Irakurriena
- 1. MONDRAGONek 11.322 milioiko salmentak lortu zituen 2025ean, eta 1.346 enplegu berri sortu
- 2. Fagor Taldeak 1.735 milioi euroko salmentekin itxi du 2025eko ekitaldia
- 3. Eroskik itzulkinak emango ditu 15 urte eta gero
- 4. Erreka Medicalek Microliquid integratu du osasun arloan aurrera egiteko
- 5. Etorki eta Lana kooperatibek Europa hegoaldeko zerrategirik eraginkorrena inauguratu dute
- 6. Abian da Harrobia: Mondragon Unibertsitateko ikasleek dagoeneko izena eman dezakete proiektuetan
“Urte hauetan gehien markatu nauena bidea bera izan da: bide luze, eder eta jendetsua”
Oholtzetatik harago ere begiratzen dio bertsolaritzari Nereak. Boiseko euskal diasporari buruzko “Boise!” liburuaz, udako plaza giroaz eta kooperatibismoaren balioez hausnartu du elkarrizketan, elkarlana eta sarea kultur sorkuntzaren oinarri direla azpimarratuz.
Lehenik eta behin, zure burua pixka bat aurkezteko: nondik dator Nerea Ibarzabal, noiz eta nola hasi zinen bertsolaritzaren munduan, eta zer izan da bidean gehien markatu zaituena?
Zumarragan jaio nintzen, Markina-Xemeinen hazi, eta gaur egun Hernanin bizi naiz. Ikasketaz kazetaria naiz, baina azken urte luzeetan bertsolaritzaren munduan murgilduta nago erabat.
Gaztetxoa nintzela hasi nintzen bertsotan, 11 urte ingururekin. Juanjo Respaldiza Markinako ikastolara etortzen zen, eta gelako lagun batzuk animatu ginen bertso-eskolara joatera; tartean, Josune Aramendi, gaur egun ere bertsotan dabilena. Konturatu gabe, hasieran aisialdiko jarduera bat zena gaur egun arte iraun duen bizimodu bihurtu da.
Urte hauetan gehien markatu nauena bidea bera izan da: bide luze, eder eta jendetsua izan delako. Ezagututako jendea eta bertsolaritzak emandako bizimodua dira oraindik ere hemen lotuta mantentzen nautenak.
Ezagututako jendea eta bertsolaritzak emandako bizimodua dira oraindik ere hemen lotuta mantentzen nautenak.
Azken hilabeteotan “Itzali eta piztu” saioekin zabiltzate. Zer du berezi formatu horrek, eta zer aukera ematen dizue bertsolaritzari beste modu batean heltzeko?
Lanku Bertso Zerbitzuen ekoizpena da “Itzali eta piztu”, eta hiru musikarik eta bertsolarik sortutako proposamena: Aner Peritzek, Libe Goenagak eta Manex Pagolak. Haiek arduratzen dira saioak musikatzeaz, eta hainbat bertsolari gonbidatzen dituzte emanaldietara; pixkanaka, gero eta talde zabalagoa osatu dute.
Oinarrian, bertso-saio musikatuak dira, musika elektronikoan oinarrituak. Autotunea erabiltzen dugu gure ahotsaren erregistroarekin jolasteko, eta hortik abiatzen da esperimentazioa. Doinuei dagokienez, euskal doinutegi tradizionaleko piezak erabiltzen ditugu, baina erregistro elektronikoan kantatuta; horrez gain, doinu berriak eta nazioarteko erreferentziak ere sartzen ditugu: reggaetonetik hartutako erritmoak, “cumbia” estilokoak eta bestelakoak. Bad Bunny edo Bad Gyal bezalako artisten doinuetan bertsotan aritzen gara, esperimentatzen.
Esperimentu oso polita izaten ari da, eta jendeak harriduraz hartzen du. Dagoeneko leku askotan kantatu dugu, eta nire sentsazioa da parranda-giroko espazioetan (kafe antzokietan, hondartzako txiringitoetan eta antzekoetan) oso ondo funtzionatzen duela. Musika elektronikoak gorputzaren mugimendua ere aktibatzen du, eta gorputzaldi desberdinak proposatzen ditu; horregatik, jendea giro horretara irekita egotea garrantzitsua da.
Bad Bunny edo Bad Gyal bezalako artisten doinuetan bertsotan aritzen gara, esperimentatzen. Esperimentu oso polita izaten ari da, eta jendeak harriduraz hartzen du.
