Irakurriena
- 1. MONDRAGON eta Mondragon Unibertsitatea Méxicok berrikuntza eta talentuaren garapenerako lankidetza indartu dute Latinoamerikan
- 2. Valentziako kaltetuei laguntzeko kanpainak zabalik jarraitzen du Eroskin
- 3. Pello Rodriguez lehendakariarekin batzartu da Lehendakaritzan
- 4. MONDRAGONek Finantza Foroa egin du
- 5. Matricik likidazio-fasea irekitzeko eskatu du
- 6. “Ilusioz beteta nago, MONDRAGON proiektu liluragarria da”
- 7. MONDRAGONen 2025-2028 Politika Sozioenpresariala aztergai, TU Lankide aldizkariaren azken alean
- 8. Zorionak mende erdiko bideagatik!
- 9. “Trumpen garaipen batek eta haren atzerakada protekzionistak, Europari eragingo liokete”
- 10. Cocoon bioteknologikoak lantoki berria inauguratu du proteina birkonbinatuak ekoizteko
"Ilusio Ponpak" jardunaldiaren edizio berri bat
Lea Artibai Ikastetxeak Ilusio Ponpak jardunaldi arrakastatsuaren edizio berri bat ospatu du. Markina-Xemeingo ikastetxeak antolatzen duen ekimen honen 9. edizioa izan da, eta, urtero bezala, Lea-Artibai eskualdera nazioarteko hizlari ospetsuak erakartzea lortu du.
Arazoen aurrean ikuspegi baikorra partekatzea eta motibazioa sustatzea bilatzen duen Ilusio Ponpak jardunaldia urteroko ezinbesteko hitzordu bilakatu da askorentzat. Ekimen honek gero eta jarraitzaile gehiago ditu, eta horren adibide da Esperantza eraikineko auditoriora beste behin bertaratu den jende kopurua.
Oraingo honetan gonbidatutako hizlariak Aitziber Garmendia, Enhamed Enhamed eta Victor Küppers izan dira, azken horrek online parte hartu du, eta beraien optimismoa, motibazioa eta ilusio super botereak aktibatu dituzte agertokian, bertara hurbildu direnen gozamenerako.
Aitziber Garmendiaren “Teloia gora eta barre eragitera” hitzaldia hasi orduko entzun dira lehen barre algarak auditorioan. Garmendia gaztetan hasi zen antzerki-munduan eta, ordutik, bizitza osoa eman du interpretazioan. Barrearen defendatzaile sutsua da, bere hitzetan “Barrea terapeutikoa da eta, gainera, zientifikoki frogatuta dago hormona on asko askatzen dituela eta kortisola murrizten duela (estresa eragiten duen hormona)”. Gainera, ekitaldiaren gai nagusia erreferentziatzat hartuta, esperientziak sorrarazten duen desilusioari eta apatiari aurre egiteko gakoa eskaini die bertaratutakoei. Izan ere, bere ustez, funtsezkoa da gure bizitzan bide berriak hastea, elementu txikiak txertatzea, adibidez hobby berri bat, gu “esnatu” ahal izateko.
Hurrengo hitzaldia Victor Küppersen eskutik izan da. “Afrontar la vida con alegría” (Bizitzari poztasunez aurre egitea) hitzaldia eskaini du online. Jarreren azterketa eta analisia, gogo biziaren kudeaketa eta garapen pertsonal eta profesionalaren esparruan hizlari onenetako bat da Küppers. Mundu osoan emandako hitzaldi eta ekitaldien ibilbide luzea du eta hainbat liburu argitaratu ditu bizitzaren zentzuaren hausnarketari, giza jarreren ondorioei eta bizitza pertsonala eta profesionala uztartzeari buruz. Aurkezpenean ilusioari eustearen garrantzia azpimarratu du, gizakiok dugun baliabide nagusia baita. “Ilusioak gure onena ateratzen du eta gure jarrera, energia eta nortasuna baldintzatzen ditu” esan du. Horrez gain, aipatu du jarrerarik onena aukeratzen saiatzea dela bizitza bizitzeko modurik inteligenteena, eta praktikan jarri ahal izateko jarraibide batzuk ere erakutsi ditu. Amaitzeko, azken hausnarketa bat utzi die bertaratutakoei: "Gure ondare handiena gure nortasuna da".
Kafea hartzeko etenaldiaren ondoren, Enhamed Enhameden txanda izan da, historiako igerilari paralinpikorik onena. Psikologo eta hizlari motibatzaile hau itsu geratu zen zortzi urterekin, eta igeriketan, besakadaz besakada, bere etorkizuna ikusi zuen. Hamabi urteko ibilbide profesionalean hogeita hamazazpi dominako palmares ikusgarria lortu zuen atleta bihurtu zen. Enhamed Markina-Xemeinera etorri da bere esperientzia partekatzeko, "Fortaleza en tiempos de incertidumbre" (Ziurgabetasun-garaian indarra) hitzaldiaren bidez. Bere eskutik bizitzaren helburua sortzeko gakoak jaso dituzte entzuleek, haren ustez bizitzaren helburua ez baita aurkitzen, garatu egin behar da. “Egunez egun lan egin behar da helburu oso argiak ezarriz, onetik eta txarretik ikasiz eta ager daitezkeen oztopoak bistaratuz, horiei konponbidea emateko”. Aurkezpenari amaiera emateko, galdera hau egin du: Nola bizi behar dut nire bizitza? Haren arabera, hauxe da geure buruari galdetu behar dioguna.
Ilusio Ponpak jardunaldia
Otsailaren 10ean ospatu den hau, bederatzigarren edizioa da. Ilusio Ponpak ekimena 2012 urtean jaio zen, krisi ekonomikoak sortutako egoeraren aurrean adituen aldetik ikuspegi eraikitzaile eta baikor bat emateko asmoz. Jardunaldia nahitaezko hitzordu bilakatu da eskualdeko profesionalen artean eta urtero ehundik gora pertsona biltzen dira Victor Küppers , Elsa Punset, Alex Txikon, Alex Rovira edo Anne Igartiburu bezalako aurpegi ezagunak entzuteko. Besteak beste, beraien lan-esperientzian bizi izan dituzten oztopoak eta horiei aurre nola egin dieten azaldu dutenak, hori baita Ilusio Ponpak jardunaldiaren helburua, jendeari arazoen aurrean ikuspegi baikor bat transmititu eta motibazioa sustatzea.
Lea Artibai Ikastetxea
Lea Artibai Ikastetxea 1957an sortutako goi mailako hezkuntza zentroa da, Markina-Xemeinen kokatua eta kooperatiba izaerakoa. Bere ingurunearen garapen-eragile iraunkorra izatea du misio. Horretarako, kalitatean oinarritutako laneko prestakuntza eta trebakuntza, orientazioa eta laneratzea eta enpresa-sareari prestakuntza-zerbitzu integrala ematen dihardu etengabe.
Azken 10 urteetan 18.000 ikasle baino gehiago pasatu dira Lea Artibai Ikastetxeko instalazioetatik; batxilergoa, lanbide heziketa zein lanerako prestakuntzan trebatu direnak. Gainera, hainbat dira, urtero, Ikastetxearen laneratze zerbitzuaren bitartez lanpostu bat eskuratzen duten ikasleak.
Lea Artibai Ikastetxea eta inguruko enpresa-sarearen arteko harreman estu eta indartsuari esker, etengabe elkarlanean ari dira Ikastetxea eta enpresak. Hainbat lan egiten dituzte, besteak beste, zerbitzu teknikoak eskaini, proiektu berritzaileak egin edota prestakuntza-planak diseinatu.