Eraldaketarako inspiratu: ZTIM harrobiaren aldeko apustua

Eraldaketarako inspiratu: ZTIM harrobiaren aldeko apustua

Nekane Errasti, Mondragon Goi Eskola Politeknikoko koordinatzaile akademikoa
Azkenaldian hainbat aldiz eskatu didate ZTIM, talentuaren eta emakumeen inguruan nire hausnarketak idatzi eta partekatzeko. Errepika hori ez da kasualitatea. Gizarte gisa eta proiektu kooperatibo gisa aurre egin behar diogun premia estrategiko handienetako bati erantzuten dio.
2026/01/12

Euskadik industria-zutabe sendo baten gainean eraiki du bere ongizatea; izan ere, industriak gure BPGaren %23,3* ordezkatzen du, Europako batez bestekoaren oso gainetik. Baina ongizate-eredu honek mehatxu bikoitz bati egin behar dio aurre: demografikoa eta bokaziozkoa.

2040rako, Euskadik lan egiteko adinean dauden 7.000 gazte gutxiago izango ditu. Horri gehitu behar zaio ZTIM lanbideak ez direla erakargarriak, eta arrakala are handiagoa dela emakumeen artean: unibertsitatean gehiengoa izan arren, Ingeniaritzan %24,3* baino ez dira.

Mondragon Unibertsitateko Eskola Politeknikoan errealitate horrek zuzenean eragiten digu. Egunero 3.000 pertsona inguru prestatzeko lan egiten dugu; datozen urteetan erakundeen eraldaketaren buru izango diren pertsonak, hain zuzen. Ehuneko handi batek dagoeneko hasi du bidea, ikasketak eta lana uztartuz, gure programa dualari esker. Baina, nola beteko dugu gure xedea talentuaren harrobia husten bada?

“Kontua ez da soilik lanpostuak betetzea; lehiakortasuna, berrikuntza eta gizarte-ongizatea bermatzea baizik”

Ezin dugu jaiotza-tasan eragin, baina inspiratu eta bokazioak susta ditzakegu.

Horren erakusgarri da First Lego League Euskadi. FLL robotika- txapelketa bat baino askoz gehiago da; etorkizuna definituko duten gaitasun giltzarrien hazitegia da: pentsamendu kritikoa, sormena eta lankidetza, besteak beste. Ekimen horren bitartez, haur eta nerabeak zientzia eta teknologia mundua aldatzeko tresnak direla ohartzen dira.

Goi Eskola Politeknikoan irmoki sinesten dugu ekimen honetan, eta 2026an gure apustua indartuko dugu: Arrasateko gure egoitzaz gain, FLL Euskadi lehen aldiz gure Bilbao AsFabrik campusera eramango dugu.

Ekimen hau MONDRAGON ZTIM-Hub-ek, MONDRAGONen laguntzarekin sustatzen duen estrategia integral baten parte da. Horren bidez, errealitate industriala gazteengana hurbiltzen da, algoritmo, makina eta prozesu bakoitzaren atzean inpaktu soziala dagoela erakutsiz: energia garbia, mugikortasun jasangarria, bizikalitatea. Enpresek ateak irekitzea nahi dugu, gazteek egungo industria ikus dezaten: digitalizatua, berritzailea eta gizatiarra, estereotipo zaharretatik urrun.

Kontua ez da soilik lanpostuak betetzea; lehiakortasuna, berrikuntza eta gizarte-ongizatea bermatzea baizik. Gu hasi gara, eta zu?

*EUSTAT, 2024