Irakurriena
- 1. Zorionak mende erdiko bideagatik!
- 2. “Trumpen garaipen batek eta haren atzerakada protekzionistak, Europari eragingo liokete”
- 3. Cocoon bioteknologikoak lantoki berria inauguratu du proteina birkonbinatuak ekoizteko
- 4. Izan zirelako gara, eta garelako izango dira
- 5. Abian da 2024-2025 ikasturtea Mondragon Unibertsitatean
- 6. Lortek zentro teknologikoko zuzendaritzatik Eusko Jaurlaritzara
- 7. Pedro Sanchezek MONDRAGONen Kunshan Parkea bisitatu du, Txinan
- 8. MONDRAGONeko kooperatibak protagonista, gizartearen erronkei erantzunak ematen
- 9. Pello Rodriguezen gidaritzapean lehenengo bilera egin du Kontseilu Orokorrak
- 10. Mundukideko kooperanteen Topaketa Arantzazun
Eroskik aitortza jaso du plastikoa murrizteko egin duen apustuagatik
Eroskik Donostiako Udalaren aitortza jaso du plastikoa murrizteko egin duen apustuagatik eta hilabete honetan “Donostia Zero Plastik” kanpainan parte hartzeagatik. Udalak berak sustatu du kanpaina hori, herritarrak kontzientziatzeko eta 2025. urterako plastikoaren erabilera %17 murriztu nahi baitu.
Merkataritzaren arloan eta kultur eta kirol ekitaldietan diharduten zenbait eragilek eta hainbat supermerkatuk dokumentu bat sinatu dute Donostian erabilera bakarreko plastiko gutxiago izan dadin.
Sentsibilizazio kanpaina horren bidez, herritarrei ikusarazi nahi izan zaie zer-nolako garrantzia duen ekonomia zirkularrak, eta zenbait ekintzaren berri ere eman zaie, merkataritzako eremu guztietan erabil daitezkeenak zaborra murrizteko, berrerabiltzeko eta birziklatzeko. Ekimenak iraun duen aste horietan, udalarekin lankidetzan, Eroskik 600 tuper banatu ditu Garberako eta Arcco Amarako hipermerkatuetan. Aitortza ekitaldia gaur bertan egin da Donostiako udaletxean, eta Garbera hipermerkatuko kudeatzailea izan da Eroskiren ordezkaria, Juan Ramon Ruiz alegia.
Eroskik konpromisoa hartua du plastikoek eragindako kutsaduraren aurka borrokatzeko, eta bezeroei irtenbide berrerabilgarriak eskaintzeko estrategia lantzen ari da; hori dela eta, sentsibilizazio ekimen horrek bete-betean bat egiten du Eroskiren jardunbidearekin. "1997. urtean 15 aldiz berrerabil zitezkeen poltsak atera genituen, 2009an rafiazko gure poltsa berrerabilgarria merkaturatu genuen eta 2010ean 8 urte aurreratu gintzaizkion araudiari eta poltsak kobratzen hasi ginen ordainlekuetan; horrekin, %60 baino gehiago murriztu zen horien kontsumoa. Lan lerro hori nabarmen indartu dugu 2018. urteaz geroztik. Lehenik, gure ordainlekuetatik desagerrarazi egin ditugu erabilera bakarreko plastikozko poltsak, eta horien ordez paperezkoak edo konpostagarriak eskaini ditugu, besteak beste. Bi urtean %27 gehiago murriztu dugu horien kontsumoa", azaldu du Osasun eta Jasangarritasun zuzendariak, Alejandro Martinez Berriochoak.
Ekodiseinuarekin konprometitua
Era berean, freskoen sailean ere aldaketak egin ditu Eroskik, eta poltsa berrerabilgarriak eskaintzen hasi da, paperezko zorrotxoak ere bai, eta erretiluetan %80 baino gehiago da plastiko birziklatua; horretaz gain, sare berrerabilgarriak ere jarri ditu. Horri esker, %30 murriztu da dendako ontzietarako erabiltzen den plastiko konbentzionala, eta horrekin gainditu egin su sektoreak 2021erako ezarria zuen murrizte helburua (%21), epe muga baino urtebete lehenago, gainera.
Horrekin batean, Eroski desagerrarazten ari da erabilera bakarreko beste plastiko batzuk ere, adibidez lastotxoak, belarriko zotzak eta baxerak, eta bere markako freskagarrien lata eta botiletan ohiko uztaitxoak kendu eta material birziklatuz edo kartoiz egindako ontzi kolektiboak erabiltzen hasi da horien ordez.
Ildo horretan bertan, Eroskik konpromisoa hartu du bere markako ontzi guztiak ekodiseinu bidez eginak izan daitezela 2025. urterako, ohiko plastikoaren erabilera %20 tonatan murrizteko helburuz, %100 birziklagarriak izan daitezen. Horretarako, 400 hornitzaileren 3.000 produktu baino gehiago aztertu ditu Eroskik Basque Ecodesign Center-en bidez, haien aztarna plastikoa eta birziklatze maila kalkulatzeko eta haientzako hobekuntza ekintzak identifikatzeko. 2018. urteaz geroztik ekodiseinu bidez egin ditu 145 erreferentziaren ontziak, eta areagotu egin du handizkako produktuen salmenta.