Bertsolaritza tradiziotik datorren diziplina izan arren, azken urteotan gero eta gehiago ikusten dira formatu eta publiko berrietara egokitutako proposamenak. Zuk nola bizi duzu berrikuntza eta sustraien arteko oreka hori?
Nik beti ezagutu dut bertsolaritza oso irekia izan den jardun gisa: beste diziplina batzuekin elkartzeko eta esperimentatzeko prest egon dena. Ez dut uste garai honetako fenomeno hutsa denik. Ni gaztetxoa nintzenean ere bazeuden bertso-saio musikatuak edo bertsolariz osatutako musika taldeak, adibidez Gu ta Gutarrak edo 7 Eskale.
Nik beti ezagutu dut bertsolaritza oso irekia izan den jardun gisa: beste diziplina batzuekin elkartzeko eta esperimentatzeko prest egon dena.
Historian zehar bertsolariek hainbat funtzio eta forma hartu dituzte, eta hori interesgarria da, bertsoak bere baitan moldagarritasun handia duelako. Azpiegitura gutxi behar duen jarduna da gurea, eta inprobisazioak edozein lekutara eramaten gaitu; moldatzeko gaitasuna daukagu. Gauza batzuk ondo ateratzen dira eta beste batzuk erdixka, baina publiko berrietara iristeko aukera ematen digu, eta bertsolari bakoitzak bere beste zaletasunak ere ekar ditzake bertsolaritzara.
Historian zehar bertsolariek hainbat funtzio eta forma hartu dituzte, eta hori interesgarria da, bertsoak bere baitan moldagarritasun handia duelako.
Horren adibide dira bertso-saio literarioak. Bertsolari askok idaztzi ere egiten dugu, eta gero bertsolari-idazle horiek irakurle edo gai-jartzaile rolean aritzen gara, liburuetako pasarteak irakurriz. Azkenean, beste interes eta espresio modu batzuk ekartzen ditugu bertsora.
Uste dut zenbat eta leku gehiagotatik elikatu, orduan eta espresio forma interesgarriagoak eta aberatsagoak sortuko direla. Beti komeni da zabalik egotea, jakinda bertsoa bere horretan ere jardun osoa dela, alegia, bertsoak a capella ere baduela indarra eta nortasuna. Berdin-berdin betetzen ditugu aretoak, frontoiak eta txapelketak milaka lagunen aurrean, ahots soilarekin bakarrik. Disziplina batek ez du bestea kentzen.
Uda sasoi bizia izaten da bertsolarientzat: plaza, jaialdi eta herriz herriko saio ugari. Zer moduz dator aurtengo uda? Baduzu ilusio berezia egiten dizun hitzordu edo proiekturik?
Uda sasoi oso bizia izaten da guretzat; agenda hankaz gora jartzen digun garaia, alegia. Urtean zehar saio gehienak asteburuetan pilatzen dira, baina uda iristen denean herrietako festek markatzen dute erritmoa. Berdin du astelehena edo asteartea izan: patronalak direnean, festa nonahi dago.
Gurpil ero baina eder bat izaten da: bokadillo artean, txosnetako garagardo artean, lo gutxirekin eta kilometro askorekin. Baina baita jendearekin harreman estuan bizitzeko aukera ere, eta normalean giro onean eta pozik dagoen jendearekin, gainera. Udak badu energia oso positibo bat; zoazen herrira zoazela, jendeak bere festak maitasun bereziz bizi ditu, eta hori nabari egiten da. Garai exigentea da, zalantzarik gabe, baina badu asko gustatzen zaidan puntu berezi bat ere.
Uda sasoi oso bizia izaten da guretzat. Gurpil ero baina eder bat izaten da: bokadillo artean, txosnetako garagardo artean, lo gutxirekin eta kilometro askorekin.
Saio guztiek egiten didate ilusioa, baina agian hiriburuetako festetako saioak bereziki gustatzen zaizkit. Bilboko Santiago plazako saioa, esaterako, oso kuttuna dut. Bilboko Alde Zaharra bertsoz betetzen da egun horretan, eta bertsozaleez gain beti agertzen dira turistak, gaupaseroak edo kasualitatez handik pasatzen den jendea ere. Bertsoak espazio publikoa hartzen du, euskaraz gainera, eta jendearen arreta erakartzeko gaitasun hori oso polita iruditzen zait.
