Fagor Ederlan Taldeak Ipar Amerikako hazkundea bultzatuko du Pennsylvaniako Fagor Recycling enpresa berriaren bidez

Blossburgeko instalazio berriak aluminio birziklatuaren ekoizpenean eta material birziklagarrien balorizazioan espezializatuko dira. Hasierako urteko ekoizpen-ahalmena 12.000 tonakoa izango da, eta 60 lanpostu zuzen sortzea aurreikusten da hazkunde-plana gauzatu ahala.
Card image cap
2026/10/27

Fagor Ederlan Taldeak beste urrats bat eman du Ipar Amerikako hedapen industrialean, Fagor Recycling enpresa berriaren instalazioak inauguratu baititu Blossburgen (Pennsylvania, AEB). Lorne Kalisky bazkide estrategikoarekin batera sortutako sozietatean, euskal talde kooperatiboak kapitalaren %51 du.

Inbertsio berri honek Fagor Ederlanek ekonomia zirkularraren eta aluminio birziklatuaren alde egindako apustua indartzen du, eta Fagor Regen Aluminum enpresaren jarduera osatzen du. Azken hori 2025ean sartu zen taldean, Fagor Ederlan bigarren mailako aluminioaren negozioan sartzeko urrats estrategiko gisa.

Fagor Recycling aluminio birziklatuzko lingoteak ekoizten eta material birziklagarriak balorizatzen espezializatuko da. Instalazioak hainbat aluminio-aleazio fabrikatuko ditu, material birziklatua soilik erabiliz, batez ere AEBetako merkaturako eta automobilgintza, eraikuntza eta kontsumo-ondasunen sektoreetarako.

Plantak urtean 12.000 tonako ekoizpen-ahalmenarekin ekingo dio jarduerari, eta datozen urteetan 36.000 tonara iristea aurreikusten da. Hasierako lantaldea 20 pertsona ingurukoa izango da, eta hazkunde-faseak garatu ahala 60 lanpostu zuzen sortzea aurreikusten da. Ikuspegi ekonomikotik, konpainiak lehen urtean 40 milioi dolarreko fakturazioa lortzea espero du, eta hazkunde-plana osatutakoan urteko 100 milioi dolarretik gorakoa izatea du helburu.

Aluminio birziklatuaren aldeko industria-ekosistema

Fagor Recyclingek eta Fagor Regen Aluminumek aluminio birziklatuan espezializatutako industria-ekosistema osatuko dute, bezeroei eskaintza zabalagoa eta lehiakorragoa emateko. Bi instalazioen arteko gertutasunak logistika optimizatzea, industria-txatarra eta material birziklagarriak eskuratzeko aukerak zabaltzea eta aleazioen zein ekoizpen-gaitasunen eskaintza osagarria garatzea ahalbidetuko du. Horrez gain, bi enpresek harreman komertzialak eta ezagutza teknikoa partekatuko dituzte, material jasangarrien gero eta eskari handiagoari erantzuteko.

Aluminio birziklatuak abantaila estrategikoa eskaintzen du industria-lehiakortasunaren eta ingurumenaren ikuspegitik. AEBetan ekoitzitako aluminioaren %85 inguru iturri birziklatuetatik dator, eta aluminio birziklatua ekoizteak aluminio primarioa ekoizteak baino %95 energia gutxiago behar du.

AEBetan ekoitzitako aluminioaren %85 inguru iturri birziklatuetatik dator, eta aluminio birziklatua ekoizteak aluminio primarioa ekoizteak baino %95 energia gutxiago behar du.

Inbertsio berriari esker, Fagor Ederlanek AEBetako tokiko ekoizpen-gaitasuna handitu, aluminio-aleazioen eskaintza zabaldu eta aluminioaren birziklapenaren eta fintzearen sektorean duen posizionamendua indartuko du. Ekimenak, gainera, inportazioekiko mendekotasun handia duen merkatu baten beharrei erantzuten die: AEBetako aluminio-eskariaren %60 inguru inportazioen bidez estaltzen da.

Hazkunde partekatua eta etorkizun jasangarriagoa

Jon Zuazo Fagor Ederlan Taldeko zuzendari nagusiaren hitzetan, “Fagor Regen Aluminum taldean sartzeak gure etorkizunerako estrategikoa den sektore baten ateak ireki zizkigun. Gaur, Fagor Recycling martxan jarriz, beste urrats bat eman dugu aluminio birziklatuaren aldeko gure apustuan. Material hori funtsezkoa da industria-deskarbonizaziorako, aluminio primarioaren ekoizpenak baino %95 energia gutxiago behar baitu. Horrela, Ipar Amerikako gure bezeroei tokiko, jasangarri eta lehiakorrak diren irtenbideak eskaintzeko dugun gaitasuna indartzen dugu. Inbertsio honek gure bazkideekin, gure pertsonekin eta gure jarduera garatzen dugun komunitateekin batera hazten jarraitzeko dugun borondatea erakusten du”.

Inaugurazio-ekitaldian Mikel Uribetxebarria Fagor Ederlan Taldeko presidenteak, Jon Zuazo zuzendari nagusiak eta Lorne Kalisky bazkideak parte hartu zuten, Pennsylvaniako eta Blossburgeko erakundeetako ordezkariekin, etorkizuneko langileekin eta tokiko komunitateko kideekin batera.

MONDRAGON Korporazioaren parte den Fagor Ederlan Taldea automobilgintzako osagaien nazioarteko hornitzaile nagusietako bat da. Xasis-sistemetan, powertrain soluzioetan eta egitura-osagaietan espezializatuta, Europan, Ipar Amerikan, Hego Amerikan eta Asian ditu industria-instalazioak, eta industria-gaitasuna, berrikuntza teknologikoa eta jasangarritasunarekiko konpromisoa uztartzen ditu.

Automozio osagaiak