Irakurriena
- 1. Arizmendiarrieta Gunea zabalik da Otaloran
- 2. Eroski Taldeak 17,8 milioi euroko emaitza positiboa izan du 2026ko lehen hiruhilekoan
- 3. LKS Next-ek 85 milioi euroko langa gainditu du 2025ean eta % 19ko bilakaera izan du 2026ko hasieran
- 4. "Kooperatibismoari kontakizuna falta zaio. Ez istorio faltagatik, baizik eta kodeak ez direlako gaur egungoekin bat etortzen"
- 5. Batzek 69 milioi euroko finantzaketa sindikatua itxi du 2032ra arteko hazkundea sustatzeko
- 6. MONDRAGONek 11.322 milioiko salmentak lortu zituen 2025ean, eta 1.346 enplegu berri sortu
Lanbiderekin batera hiru ikastaro eskainiko ditu Eskola Politeknikoak
Mondragon Goi Eskola Politeknikoak beste hiru ikastaro eskainiko ditu langabeentzat, Lanbiderekin elkarlanean. Lehenengoak Fabrikazio mekanikoko produktuen diseinua izango du ardatz; bigarrenak, Txirbil-harroketaren bidezko mekanizazioa, eta hirugarrenak, azkenik, Mekanizazio, konformazio eta muntaia mekanikoko produkzioa. Lehen bi ikastaroak irailaren 18an hasiko dira, eta hirugarrena, urriaren hasieran. Sei hilabete iraungo dute. Ikastaroak Arrasateko campusean bertan emango dira, aurrez aurre. Lehen biak astelehenetik ostiralera emango dira, 13:30etik 18:30era, eta hirugarrena, berriz, 08:00etatik 14:00etara. Denek izango dute enpresan praktikak egiteko modulu bat.
Ikastaroak Arrasateko campusean bertan emango dira, aurrez aurre
Ikastaroak Lanbiden edo beste edozein autonomia-erkidegotako enplegu-zerbitzu publikoan izena emanda dauden langabeei daude zuzenduta, baina plaza guztien % 30 jardunean diren pertsonek har dezakete. Fabrikazio mekanikoko produktuen diseinua ikastaroan parte hartzen duten langabeek hau ikasiko dute, besteak beste: produktuak diseinatzen, prototipoak egiten, kalitate-kontrola egiten, automatizazioa, komunikazio-sistemak eta dokumentazio teknikoa. Txirbil-harroketaren bidezko mekanizazioa ikastaroan, berriz, gai hauek landuko dira, besteak beste: makinak, ekipoak eta erremintak prestatzea, mekanizazio-programak egitea, fabrikazio-prozesu osagarriak, produktua egiaztatzea eta arriskuen prebentzioa. Azkenik, Mekanizazio, konformazio eta muntaia mekanikoko produkzioa ikastaroan, gai hauek eta beste batzuk jorratuko dituzte: fabrikazio mekanikoko sistema automatikoak, prozesuen gainbegiraketa eta kontrola, konformazio- eta muntaketa-prozesuak, eta zenbakizko kontrola.
Ikastaroaren helburuak
Langabeen enplegagarritasuna hobetzea da ikastaroen helburu nagusia, laneratzeko aukera izan dezaten. Jardunean dauden langileek, berriz, ezagutza profesionala aberasteko aukera izango dute, beste lanpostu batzuk eskuratu ahal izateko. Interesatuta daudenek Idurre Retolazaren bidez eman dezakete izena, iretolaza@mondragon.edu helbide elektronikoan edo 664265068 telefono-zenbakian.