Irakurriena
- 1. TFG-TFM MONDRAGON Sariek talentua saritu dute inoizko parte-hartzerik handienarekin
- 2. MONDRAGONek eta Fagor Electronicak Semi Zabalan inbertitu dute
- 3. Eroskik finantza egitura berrantolatu du, zorra merkeago birfinantzatuz
- 4. MONDRAGON Foroaren XIII. edizioak 400 lagun baino gehiago elkartu ditu Bilbon
- 5. Guido Agostinelli dibulgatzaile argentinarrak MONDRAGON bisitatu eta sareetan arrakasta lortu du milioitik gora ikustaldi lortuta
- 6. Azaroak Arizmendiarrieta ekarriko du gogora
'InpAkta' aldizkaria sortu dute, inpaktu soziala izan dezaketen zientzia ikerketak jendartera hedatzeko
UPV/EHUko Bizkaia Aretoan egin zuten InpAkta Inpaktu Sozialerako Ikerlanen Akta – Journal of Research for Social Impact aldizkariaren aurkezpen-ekitaldia joan den astean. Ugo Mayor InpAkta aldizkariko erredakzio buruak azaldu zuenez, jakintza arlo guztietako ikerketa lanak jasotzen ditu InpAkta aldizkariak. Betiere, Mayoren hitzetan, ondorengo baldintza batekin: ikerlan hauek "gizarte moduan ditugun erronkei aurre egiteko baliagarri izango badira bakarrik". Artikulu zientifikoak euskaraz edo ingelesez onartuko ditu aldizkariak. Halere, argitaratutako ikerlan bakoitzarekin batera, edozeinek irakurri ahal izateko laburpen bat dakar aldizkariak, Euskal Herriko hiru hizkuntza ofizialetan. Aldizkariaren zero zenbakiak 20 ikerlan jaso ditu, eta aurreikusten da urtean bi zenbaki ateratzea; 2025ean argitaratuko da lehen zenbakia.
"Hutsune bat betetzera dator InpAkta", azpimarratu zuen Eva Ferreirak, UPV/EHUko errektoreak. Argitalpen zientifiko baten zorroztasun osoz, Euskal Herrian egiten diren ikerketa lanen nazioarteko proiekzioa indartzeaz gain, "gure lurraldeetako ikerlarien komunitatearen arteko zubiak eta harremanak sortu eta sendotzen dituen tresna" izango da InpAkta, eta hauxe gaineratu zuen: "Ikerketa lanak ingelesez eta euskaraz aurkezten dituen argitalpen zientifiko bakarra izanik, euskara teknikoa aberastuko du".
Vicente Atxa Mondragon Unibertsitateko errektoreak nabarmendu zuen aldizkariak duen "aniztasuna sustatzaileen artean" eta "gai desberdinak jorratzeko bokazioa". Atxaren esanetan, "gai desberdin horiei guztiei buruz sakon hausnartzeak eta beraien artean dauden harremanei buruz ikertzeak lagunduko digu gure gizarte konplexu honen erronkei egokiago erantzuten".
Juan Jose Etxeberria Deustuko Unibertsitateko errektorearen ustez, "gizartearen espiritu kritikoa garatzeko tresna izateko bokazioarekin jaio da aldizkaria". Etxeberriak gaineratu zuen InpAkta-k "akademiatik harago" joan nahi duela eta ahalegin berezia egingo duela dibulgazio lanetan.
Azkenik, Rikardo Bueno BRTAko zuzendari nagusiak azpimarratu zuen, "gizarte eragileentzat, erakundeak barne, erabakiak hobeto hartzeko tresna baliagarria" izango dela InpAkta, eta aldizkaria ere badela "euskal ikerketa sarearen indarra eta lankidetzaren isla". "InpAkta aldizkariak euskararen presentzia ikerkuntzan eta teknologian indartzen" lagunduko duela erantsi zuen.
22 erakunderen elkarlana
Aurkezpenean EAEko hiru unibertsitateetako ordezkariek parte hartu bazuten ere, antolatzaileek azpimarratu nahi izan zuten proiektu honek "atzean daukan saretze ariketa izugarria". Izan ere, Euskal Herri osoko unibertsitate eta ikerketa sare nagusien elkarlanetik jaio da InpAkta, beste hamaika eragilerekin batera. Hauxe da babesleen zerrenda: Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU), Mondragon Unibertsitatea, Université de Pau et des Pays de l’Adour, Universidad de Navarra, Nafarroako Unibertsitate Publikoa (UPNA), Deustuko Unibertsitatea, CNRS IKER-UMR 5478, Agirre Lehendakari Center, Arantzazulab, Telesforo Monzon eLab, Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutua, Université de Bordeaux, Université Bordeaux Montaigne, Basque Research and Technology Alliance, Aditech, Elhuyar Fundazioa, Eusko Ikaskuntza, Centre for Basque Studies - Reno, Boise State University Basque Studies, Udako Euskal Unibertsitatea (UEU), Cenarrusa Foundation for Basque Culture eta Soziolinguistika Klusterra.