Irakurriena
- 1. "Kooperatibismoari kontakizuna falta zaio. Ez istorio faltagatik, baizik eta kodeak ez direlako gaur egungoekin bat etortzen"
- 2. Batzek 69 milioi euroko finantzaketa sindikatua itxi du 2032ra arteko hazkundea sustatzeko
- 3. MONDRAGONek 11.322 milioiko salmentak lortu zituen 2025ean, eta 1.346 enplegu berri sortu
- 4. Fagor Taldeak 1.735 milioi euroko salmentekin itxi du 2025eko ekitaldia
- 5. Eroskik itzulkinak emango ditu 15 urte eta gero
- 6. Erreka Medicalek Microliquid integratu du osasun arloan aurrera egiteko
Bilbo, Gasteiz, Donostia, Iruña eta Mauleko alkate euskaldunak batuko ditu HUHEZIk
Lehen aldiz historian, hegoaldeko lau hiriburuetako alkateak (Juan Mari Aburto, Bilbo; Gorka Urtaran, Gasteiz; Eneko Goia, Donostia; eta Joseba Asirón, Iruñea) eta Zuberoako alkate bat (Michel Etchebest, Maule) euskaldunak dira. Hego Euskal Herriko lau hiriburuetako eta Mauleko alkateek euskaraz jakitea eta euren eguneroko jardueretan erabiltzea historikoa da, eta hori aprobetxatu nahi izan du Mondragon Unibertsitateak jardunaldi batean bost alkate horiek biltzeko, euskararekin zer harreman duten eta norberaren udalerrian euskararen inguruan zer erronka dauden azter dezaten.
Euskararekin zer harreman duten eta norberaren udalerrian euskararen inguruan zer erronka dauden aztertuko dute
Jardunaldiaren izenburua hau da: “Alcaldes euskaldunes en las capitales. Relación con el euskera y retos de futuro. Euskal Herriko hiriburuetako alkateak. Euskararekiko harremana eta etorkizuneko erronkak”. Unibertsitate-kolektiboarentzat zein publiko orokorrarentzat da. Gainera, hedabideentzat irekita egongo da, eta streaming bidez ikusteko egongo da (http://mukom.mondragon.edu/mutb/zuzenekoak/). Jardunaldia martxoaren 10ean, osteguna, egingo da, 17:00etan, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean (Eskoriatzako campusean). Fakultateko Euskara Batzordeak urtero antolatzen duen kultura-egitarauaren barruan dago, eta euskararen aldeko jardueretako bat da. Sortu zenetik, Mondragon Unibertsitateak euskara gizartearen esparru guztietan eta erakundeetan garatzen laguntzeko eta sustatzeko konpromisoa izan du.
Jardunaldian parte hartu nahi dutenek izena emateko, mezu bat bidal dezakete harrera.huhezi@mondragon.edu helbidera, edo 943 71 41 57 telefono-zenbakira deitu.Jardunaldiaren lehen zatian, parte-hartzaileen udalerrietan euskararen arloan dauden erronketan jarriko da arreta, eta bigarrenean, alkate bakoitzak euskararekin zer harreman duen –alegia, euskararekiko zer ibilbide pertsonal duen– azalduko du.