Irakurriena
- 1. Bilbao As Fabrik inauguratu dute Bilboko Udalak eta Mondragon Unibertsitateak
- 2. New York Times egunkariak MONDRAGONen eredu kooperatiboan erreparatu du
- 3. “Estatu osorako txertoak banatzeko eta biltegiratzeko gaitasuna du Bexen Medical-ek”.
- 4. Iñigo Ucin, MONDRAGONeko lehendakaria: "Pandemia honetan kooperatibek egin dutena izugarria izan da"
- 5. Mondragon Unibertsitateak nerabeek sare sozialetan dituzten ohiturak ikertu ditu
- 6. 245.000 bisitatik gora jaso ditu tulankide.com-ek 2020an zehar
- 7. “COVID-19 eta ondoren zer?” liburuan, pandemiaren ondorioak eta erronkak aztergai
- 8. "Ekonomia ez da itzali eta piztean lehengoratzen den makina bat"
- 9. Fagor Arrasatek 24 milioi inbertituko ditu eraldaketa digitaleko proiektuetan
- 10. Leartikerrek miokardio-infartua tratatzeko soluzioak garatzen duen proiektuan hartzen du parte
Eroskik zuzendaritza batzordearen zati bat berritu du

Eroskik berritu egin du Zuzendaritza Batzordearen zati bat, eta aurrerantzean bertako kide izango dira Merkataritza arloko zuzendaria, Beatriz Santos, Marketin Estrategikoaren arloko zuzendaria, Eva Ugarte, eta Gizarte arloko zuzendaria, Iñigo Eizaguirre. Zuzendaritza Batzorde hori osatzen duten beste hiru kideak hauek dira: Agustin Markaide, lehendakaria; Javier Amezaga, Baliabideen zuzendari nagusia; eta Rosa Carabel, Sareko zuzendari nagusia.
Arduradun berri horiek sartuta, kooperatibak genero parekidetasuna gauzatu du Zuzendaritza Batzordean. Genero berdintasuna argi eta garbi islatzen da kooperatiba honen sorrerako estatutuetan, eta enpresako politika guztietan, prozesu guztietan eta erakundeko maila guztietan aintzat hartzen den printzipioa da, aukera berdintasuna berariaz bermatzeko, bai laneko harremanetan eta bai tratu pertsonalean ere. Eroskiko langileen %78 emakumeak dira, kooperatibaren gobernu organoetan –Kontseilu Errektorea eta Kontseilu Soziala– %83 dira emakumeak, eta ardura postuetan emakumeek duten ordezkaritza %72koa da, banaketaren arloan dagoen handiena alegia.
Fokua jarduera komertzialaren lehiakortasunean jartzen duen aldi berria
Eroski aldi berri baterako prestatzen ari da birmoldaketa operazioak amaitu dituen honetan. Zenbait lehentasun jarri ditu helburu gisa: bere merkatuetan lehiatzea, Bezero-Bazkidea estrategiaren erdigunean jartzea eta bere pertsona taldeen gaitasunak indartzea.
Eroski da Espainian kooperatiba izaerako lehen banatzaile taldea, eta erreferentziazko operadorea Galizian, Euskal Autonomia Erkidegoan, Nafarroan, Katalunian eta Balearretan. Nagusiki erkidego horietan biltzen du bere saltoki sarea, eta %20 inguruko merkatu kuota dauka. Horretaz gain, frankizia erako sare indartsu bat ere badu Eroskik, Andaluzian, Madrilen, Gaztela Mantxan, Extremaduran eta Levanten hedatua dagoena gehienbat.
Merkatuko lehian aritzeko, Eroski eredu berria ezartzen ari da bere saltoki sarean, "Zurekin" eredua, eta honako alderdi hau lehenetsi du dendak berritzeko orduan: eskaintza osasungarriagoa eta jasangarriagoa egitea, protagonismo handia emanda inguru hurbilenean ekoizten diren elikagaiei. Gaur egun 512 saltoki ditu belaunaldi berrikoak –26 hipermerkatu eta 486 supermerkatu–, eta horiei esker, bezeroei errazagoa eta erakargarriagoa zaie erosketa egitea; gainera, freskoetan oso espezializatuta daude saltokiak, eta tokiko produktuek garrantzi berezia dute. 2017. urterako, Eroskik aurreikusi du beste 79 saltoki berrituko dituela eta horrekin hobetu egingo duela denda horien lehiakortasuna; denda berriak irekitzeko asmoa ere badu, 4 hain zuzen, eta frankizia erako saltokien hedapenean indar eginez jarraitzekoa ere bai.
Hurrengo 4 urteetarako, negozioa sendotzea da Eroskiren lehentasuna, eta, horretarako, Zuzendaritza Batzordeak landu duen Plan Estrategikoak indartu egiten du emaitzetara bideratutako ekintza batasuna, eta Taldearen estrategiaren erdigunean jartzen ditu zazpi milioi Bazkide-Bezeroak eta saltokietako txartelen jabeak (Eroski , Caprabo, If eta Forum, ).
Eroskiko giza taldeen garapen profesionala eta pertsonala indartzea da 2020. urtera begirako Plan Estrategikoaren hirugarren zutabea, eta pertsonen formazioa bihurtzen du lehiakortasuna hobetzeko gakoetako bat. Aurreko ekitaldian, adibidez, Eroskik %20 handitu zituen barne-formazioko orduak, eta 210.000 ordutik gora eskaini zituen.
Bezeroarekiko arreta hobetzeko eta arreta pertsonalizatuago emateko bidean aurrera egiteko, Eroskik "Freskoen Eskolak" antolatu ditu Harategian, Arrandegian, Ogitegian, Urdaitegian eta Frutategian, eta 500 langile baino gehiago pasatu dira 2016an ikasgela horietatik.
Eroski osatzen duten pertsonen garapen profesionalaren eta pertsonalaren aldeko apustu horretan, aipagarria da "Summa" izeneko programa, zuzendaritza arloko garapenera bideratua. Mondragon Unibertsitatearekin lankidetzan lantzen da formazio programa hori, zeina Unibertsitatearen eta Enpresaren artean talentuaren transferentzia egiteko planaren zati baita; kooperatibak berrikuntza motor gisa zehaztu zuen hurrengo lau urteetarako, denboran iraungo duten lehia-abantaila berriak eraikitzeko helburuz.