Irakurriena
- 1. Mondragon Unibertsitateak maiatzera arte eskainiko ditu ate irekien jardunaldiak
- 2. Cikautxok Hidrogeno ibilgailuetarako osagaiak eta zirkuituak garatzen ditu
- 3. “Iraunkortasunaren arrakasta lan taldean dago, eta zentzu honetan beste erronka handi bat talentuaren garapena da”
- 4. Ausolanek eta Basque Team-ek Aktiba zaitez kanpaina abiarazi dute, haurtzarotik jarduera fisikoa sustatzeko
- 5. Basque Culinary Centerrek 10 urte bete ditu, gastronomia sustatzen
- 6. MONDRAGON Korporazioak eta ONCE Gizarte Taldeak bat egin dute prestakuntza, enplegua eta teknologia sustatzeko
- 7. Juanjo Ansoategi hil da
- 8. LagunArok normaltasunaren itzulera iragarri du
- 9. Pertsonen berrikuntzaren hilabetea Garaian
- 10. Eskuratu LABORAL Kutxaren txirrindulari-ekipamendua
Ander Jauregi Goñi ikaslearen proiektua saritu dute

Euskaraz egindako ikasketa-amaierako proiekturik onenari saria eman diote MONDRAGONek Arrasaten duen egoitza nagusian. Sariaren irabazlea Ander Jauregi Goñi izan da, Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoko ikaslea, “Energia eta Potentzia Elektronikako Unibertsitate Masterrean IK-4 Ikerlanentzat egindako « Bihurgailu multifase baten diseinua eta garapena” lanagatik. ». Mondragon Unibertsitateak eta MONDRAGON Korporazioak 1.500 euroko saria eman diote zazpigarren edizio honetan.
Aurkeztutako proiektu guztiek maila tekniko-akademiko handia dute, eta euskaraz ongien idatzitakoa izan da saritua.
Sariok duela zazpi urte sortu ziren, MONDRAGON Korporazioko Euskara Batzordearen ekimenez, Mondragon Unibertsitateko ikasleek lan-munduan sartzeko egin beharreko ikasketa-amaierako proiektuak euskaraz egin zitzaten. MONDRAGON Korporazioak erronka hori jasoa zuen bere Plan Estrategikoan, eta 2010ean lantalde bat sortu zuen, Korporazioko eta Fakultateetako kideez osatua, sariak abian jartzeko. Hala, fakultate bakoitzeko bi ordezkarik eta Korporazioko batek osatutako epaimahaiak Korporazioko enpresetan egin eta sariketara aurkeztutako proiektuak aztertu dituzte.
Guztira 198 proiektu egin dira euskaraz Mondragon Unibertsitatean, eta horietako 20 onenak ebaluatu dira sarirako, Enpresagintza Fakultatetik, Goi Eskola Politeknikotik eta Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatetik.
Epaimahaia osatzen duten fakultate bakoitzeko kideak hauek izan dira: Eneko Bidegain eta Karmele Perez (Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea), Rafael Altuna eta Miriam Leibar (Enpresagintza Fakultatea), Xabier Arrasate eta Pedro Urteaga (Goi Eskola Politeknikoa) eta Ander Etxeberria (MONDRAGON Korporazioa). Proiektuak sakon aztertu ondoren, epaimahaikideak ados jarri dira puntuazioa eman eta sariduna aukeratzeko orduan.
Sariduna
Ander Jauregi Goñi (Goi Eskola Politeknikoa)
Proiektuaren izena: Bihurgailu multifase baten diseinua eta garapena.
Laburpena:
Lanaren helburua BIHURGAILU MULTIFASE BATEN DISEINUA ETA GARAPENA egitea da. Lehenik eta behin teknologiaren gaur egungo egoera aztertu da ikerketa publikazioetan oinarriturik, diseinu egoki bat burutu ahal izateko. Simulazio bitartez aurkeztu dira diseinurako irizpideak eta beraien egokitasuna, bihurgailua osatuko duten elementu guztien aukeraketa justifikatzeko. Jarraian, hautatutako osagaien disposizioa definitu da diseinu mekaniko egoki bat lortzeko. Bihurgailuaren diseinu orokorra kontutan harturik kontrol egoki bat eta berau inplementatzeko interfazeak definitu dira. Azkenik proiektuaren emaitzak aurkeztu eta etorkizunerako ildoak proposatu dira.