Irakurriena
- 1. Zorionak mende erdiko bideagatik!
- 2. “Trumpen garaipen batek eta haren atzerakada protekzionistak, Europari eragingo liokete”
- 3. Cocoon bioteknologikoak lantoki berria inauguratu du proteina birkonbinatuak ekoizteko
- 4. Izan zirelako gara, eta garelako izango dira
- 5. Abian da 2024-2025 ikasturtea Mondragon Unibertsitatean
- 6. Lortek zentro teknologikoko zuzendaritzatik Eusko Jaurlaritzara
- 7. Pedro Sanchezek MONDRAGONen Kunshan Parkea bisitatu du, Txinan
- 8. MONDRAGONeko kooperatibak protagonista, gizartearen erronkei erantzunak ematen
- 9. Pello Rodriguezen gidaritzapean lehenengo bilera egin du Kontseilu Orokorrak
- 10. Mundukideko kooperanteen Topaketa Arantzazun
Eroskik 94 frankizia supermerkatu ireki ditu 2015ean
Eroskik frankizia erako 94 supermerkatu berri ireki ditu 2015ean, aurreko urtean baino 36 gehiago. Inaugurazio horiek 15 milioi euroko inbertsioa izan dute, eta 664 lanpostu sorrarazi dituzte; hala, denda sare propioaren eraldaketarekin batera, bultzada garrantzitsua izan da Plan Estrategikoan datorren Zurekin eredu komertzial berrirako.
2015ean inauguratu diren frankizia erako 94 saltokiak martxan dira Andaluzian (21), Balearretan (15), Kantabrian (1), Gaztela Mantxan (6), Gaztela eta Leonen (1), Katalunian (15), Valentziako Erkidegoan (1), Galizian (6), Errioxan (1), Madrilen (4), Melillan (2), Nafarroan (2) eta Euskal Autonomia Erkidegoan (19). Iaz, Eroskik frankizia erako bere lehen supermerkatua ireki zuen Levante aldean, non eta hurrengo urteetan irekierek lehentasuna izango duten eremuetako batean. 2016an hamar frankizia ireki asmo ditu han.
Eroskik iragarri duenez, 100 frankizia baino gehiago irekiko ditu aurten; batez ere, Andaluzian, Madrilen, Gaztela Mantxan, Extremaduran eta Levanten.
Eroski frankizien salmentak %20 igo dira
Eroskiren frankizia erako supermerkatuen sareak %20 gehiago saldu du 2015ean; izan ere, bultzada eman diote gehitutako azken saltokiek, eta, gainera, bezeroek erantzun ona eman diote frankizia erako supermerkatuetara egokitu den Zurekin eredu berriari.
"Bereizkuntza bilatzen dugu, eta formatu komertzialen berrikuntzaren alde dihardugu, gaur egun Espainiako merkatuan dauden frankizia ereduetatik bestelako eredu bat eskaintzeko", esan du konpainiaren Frankizien Saileko zuzendari Enrique Martinezek, eta honela gaineratu du: "Laster batean hedatu dugu frankizien sarera gure denda sare propio eraldatuetan arrakasta izan duen Zurekin eredua. Ahalegintzen gara errentagarritasun onekoa izan dadin bai frankiziadunarentzat bai Eroskirentzat".
Tratu hurbila, frankiziadunek gehien estimatzen dutena
2015eko lehen erdian, Eroskik frankiziadunekin erlazionatzeko programa berria jarri zuen "zurekin frankizian" izenekoa. Ekimen hori aurrendaria da frankizien sektorean: frankiziadunei prestakuntza komertziala eskaintzen die; orobat, zerbitzu eta abantaila pertsonalak, produktuaren gaineko informazio xehea eta denden kudeaketa hobetzeko tresnak.
Programaren helburua zera da, kooperatibaren eta frankiziadunen harremana hobetzea, ezinbestekoa baita arrakasta izateko frankizia erako denden sarearen hedapenean. Hain zuzen, hori eta negozioaren errentagarritasuna dira Eroskirekin frankizia erako dendak dituzten ekintzaileek gehien estimatzen dutena.
"Programa honekin, garrantzi handiagoa eman nahi diogu gure frankiziadunekin dugun tratuari, eta aurrera egin nahi dugu ekintzailearekin bestelako harremana izateko moduko frankizia eredu baterantz. Pozgarria da iazko urtean, urte bakar batean, 94 ekintzailek Eroskirengan konfiantza eduki izana; horrek lan ona egin dugulako ustea ematen digu, eta merkatuan arrakasta duen negozio alternatiba eskaintzen jarraitzeko indarra", gaineratu du konpainiaren Frankizien Saileko zuzendariak. "Frankizien merkatuan dauden harreman motak ikusita, bestelako alternatiba bat eskaintzeko pausoak ematen ari gara".
Lanpostu gehien sortzen duen frankiziaren saria
Urrian, Frankinorte Frankiziaren Erakustokian, saria jaso zuen Eroskik, lanpostu gehien sortu duen enpresa frankiziatzailea izateagatik. Aitorpen garrantzitsua da hori frankizia supermerkatuen hedapen handi honetarako, zeina 2013-2016ko Plan Estrategikoak bultzatuta datorren.
Berrikuntza
2015ean, bi proiektu nabarmendu dira beren izaera berritzailea dela eta: Eroskiren frankizia erako lehen hipermerkatua, zeina pauso garrantzitsua den frankizien sarearen hedapen estrategiaren barnean —izan ere, hipermerkatuaren kanalera zabaldu da Eroskik frankizia supermerkatuekin pilatu duen jakintza—, eta, urte bukaeran, Gureak Taldearekin batera, desgaitasuna dutenek kudeatzen duten lehen frankizia supermerkatua.
Era berean, 2015ean, Eroskik bigarren aldiz jarri zuen martxan Bilboko BBK Live Musika Jaialdian aldi baterako frankizia supermerkatua jartzeko ekimen aurrendaria; arrakasta handia izan du, eta ekimen bera gauzatu da Kadizko Chiclana udalerrian egiten duten Al Rumbo Musika Jaialdian.
Frankizien Saileko arduradunarentzat, "proiektu oso enblematikoak izan dira, eta horietan, gaur egungo kontsumitzailearen beharrei erantzuteko modu berriak gauzatu ditugu. Eroski apustu nabarmena egiten ari da bere eredu komertziala ekintzaileekin erdibanatzeko; horretarako, ideia eta formatu komertzial berriak landu eta garatu behar dira".