2017-08-22T18:58:59+02:00

Tresna pertsonalak

TUlankide MONDRAGON

BHKlip lehiaketako sariak banatu dituzte

2015/06/03

Arizmendi Ikastolako Almen eta Gaztelupe guneetako bi taldek irabazi dituzte BHKlip lehiaketako sari nagusia. Leintz ibarreko Arizmendi Ikastolako, Txantxiku Ikastolako eta Aranzadi Ikastolako ikasleek esku hartu dute bideo lehiaketan.
BHKlip lehiaketako sariak banatu dituzte

Atzo banatu ziren BHKlip lehiaketako sariak. Epaimahaiarena Almeneko DBHko hirugarren mailako talde batek jaso zuen eta Ikuslearena Gaztelupeko laugarren mailako batek. Lehenengoa XXII. Mendeko betaurrekoak lanagatik Jone Zuloaga, Uxue Beloki eta Nerea Fernandez de Antonarentzat izan zen. Ikuslearena, berriz, Ainhoa Mendizabal, Jone Uribesalgo eta Wilbert Ciprianentzat Etorkizuneko ikastola-etorkizuneko ametsak lanagatik.

Publikoaren sarirako 846 boto blogean

Tablet bana jaso zituzten opari. Epaimahaiak bereziki baloratu du ikus-entzunezko lanen mezua, kontaketa estiloa eta baita hainbat lokalizazio erabili izana ere. Epaimahaiak beste lan hau ere nabarmendu zuen: Guk horrela ikusten dugu XXII. mendeko ikastola.

Guztira 846 boto jaso ziren blogaren bidez Ikuslearen Sarirako, eta hauexek dira boto gehien jaso zituztenak: Nolakoak izango dira XXII. Mendeko ikastolak? (98 boto), 5D betaurrekoak XXII. Mendeko ikastolan (115 boto), Etorkizuneko ikastola, etorkizuneko ametsak (139 boto) eta XXII. Mendeko betaurrekoak (236 boto). Ikuslearen Saria eta Epaimahaiarena lan berak jaso zuenez, Ikuslearen Saria botorik gehien jaso zituen bigarren taldearentzat izan zen.

Zazpigarren urtez ikus-entzunezkoen alorrean ikasleengan eragiten

Arizmendi ikastolak zazpigarrenez jarri du, aurten, abian bideo-lehiaketa hau. Aurtengo gaia XXII. mendeko ikastola izan da, eta guztira 21 lan jaso dira. Parte hartzaileak DBHko 3. eta 4. mailako ikasleak eta batxilergokoak izan dira. Debagoieneko ikastoletako ikasleei zabalik egon da eta Bergarako Aranzadi, Oñatiko Txantxiku eta Leintz Ibarreko Arizmendiko ikasleak aritu dira nor baino nor. Era berean, Goiena Komunikazio Taldea, Bagara kooperatiba, AZK komunikazio enpresa eta Mondragon Unibertsitatearen babesa jaso dute. Esker ona eurentzat.

Ekitaldi xumea, baina egokia

Ekitaldian Gorka Etxabe Artemaneko kideak parte hartu zuen gonbidatu gisa. Solasaldi bat eskainiz hurbildutakoei ikus-entzunezkoen inguruan; ondorengo bi galderei erantzun zien: zer eragin dute, gaur egun, ikus-entzunezkoek gazteengan? Zer aukera du gazte batek ikus-entzunezkoak jorratzeko bailaran? Interes handia lortu zuen bere hitzaldiak ikasleen artean eta ekitaldia borobildu zuen Etxaberen parte-hartzeak, duda barik.

Batxilergoa amaitu berri duen Ane Zuazubizkarrek, berriz, dotoreziaz, naturaltasunez eta hurbiltasunez aurkeztu zuen atzoko saioa. Esker ona bikoteari ere.

Ekitaldi xumea, baina era berean, egokia atzokoan antolatzaileek eskaini zutena. Pozik daude aurtengo emaitzarekin, eta aurrera begira ekimenarekin jarraitzeko prest.

Argazki gehiago: https://www.flickr.com/photos/42359529@N02/sets/72157653530333058


Bideoak


+ Bideo gehiago

Papereko edizioa
Jarraitu twitterren
LagunAro

Bazkideentzat promozioak

fagor-promo

Iradokizunak

iradokizunak