa litzateke eraginkorrena ezta?
Gizarteak koronabirusa mugatzeko dituen tresnak oso urriak dira; beraz, gure arteko kontaktuak mugatzea, besterik ez dago!
Normalean birusak ez du izaten tratamendu espezifiko bat, bakteriak bai, eta infekzio birikoen kontrako neurri mediku garrantzitsuena txertoa izaten da. Baina, txertoa garatzeko bost urte inguru behar izaten dira. Kasu honetan, munduan duen eraginagatik eta momentuko egoeragatik, txertoa garatzea lehenetsi egin da eta diru asko bideratu da horretara. Seguruenik denbora laburragoan lortuko da txertoa; esaten dutenagatik datorren urteko erdialdean izan dezakegu. Gero ikusi beharko dugu horiek zenbateraino izango diren eraginkorrak!
Beraz, guk uste genuena baino hilkortasun handiagoa eta eragin sanitario handiagoa izan du eta oraindik ere badu koronabirusak. Gizarteak hau mozteko dituen baliabideak, tratamendu aldetik, oso urriak dira eta txertoaren zain egon beharko dugu. Ondorioz, gizakion arteko kontaktuak mugatzea besterik ez dago. Arnas aparatuko infekzioa denez, beharrezkoa da maskarak erabiltzea, eskuak garbitzea, etxean geratu eta gure harremanak mugatzea.
Neurri horiek konfinamendu garaian bizi izan ditugu zorrotz eta, egia da, lortu genuela birusa mugatzea.
Gure sistema produktiboa zaindu nahi badugu, hainbeste maite ditugun giza harremanak mugatu beharko ditugu, derrigorrez.
Hori da. Kolpean mugatu genituenean harreman hauek lehendabiziko olatuaren indarra gutxitzea lortu genuen baina olatua berriz ere gurera iritsi da eta berriz ere berpiztu egin da eta berriro broteak ematen ari dira, hain justu ere harremanetan eta gure artean kontaktuak izaten hasi garenean.
Zentzu horretan, uste dut muga gehiago jarri beharko genituzkeela. Gure sistema produktiboa zaindu nahi badugu, hau da, lanean jarraitu nahi badugu, hainbeste maite ditugun giza harremanak mugatu behar ditugu derrigorrez. Bestela, produkziora saltoa ematen badu, berriz ere konfinamendura bueltatuko gara eta beste olatu mota bat etorriko zaigu: pobreziarena.
Eta neguan zer gerta daiteke? Arazoa areagotu daiteke?
Birusak normalean estazionalak dira, hau da, neguan ematen dira gehiago. Orain berriz, birusaren prebalentziagatik koronabirusa udan ere ematen ari da eta gauzak gehiago okertu daitezke bere giro propioa bilatzen badu neguan. Izan ere, neguan orain dela ehundaka urte gugana etortzen diren beste birusak ere etorriko dira eta koronabirusarekin nahastuko dira. Horregatik, berriro diot, beharrezkoa da neurri zorrotzagoak hartzea eta gure harremanak mugatzea: gutxiago bidaiatu, lagun arteko kontaktuak sakrifikatu…
Neguan, egoera okertu daiteke, urtero gugana iristen diren beste birusekin nahastuko baita koronabirusa.
Mondragon Unibertsitatearen lehendakari zaren heinean, nolakoa izango da ikasturte hasiera?
Arlo akademikoari begiratuta, pentsatu behar da gazteak harreman gehiago dutela euren artean pertsona nagusiak baino. Horregatik, mugatze neurriak hartu beharko ditugu nahiz eta ezin dugun erabateko itxiera egin, ez industrian, ez hezkuntzan, ez gizarte-harremanetan ere.
Horregatik, dekano eta zuzendaritza taldeak pentsatu duena zera da: lehen mailetan gelak egokituko dira eta prebentzio neurriak ezarri. Izan ere, urte hauetan presentziak ezinbesteko garrantzia du. Hortik aurrera, hirugarren eta laugarren mailako ikasleekin beste sistema batzuk ezarriko dira, presentzia eta baliabide elektronikoak erabilita.
Aurrera begira, zeintzuk dira aurreikuspenak? Zer egin dezakegu okerrera ez egiteko?
Gauden egoeran eta aurrera begira, aukera ezberdinak. Txertoa etorriko da baina kostatuko zaio eta gainera gero produzitzea lehenetsi beharko da, 8.000 milioi pertsonentzat produzitzea, behar diren dosietan. Farmakoen aldetik ere kostatuko zaio zerbait efikaza eta efektiboa lortzea.
Historia laburrean, guk ez dugu antzeko egoerarik ezagutu, eta gure gurasoek ere ez. Agian gure aiton-amonek bai, 1918. urteko gripearen epidemiarekin. Baina, lehen enbataren ondorengo datuak ikusita, argi dago ohiturak aldatu behar ditugula, harreman sozialak mugatu, pertsona nagusiak babestu…
Eta, administrazio edo osasungintzan dauden planifikatzaileek duten tresnarik eraginkorrena trazabilitatea egitea dela, hau da, lagin asko hartu eta frogak egin, birusa kontrolatu eta mugatzeko. Hori egin gabe ez dugu irtenbiderik bilatuko.