TUlankide MONDRAGON

EROSKIk 6.450 tona janari baino gehiago eman du beharra duten familientzat

2019/01/07

Kopuru horretatik 4.928 tona baino gehiago EROSKIk 'Ez alferrik galdu' programaren barnean emandako janaria da; horrela, bermatu egiten da dendetan ez dela alferrik galduko jateko moduan dagoen janaririk, baizik eta gizarte erakundeei emango zaiela.
EROSKIk 6.450 tona janari baino gehiago eman du beharra duten familientzat

EROSKIk eta haren bezeroek 6.450 tona janari baino gehiago eman dituzte 2018. urtean, behar gehien duten kolektiboentzat. Kopuru horrekin 2.590 pertsonak jan dezakete urte osoan. Dohaintza horretatik, 4.928 tona baino gehiago EROSKIk eman ditu 'Ez alferrik galdu' programaren barnean; programa horren bitartez, bermatu egiten da EROSKIren dendetan ez dela alferrik galduko jateko moduan dagoen janaririk eta denda bakoitzaren hurbilean diren gizarte erakundeei emango zaiela.

Kooperatibak egin duen lana aitortu izan du Elikagaien Bankuen Espainiako Federazioak, eta Urrezko Galburuaren saria eman izan dio; hain zuzen, hori da Federazioaren saririk handiena, sobera gelditu diren elikagaiak banatzen nabarmendu diren erakundeei ematen diena.

"EROSKIn uste dugu funtsezkoa dela denen artean zerbait ematea gizartea bidezkoagoa eta osoagoa izan dadin, eta horixe da Osasunaren eta Iraunkortasunaren arloan hartu ditugun Konpromisoen helburu nagusietako bat. Gure sektorean aitzindariak izan gara Espainian, eta elikagairik ez alferrik galtzea lortu dugu gure supermerkatu sare guztian, eta beste urtebetez, Elikagai Bankuekin egin dugun lankidetzak aukera bikaina eskaini digu konpromiso hori gauzatzeko", adierazi du EROSKIren Gizarte Erantzukizuneko zuzendariak, Alejandro Martinez Berriochoak.

‘Ez alferrik galdu’ programaren barrenean, EROSKI lankidetzan ari da FESBALekin (Elikagaien Bankuen Espainiako Federazioa da). "Elikagai Bankuarentzat, funtsezkoa da EROSKIren eta horrelako enpresen laguntza. Kanpaina bereziak egiten dituzte, hala nola Bilketa Handia, eta urte guztian, gainera, ‘Ez alferrik galdu’ programako dohaintzen bidez, ez dute uzten janaririk alferrik galtzen. Beste behin, eskertu egin nahi dugu elikagaiak alferrik galtzearen aurka agertu duten konpromisoa, eta helburu horretan, bat eginda jarduten dugu bi erakundeok", azaldu du Espainiako Elikagai Bankuko zuzendari nagusiak, Miguel Fernandezek.

Kooperatibak protokolo bat landu du emandako elikagaien segurtasuna bermatzeko. Elikagai freskoekin, esaterako, zenbait neurri hartzen ditu hotz-katea ez dadin eten ezta hartzailearen esku geratzen direnean ere; izan ere, horrek bermatu behar du baldintzak zorrotz zaindu direla bai garraioan eta bai beren biltegietan.

Programa horren barrenean, EROSKIk baldintzarik onenetan dauden produktuak soilik eskaintzen dizkie bezeroei. Elikagai freskoren batek freskotasuna zertxobait galdu badu edo ontziren bat ez badago behar bezala (kolpetxo bat duelako, adibidez, edo bilgarria apurtu zaiolako), kendu egiten du saltokietatik, eta programa honetan parte hartzen duten erakundeei ematen die. EROSKIk ematen dituen elikagai guztiak beti daude iraungitze edo kontsumitze dataren barnean, eta kontsumitzeko egoera ezin hobean.

1.500 tona janari baino gehiago bildu da kanpainetan

‘Ez alferrik galdu’ kanpainarekin eman dituen elikagai horiei (4.900 tona baino gehiago) beste 1.523 tona gehitu behar zaizkie, bilketa kanpainetan jaso direnak, adibidez 'Kilo Operazioa' eta 'Bilketa Handia' ekimenetan. Azken hori joan den urteko abenduan egin zen, Elikagai Bankuen alde, eta EROSKIren, Vegalsaren eta Capraboren 1.400 saltoki inguruk parte hartu zuten. "Eskerrak eman nahi dizkiegu bezeroei, beste behin elkartasuna erakutsi baitute, eta Elikagaien Bankuari ere bai, bere lan boluntarioagatik. "EROSKIn ohikoa denez, konpromiso horretan parte hartu nahi izan dugu, eta kontsumitzaileek emandako kiloei guztizkoaren zati bat batu diogu gehigarri gisa", esan du Martinez Berriochoak.

1996an hasi zen EROSKI Elikagaien Bankuarekin lankidetzan, Bizkaiko Elikagaien Bankuak proposatuta eta kontsumitzaileek berek eskatuta, behartsuen eta bazterkeria soziala jasateko arriskuan direnen kolektiboari elkartasuna erakustea galdegiten zuten eta.

Gero, EROSKIk martxan jarri zuen kontsumitze-data gomendatua hurbil zuten baina oraindik ziurtasun osoz jateko onak ziren elikagai ontziratuak emateko programa. Gaur egun, EROSKIren programa horrek eta Elikagaien Bankuak jarraitzen dute konpromiso horrekin, 'Ez alferrik galdu' programaren bidez, jateko on den elikagairik ez botatzeko bere hipermerkatu eta supermerkatu sare guztian.

Krisi ekonomikoaren lehen ondorioak hastearekin, EROSKIk eta FESBALek janari freskoetara zabaldu zuten programa hori; horretarako, beharrezkoa izan zen donazio logistika berriz definitzea, hotz kateari eusteko eta ziurtatzeko elikagaiak segurtasun osoz ailegatzen direla hartzaileengana.

Eguraldia
Asteazkena 20 Min: 4
Max: 12
Osteguna 21 Min: 6
Max: 13
Ostirala 22 Min: 7
Max: 12
Bideoak


+ Bideo gehiago

Papereko edizioa
Jarraitu twitterren
LagunAro

Iradokizunak

iradokizunak