Bertsoak espazio publikoa hartzen du, euskaraz gainera, eta jendearen arreta erakartzeko gaitasun hori oso polita iruditzen zait.
Athletic Fundazioaren baitan, maiatzaren 27an “Boise!” liburua aurkeztuko zenuten Xabi Paya eta Onintza Enbeitarekin batera. Nondik dator proiektu hau, eta zer kontatu nahi duzue Boiseko euskal diasporaren inguruan?
Kontua da aurreko udan Xabi Paya, Onintza Enbeita eta hirurok Boisera gonbidatu gintuztela bertsotara, han bost urtean behin egiten den jaialdiaren harira. Aldi berean, Athletic Clubeko kadete mailako nesken taldea ere joatekoa zen, Boiseko talde batekin duten harremanaren bidez. Haiek Euskal Herrian izan ziren bere garaian, eta oraingoan itzulerako bidaia zen: euskaldunak Boisera joatea.
Athleticek proposatu ziguna izan zen ea bakoitzak ipuin edo narrazio bana idatziko genuen, futbola, diaspora, euskalduntasuna eta nesken kirola ardatz hartuta. Hori egin dugu: bakoitzak bere estiloan kontakizun bana sortu du.
Gure ipuinetako protagonistak Athletic Clubeko kadeteak dira, eta haien bizipenak kontatzen ditugu, kirolari eta euskaldun gisa bizi dituzten esperientziak fikzioaren bidez landuta. Diasporaren gaia ere lantzen da: zer esan nahi duen Euskal Herritik hain urrun euskal identitatea mantentzeak, eta nola sortzen diren loturak bi munduen artean.
Bertsolaritza eta kooperatibismoa; oinarri bereko mugimenduak
Amaitzeko, ezagutzen duzu MONDRAGON kooperatiba mugimendua? Zer erreferentzia edo irudi duzu haren inguruan? Ikusten duzu loturarik kooperatibismoaren balioen eta bertsolaritzaren edo kultur sorkuntzaren artean?
Bai, noski ezagutzen dudala MONDRAGON kooperatiba mugimendua. Guk geuk ere izan genuen kooperatibismoarekin harreman zuzena, Txakur Gorria izeneko sormen taldea kooperatiba txiki baten moduan antolatu genuelako.
Esperientzia hartatik asko ikasi genuen ekonomia sozial eraldatzailearen inguruan. Euskal Herriko hainbat eragile eta kooperatiba ezagutzeko aukera izan genuen, eta uste dut gure begirada asko zabaldu zela. Kooperatibismoan hausnarketa interesgarriak egiten dira bizitzaren inguruan, lanaren inguruan edo diruaren inguruan. Nolabait ikasi nuen modu egoki batean antolatuz gero erabaki daitekeela nolako bizitzak nahi ditugun, eta elkarlanean bizitza horiek hobetzeko lanean aritu.
Kooperatibismoan hausnarketa interesgarriak egiten dira bizitzaren inguruan, lanaren inguruan edo diruaren inguruan. Nolabait ikasi nuen modu egoki batean antolatuz gero erabaki daitekeela nolako bizitzak nahi ditugun, eta elkarlanean bizitza horiek hobetzeko lanean aritu.
Gainera, lurralde batean eragin nahi zuen sare bat ginelako sentsazioa nuen: elkar elikatzen eta laguntzen duten eragileek osatutako sarea, hain zuzen.
Bertsolaritzarekin lotura eginez, argi dago antzekotasunak badaudela. Bertsolaritzan bezala, kooperatibismoan ere ezinbestekoa da elkar behar dugula ulertzea. Ez dago bertso-saiorik bertsolari bakarrarekin: bertsolariak, gai-jartzaileak, antolatzaileak eta entzuleak behar dira. Guztion arteko elkarlanak egiten du posible jarduna.
Bertsolaritzarekin lotura eginez, argi dago antzekotasunak badaudela. Bertsolaritzan bezala, kooperatibismoan ere ezinbestekoa da elkar behar dugula ulertzea.
Gainera, bertsolaritzan ere lurralde osoa kontuan hartzeko joera dago: ez dadin bertsoa toki bakar batean garatu, baizik eta herriz herri eta eskualdez eskualde, bakoitzaren berezitasunak errespetatuta. Hein batean, hori bera da kooperatibismoak ere sustatzen duen filosofia.