Ereitean bidelagun

Ereitean bidelagun

Ainara Udaondo, Mondragon Unibertsitateko LANKI Kooperatibismoaren Ikertegiko zuzendaria
Orain dela bi hamarkada hasi ginen hezkuntza kooperatiboaren garapen eta inplementazioan Mondragon Unibertsitateko LANKI, Kooperatibismoaren Ikertegitik. Ordu ugari pasa ditugu langintza horretan, milaka eta milaka kooperatibistekin partekatu ditugu hamaikatxo formazio saio. Askok hortik ezagutzen gaituzue. Gaurkoan, bidearen praktikak emandako perspektibatik, zenbait hausnarketa partekatu nahiko genituzke zuokin.
2026/10/23

Kontzeptu kooperatiboaren loratzea bizi dugu. Lehen hezkuntza kooperatibo programak abiatu genitueneko testuingurua oso bestelakoa zen. Gai kooperatiboak lantzeak kontrakotasuna sortzen zuen askorengan, eta eszeptizismoa hainbatengan. Testuinguru hartan hasi ginen, motibazio handiz, eta guztiz sinetsita posible izateaz gain, oso beharrezkoa ere bazela. Eta poza ematen digu orduko uste horiek irauli ditugula ikusteak. 20 urte geroago, harrotasunez esan dezakegu identitate kooperatiboa elikatzea taldeko politika sozioenpresarialaren ardatzetako bat dela, eta hezkuntza kooperatibo eskaintza sendoa daukagula.

Hezkuntza kooperatiboa erakargarria da eta inpaktu positiboa sortzen du. Sarri entzun izan dugu hezkuntza kooperatiboari adoktrinamendu arriskua dariola. Formazio kooperatiboarekin hasi bezain laster, ohartu ginen, baietz, posible zela gai kooperatiboak modu erakargarrian lantzea; belaunaldi berriengana heltzeko gai garela; eta are gehiago, atxikimendua eta harrotasuna pizteko iturri garrantzitsua dela. Hori da saioetatik jasotzen den begirada, nabarmen. Mezuetan, moduetan, asmatu beharra dago, eta garaietara egokitu, baina gure diferentzial kooperatiboak duen erakarpen indarra oso handia da.

Kooperatibako kapa ezberdinak elikatzearen garrantzia. Bidean ikasi dugu hezkuntza kooperatibo estrategia eraginkor batek erakunde osoa busti behar duela. Une sozietario ezberdinentzako eta hartzaile mota guztientzako askotariko proposamenak behar ditugula. Guztiongana heldu behar dugu: organo sozialetako kideak, maila exekutiboan diharduten arduradunak, bazkide berriak, eta bazkide-langile kolektibo osoak. Hartzaile mota bakoitzarentzako programa eta proposamen egokiak sortu behar dira eta koherentziaz artikulatu. Epe luzeko begirada behar duen estrategia da hezkuntza kooperatiboa: etengabeko siri-miri kooperatiboa behar dugu etorkizunerako harrobi kooperatiboa sortzen jarraitzeko.

“Gaurdaino egindako bidea emankorra izan da. Aurrera begira ere, izan dezagun adorea gure buruak berrasmatzen jarraitzeko, sortzeko eta berritzeko. Eta konplexu barik gure diferentzial kooperatiboa hauspotzen jarraitzeko”

Sistematikoa eta kudeaketan integraturik. Proiektu sozio-enpresarial kooperatibo sendo eta erakargarriak eraikitzeko identitate kooperatiboa elikatzea ezinbestekoa da. Eta bide horretan eragiteko dugun palanka garrantzitsuetako bat da hezkuntza kooperatiboa. Exijenteak izan behar dugu gai honetan ere. Edozein enpresa-estrategiak bezala, bitartekoak behar ditu, eta gure kooperatiben kudeaketan integraturik modu sistematikoan administratu behar dugu. Apustu sendo barik, ez dago emaitza esanguratsurik.

Errealitate kooperatiboarekin konexioan. Ez, ez gabiltza hablando de pájaros y flores. Gure kooperatibentzako gai zentralak lantzen ditugu. Argi dugu hezkuntza kooperatibo proposamenek gure kooperatibek bizi dituzten erronka eta aukerei erantzun behar dietela, gure izaeran sakontzeko aukera eskaini behar dutela, eta gure praktika enpresariala indartzeko palanka izan behar dutela. Horretarako ezinbestekoa da kalitatezko eskaintza egitea, ikerketa begiradarekin elikatzea, eta errealitatearekin etengabeko konexioan garatzea.

Ekosistemako eragileon arteko lankidetza. Gure ekosistemak dituen zuntzak baliatuz eraiki da taldeko hezkuntza kooperatibo estrategia. Zentro korporatiboaren (Otalora) lidergopean diseinatu eta zabaldu da; unibertsitateko eragileon iker begirada eta gaitasun pedagogikoak erabili dira; eta kooperatibekin hartu-eman zuzenean garatu da. Beste behin ere, agerian geratzen da gure ekosistema kooperatiboa egoki eta osagarri artikulatzeak duen balioa.

Anbizioa eta salto berrietarako ausardia

Gaurdaino egindako bidea emankorra izan da. Aurrera begira ere, izan dezagun adorea gure buruak berrasmatzen jarraitzeko, sortzeko eta berritzeko. Eta konplexu barik gure diferentzial kooperatiboa hauspotzen jarraitzeko.