Ikasturte hasiera: norabide gaurkotuak, betiko konpromiso sendoak

Ikasturte hasiera: norabide gaurkotuak, betiko konpromiso sendoak

Illart Azkarate, Arizmendi Ikastolako zuzendaria
Ikasturte hasiera beti da aukera berriro hasteko; ikasle, irakasle eta familia guztien aurrean ateak irekitzeak ilusioa eta erronka berriak dakartza. Gure ikuspegitik, ordea, ez da soilik egutegi baten abiapuntua: ikastolaren norabidea gaurkotzeko unea da.
2025/10/24

Aurten, gainera, plan estrategiko berritu batekin hasiko dugu ikasturtea Arizmendi Ikastolan; datozen lau urteetan gure lana gidatuko duen plana, alegia. Iazko ikasturtean erabaki genuen hurrengo urteetarako norabidea modu partekatuan adostea, eta horrela, gure komunitateko eta herri eragiletako kide desberdinen elkarlanari esker, ikastolaren erronkak identifikatu genituen. Gogotsu gaude, beraz, horiei heltzeko.

Erronkak

Hiru erronka nagusi ditu gure datozen lau urtetarako bide estrategikoak.

Lehenengoa, aniztasuna eta euskalduntasuna: Ikasle bakoitza desberdina da eta hori da gure aberastasun handiena. ikaskuntza- eredu berritzailea garatzen jarraitzea ikasle bakoitzari bere bide propioa egiten lagunduz, hori da gure erronka nagusia. Eta hori, gure identitatetik eta hizkuntzatik egingo dugu, euskalduntasunetik.

“Ikasturte berria, aukera paregabea da ikastola biziberritzeko, berrikuntzak txertatzeko eta elkarrekin hazteko”

Bigarrenik, ondo prestatuta dagoen profesional talde indartsua eta konprometitua behar du Ikastolak. Ikasleekin egiten dugun bezala, ezinbestekoa da irakasleen prestakuntza, motibazioa eta ongizatea zaintzea. Profesionaltasuna eta berrikuntza pedagogikoa bultzatuko ditugu, baita norbanakoaren hazkunde pertsonala ere.

Eta hirugarrenik, Ikastolako identitatearen baitan komunitate kohesionatua osatzea. Ikastola ez da soilik ikasleen topagune bat: komunitate oso baten bihotza da –profesionalena, familiena, kolaboratzaileena eta herriarena–. Ikastola kooperatiboaren eredua da horretarako tresna. Gure helburua eredu horren balioa zabaltzea da, elkarlan sare horiek estutuz eta elkarrekiko konfiantza eta lankidetza sendoagoak eraikiz.

Ikasturte berria, aukera paregabea da ikastola biziberritzeko, berrikuntzak txertatzeko eta elkarrekin hazteko. Denon artean, ilusioz eta konfiantzaz, gure ikastola ikaskuntza, bizikidetza eta etorkizun partekatuaren motor bihurtuko dugu. Denon esku dago bidea egitea eta guztion ekarpenak izango dira gure indargune nagusia.