TUlankide MONDRAGON

EROSKIk berritu du osasunarekin eta iraunkortasunarekin konpromisoa

2018/04/04

Kooperatibak hamar konpromisotan dakar bere proposamena gizarte osasuntsuagoa lortzeko eta ongizate handiagoa ekartzeko.
EROSKIk berritu du osasunarekin eta iraunkortasunarekin konpromisoa

EROSKIk berritu egin ditu osasunaren eta iraunkortasunaren alde hartuak dituen konpromisoak, eta dekalogo batean laburtu ditu, bere xedetzat hartuz osasunaren eta ongizatearen kalitatea hobetzea eta gizarte iraunkorragoa sustatzea.

EROSKIk eguneratu egin ditu, jaio zenetik 50 urte joan diren honetan, kontsumitzaileekin eta gizartearekin izan dituen konpromisoak; hau da, bizi kalitatea hobetzen laguntzea eta gizartearen garapen iraunkorra sustatzea, eta, kooperatiba den aldetik, leial ari da bere izaera eta xede kooperatiboa betetzen.

5.000 lagunek baino gehiagok lagundu dute katalogo hau eratzen, hala nola bazkideek, langileek, bezeroek eta interes taldeek.

Kooperatibak bertsio berrituan dakartzan hamar konpromisoek hiru ardatz dituzte: batetik, elikadura segurtasuna; bestetik, elikadura osasungarriarekiko eskuragarritasuna, prezio xumean; eta, bestetik, informazioa. Eta hauek dira konpromisoak:

  1. Elikadura segurtasunaren alde inplikatzea.
  2. Elikadura orekatua sustatzea.
  3. Haurren gizentasunari aurre hartzea.
  4. Nutrizio premia espezifikoei begiratzea.
  5. Kontsumo arduratsua egiten laguntzea.
  6. Tokian tokiko produktuak ugaritzea.
  7. Ongi jatea prezio onean.
  8. Argitasunez eta gardentasunez jardutea.
  9. Langile gisa zaintzea.

10. Bizimodu osasungarriagoa bultzatzea.

Lehenengo lau konpromisoek zerikusia dute nutrizioarekin eta elikadura seguru, sano eta orekatu batekin. Lehenengoari dagokionez, elikadura segurtasuna aipatzen du, zeina ezinbestekoa baita nola produktuetan —batez ere, marka propiokoetan— hala egoitzetan. EROSKIk prebentziozko kalitate plan bat du, eta, haren bitartez, 11.000 produkturen analisiak egiten ditu, eta urtean, 400 hornitzaile baino gehiago ikuskatzen.

Palmaren gantza kenduko du 2020rako marka propiotik

EROSKIren bigarren konpromisoari dagokionez, hitza ematen du elikadura orekatua eskainiko duela. Horretan ari da, batetik, dieta orekatuetan maiztasun handiz erabiltzen diren janari taldeak sustatuz. Bestetik, gutxien jan behar diren janari taldeetatik, marka propioko produktuen errezetak ikuskatuz eta horien nutrizio ezaugarriak hobetuz, hala nola gatza eta azukrea gutxituta eta gantz mota hobeak erabilita... 2013tik, EROSKI gutxituz joan da, eta 2017an, EROSKIk 325 tona azukre, gantz eta gatz kendu zituen bere markako produktuetatik. Konpromiso horren lan lerroei dagokienez, nabarmentzekoa da palma eta koko gantzak kenduko dituela marka propioko produktu guztietatik 2020rako.

Hirugarren konpromisoa, berriz, haurrei begirakoa da. Haurren obesitateari aurrea hartzeko —zeina haurtzaroko mehatxurik handienetakoa baita gaur egun—, haientzako izaten diren marka propioko produktuak berriz formulatzen saiatuko da EROSKI, osagaiak egokiagoak izan ditzaten. Era berean, abian ditu prestakuntza programa indartsu batzuk, haurrek eta haien ingurune hurbilak —eskolak eta familiak— ohitura osasungarriak ikas ditzaten. Bi milioi haurrengana eta horien familiakoengana iritsi nahi du 2025erako. Gaur arte, 760.000 haurrek baino gehiagok parte hartu dute Elikadura eta Ohitura Osasungarriei buruzko Heziketa Programan. Espainia osoko ikastetxeetan ari da lantzen, Elikadura Eskolaren bitartez.

Laugarren konpromisoan aurkituko dute erantzuna intolerantziak direla medio elikadura berezia behar dutenek, esaterako, zeliakoek eta alergiak dituztenek, edo bizitzako aro eta estilo jakinen batean bizi direnek. EROSKIk jasota utzi du borondatea duela horrelako eskariak betetzeko orduan eskaintzen diren produktuak seguruak izan daitezen, jendeak erosketa arrunt baterako behar dituen adinako produktuak izan ditzan eta ordaintzeko moduko prezioa izan dezaten.

Kontsumo eredu iraunkorragoak

Baina, elikatzeko era arduraz hartzeko, sanoa eta orekatua izateaz gain, iraunkorra izan behar du, eta horretan dihardu EROSKIk bere bosgarren eta seigarren konpromisoetan. Eskakizun ekonomiko, sozial eta etiko bat da prozesuak, eraikinak eta produktuak iraunkorrak izatea. EROSKIren dekalogoan funtsezkoa da baliabideak modu iraunkorrean erabiltzea, ingurumenean uzten den arrastoa gutxitzea, klima aldaketari aurrea hartzea eta bioaniztasuna babestea. Kooperatibak gutxitzen jarraituko du bere dendek, flota logistikoak eta produktuek uzten duten ingurumen arrastoa. Bezeroei produktu iraunkorragoak errazago erosten laguntzeko eta era berean haien hezkuntza hobetzeko, berriz, EROSKIk konpromisoa hartu du bere markan ekodiseinuaren irizpideak erabiltzen jarraitzeko, animalien ongizatea hobetzeko eta iraunkortasun diferentzialen irizpideak txertatzeko marka propioan (bereziki freskoetan). Datozen urteetan ezarriko dituen ekintzen artean, hauek dira nabarmentzekoak: koloratzaileak, antioxidatzaileak eta kontserbagarriak kentzea bere markako produktuetatik; bi urteren buruan EROSKI eta EROSKI Natur markako fruituei eta barazkiei egiten zaizkien tratamendu fitosanitarioak kentzea; eta 2024rako bere sareko dendetan saltzen diren arrautza guztiak lurrean hazitako oiloek errunak izatea.

Eguraldia
Ostirala 21 Min: 16
Max: 27
Larunbata 22 Min: 15
Max: 30
Igandea 23 Min: 15
Max: 31
Bideoak


+ Bideo gehiago

Papereko edizioa
Jarraitu twitterren
LagunAro

Iradokizunak

iradokizunak