"Egoera txarrenetan ere eutsi egin diogu euskarari"

Iñigo Arrieta

"Egoera txarrenetan ere eutsi egin diogu euskarari"

Etxebarriko Eika kooperatibak 2020ko Euskaraldian parte hartzeko izena eman du. Entitateek ariguneak sortu eta irailaren 27ra arte daukate zabalik izena emateko aukera.
2020/09/21

Azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo da aurten Euskaraldia ariketa, eta oraingoan, norbanako bezala parte hartzeko aukeraz gain, taldean ere parte hartu ahalko da ariguneen bidez. Era guztietako entitateek parte hartu ahal izango dute, eta helburua entitate horien harremanetan euskararen erabilera handitzea da. Bigarren urtez ere bat egingo du Eikak Euskaraldiagaz.

Zer dela eta eman duzue izena Euskaraldian?
Eikan badaramatzagu 20 urte baino gehiago euskararen alde lan egiten, eta Euskaraldia hasi zenean pentsatu genuen erakunde moduan izena eman eta beste aurrerapauso bat eman genezakeela, euskaraz bizi nahi dugulako.

Zenbat arigune izango dituzue? Nola antolatu dituzue?
Momentuz ez ditugu ariguneak zehaztuta, baina Euskara Batzordean hitz egin genuenean, argi eta garbi esan genuen lehenengo arigunea Euskara Batzordea eta beste organoak izango zirela. Arigune batzuk sortzen saiatzen ari gara organoetatik, eta hortik erakunde osora zabaldu. Irailerako prest egon nahi genuen, baina COVID-19a dela eta gauzak atzeratzen ari dira. Protokolo berriak murrizketak ekarri ditu, ezin gara elkartu nahi dugun beste, baina ariguneak definituko ditugu, eta ziur gaude hemengo 500 langileen artean bultzakada handi bat jasoko dugula.

Jendea euskararen alde dagoela argi eta garbi dakigu, beraz, arigune desberdinak topatuko ditugu, bai sail ezberdinetan bai eta zuzeneko langileen artean, makinetan…

Eika iaz ere batu zen Euskaraldira. Orduan norbanakoena zen parte hartzeko aukera (ahobizi eta belarriprest). Zelakoa izan zen esperientzia?
Batzuek txapak ipini genituen Euskaraldian parte hartzeko, eta beste batzuek nahiz eta txapa ez erabili, Euskaraldia jarraitzen zuten, ahobizi edo belarriprest izanez. Euskaraldiak inguruko herrietan ere eragina eduki duela ikusi dugu, eta, beraz, oso pozik gaude. Aurtengoa, baina, guretzat beste aurrerapauso bat da. Ez da norbere konpromisoa, erakunde modura beste pauso bat eman nahi dugu, talde batean gaude, eta talde horren konpromisoa lortzea espero dugu.

Lehenengo Euskaraldia igarota, nabaritu zenuten hizkuntza ohituretan aldaketarik?
Eikan euskararen erabilera nahikoa altua da, eta horregatik pauso horiek nabaritzea zailagoa da. Baina egia da sarritan euskaraz egiten ez dutenak ere egun horietan pausoak ematen aritu zirela. Poliki-poliki ikusten ari gara jendea euskararen aldeko pausoak ematen.

Eikak aspalditik dauka konpromisoa euskaragaz. Euskara Batzordea, euskara planak…Zertan ari zarete orain?
1999an lehenengo Euskara Batzordea sortu zenean hemen zegoen kezka euskara mantentzea zen, eta helburu horregaz, urtez urte ekimen ezberdinak eraman ditugu aurrera. Orain maila nahikoa altuan gaude, eta gure helburua aldatu da, iraunkortasunaren bila ari gara. Edozer gertatuta ere badakigu euskaraz jarraituko dugula lanean, gure prozesuak, gure baliabideak, gure makinak finkatuta ditugulako. Edozein prozesutan modura, azkenengo mailetako pausoak ez dira horren ikusgarriak, baina zailagoak dira emateko. Orain erronka da, esate baterako, euskaraz sortzea zeharkako langileen artean. Erronka garrantzitsua, baina epe luzera begirakoa. Nola goazen jakiteko langile berrien pertzepzioa jasotzen dugu. Euskara Batzordera gonbidatzen ditugu, lehenengo argazkia jasotzeko, eta orokorrean, gauza pila bat egiten ari garela ikusten dute.

Inguruko beste kooperatiba edo enpresen berri badaukazue, elkar animatzen duzue parte hartzera?
Eskualde mailan ere badago talde bat, eta Lea-Artibain euskararen alde zer egin dezakegun aztertu eta ekintza ezberdinak antolatzen ditugu. Lea-Artibai mailako Euskara Batzordean erabaki zen, esate baterako, oraindik Euskaraldian izena eman barik zeudenei gutun bat idaztea parte hartzera animatzeko, eta elkarrizketa hau ere aprobetxatu nahiko genuke horretarako. Orain arte bakoitzaren konpromisoa izan da, orain, erakunde modura beste pauso bat ematea eskatzen ari gara. Eikan 500 langile gara, baina ziur aski enpresa txikietan ere eman ahal diote horrelako bultzakada bat euskarari.

COVID-19a dela-eta hilabete gogorrak bizi izan dira, eta sarritan euskarak galtzen irten du.
Protokoloak egun batetik bestera aldatu dira, hainbat jakinarazpen luzatu behar zitzaizkien langileei, eta hor ikusi da Eikak daukan konpromisoa. Egoera txarrenetan ere eutsi egin diogu euskarari. Badirudi Euskaraldiak egoera honetan indarra galdu duela, denon kezka da zelan egin Euskaraldia gauden egoeran, baina posible dela uste dugu. Une txarretan ere euskara hemen dago, ez gara ahaztuko euskaraz, nahiz eta gauzak txarto joan. Toki askotan agertu dira gaztelaniazko adierazpenak, eta euskara galtzen atera da, baina hemen ahalegina egin da, sinesten dugulako.

Elkarrizketa hemen argitaratu da: 

https://lea-artibaietamutriku.hitza.eus/2020/09/15/inigo-arrieta-egoera-txarrenetan-ere-eutsi-egin-diogu-euskarari/