Idai zikloiaren ondorioz, Mundukidek Mozambiken bizi den egoeraz ohartarazi du

Zikloiak lursail handiak utzi ditu urak hartuta; kalte material larriak, giza heriotza ugari eta pertsona askoren desplazamendua eragin du.
Card image cap
2019/04/01

Joan zen martxoaren 14an Idai zikloiak –hego hemisferioan gogoratzen den zikloi latzenetako bat– lurra ukitu zuen eta kalte larriak eragin zituen Mozambiken, Zimbabwen eta Malawin. 

Mozambike izan da herrialderik kaltetuena. Joan zen astelehenean, hondamendiaren zifrak eman zituzten bertako agintariek: hildakoen kopurua 447koa zen; hala ere, Errepublikako presidentea den Filipe Nyussik ohartarazi du hildakoen azken zifra 1.000 pertsonatik gorakoa izan litekeela. Zifra horri gehitu behar zaizkio zauritutako 1.500 pertsonak eta beren bizilekutik aldegin behar izan duten 120.000 pertsona baino gehiago. Gutxi gorabehera 72.000 etxebizitza suntsitu dira, eta laborantza lurren milioi erdi hektarea inguru kaltetu.

Halako gertakariek gogorarazten digute zenbateraino diren zaurgarriak gutxien garatuta dauden herrialdeetako herritarrak, Idai zikloiaren eta halako kanpo fenomeno klimatikoen ondorioak bereziki tragikoak izaten baitira herrialde horietan. Laguntza humanitarioa ematen duten taldeak atsedenik gabe dabiltza lanean orain, kaltetutako familia guztiak normaltasunera buelta daitezen albait arinen.

Egoera hau benetan zaila da Mozambikerentzat, izan ere, munduan giza garapen indizerik txikienetakoa duen herrialdea baita, nahiz eta aldi kolonial luze baten ondoren eta ia 16 urteko gerra zibilaren ondoren, bertakoek azkenaldian garai lasai xamarra bizi bazuten ere, eta denetariko muga eta zailtasunen gainetik, ia sektore guztietan aurrera egiten ari baziren ere: azpiegituretan, hezkuntzan, osasunean, ekonomian… Aurrerapen horiek gorabehera, oraindik bide luzea dago egiteko, herritar gehienak pobreziaren atalasearen azpitik bizi baitira oraindik ere.

Mundukide Fundazioaren konpromisoa

Azken urteetan emaitzak positiboak izan dira, eta parte hartzea gero eta handiagoa da, izan ere, onuradunak 45.000 baino gehiago dira dagoeneko.

"Nolanahi ere, halako tragediek ez digute adorea kendu behar; aitzitik, baliagarriak izan behar dira bai gure konpromisoa bai Mozambikeren garapenaren alde lanean segitzeko daukagun gogoa indartzeko" aipatzen dute Mundukidetik. Hain zuzen ere, konpromiso irmo eta egonkor horrekin hasi zen lanean Mundukide Fundazioa Marrupa barrutian (Mozambike iparraldean) 2002. urtean, landa inguruneko herritarren garapen ekonomikoa babestea helburu. Urte hauetan guztietan, azpiegituretan ibili dira lanean; horretarako, hirugarren mailako errepideen sare bat eraiki dute (2002-2010), landa inguruneko mikroenpresak sustatu dira eta, batez ere, nekazaritza produktibitatea dibertsifikatzen eta handitzen ibili dira (2015 – gaur egun).

2008. urteaz geroztik Marrupan egindako lanaren inpaktu positiboa egiaztatu ondoren, programaren esku hartze eremua handitzea erabaki zen, eta gaur egun Mozambike iparraldeko sei barrutitan dihardu Mundukidek: Marrupa, Montepuez, Majune, Balama, Namuno eta Mandimban. Nekazaritzako produkzioaren hobekuntza, berez, transferentzia teknologikoko prozesu masibo baten bidez egiten da, alegia, teknika edo teknologia garatuagoa duten nekazariengandik aipatu berri ditugun barrutietako nekazarienganako transferentziaren bidez. Prozesua beste probintzia batzuetako nekazarien elkarteen bitartez egiten da. Elkarte horietako kideak tokiko nekazariei eguneroko jardunean laguntzera joaten dira eta, hala, ezagutza nekazari batetik bestera transferitzen da.

600.000 euro inguruko urteko inbertsioaren bidez, nekazariek urtean 1.700.000 euroko produkzioa sortzen dute programari esker, eta horrek ia 3.000 lanpostu sortzea dakar (600 euro/urteko). Horrek erakusten du noraino den eraginkorra esku hartzea.

Egindako lorpenek epe luzerako lan jarraituaren garrantzia jartzen dute agerian, holaxe sortzen baitira familia zaurgarrienentzako aukerak. Hain zuzen ere, horrek animatzen gaitu Mozambikeren etorkizunaren alde lan egitera eta esperientzia on hau beste herrialde batzuetara eramatera, hala nola Malawira eta Etiopiara, non lanean hasiko baikara datozen urteetan.

Adrian Lamas,  Afrikako programen kudeatzailea da Mundukide Fundazioan eta hauxe adierazi du: "IDAI zikloiak Mozambiken eragindako hondamendiaren aurrean, Mozambikerekiko dugun elkartasunak eta epe luzeko konpromisuak sendo jarraitzen duela adierazi nahi dugu. Horregatik, Mozambiken, garapenerako programak sustatuz gero eta jende gehiagori aukerak eskaintzen jarraituko dugu".

IDAI zikloian kaltetuak izan diren pertsonei laguntzeko jasotako dohaintzak, hondamendi gunean laguntza humanitarioa ematen ari diren Mundukideren bidelagunak diren erakundeen bitartez bideratuko da. Norbaitek ekarpenak egin nahi baditu, www.mundukide.org orriaren bitartez egin daiteke edo honako kontu zenbakiaren bitartez: ES82 3035 0002 13 0020042480

 

 

 

 

Kooperazio kooperatiboa