"Telelanerako legea onartuta, konfiantzazko kulturan datza arrakastaren gakoa"

Ander Sansinenea

"Telelanerako legea onartuta, konfiantzazko kulturan datza arrakastaren gakoa"

Madrilen hasi zen lanean, telekomunikazio sektorean. Ondoren Donostiara itzuli zen, eta 2006tik LKS Next-en ari da, ardura ezberdinetan. Gaur egun, pertsonen aholkularitzaren zerbitzuarekin lotuta dauden gaien koordinatzailea da Ander Sansinenea. Zehazki, onartu berri den telelanaren dekretuari buruz hitz egin dugu berarekin.
2020/10/19

Covid 19-ak eraginda onartu berri da telelanaren dekretua. Zertan oinarritzen da? Zein da legearen markoa?

Bai, gurean zoritxarrez Covid-a agertu arte ez da telelana arautzeko beharra. Aurretik oso gutxi garatu da telelana gurean, beste herrialde batzuekin konparatuta. Izan ere, badira herrialde batzuk (Erresuma Batua eta Europako iparraldea) orain dela hamar urte edo gehiago garatu zutela araudi berezia. Horrek, ziurtasun eta bermea ematen die enpresa zein langileei telelana egin ahal izateko.

Hemen, berriz, zertxobait aipatzen bazen ere langileen estatutuan, ez da orain arte propio arautu. Atzera begiratzen badugu, errezelo asko izan dira enpresa zein langileen aldetik eta Covid-aren aurretik oso langile gutxik egin du telelana. Orain sortu da arautzeko beharra.

Espero bezala, onartu berri den dekretuak zentzuzko aspektuak jasotzen ditu eta ez dira xehetasun handietan sartu, normala den bezala. Izan ere, telelanean garrantzitsuena eta oinarrizkoena konfiantza da eta konfiantzazko erlazioak malgutasuna eta flexibilitatea eskatzen dute, beraz, xehetasun gehiegietan sartzea ez da komenigarria.

Enrpesa modernoek telelana sustatzen dute baina astean bitan edo hirutan bulegoan elkartzeko konpromisoa dute. Agian, horixe da gakoa, telelana eta presentzia uztartzea.

Nolabait, enpresa eta langilearen arteko konfiantzan oinarritzen da telelana.

Behin legea onartuta, horixe da arazorik handiena, hain zuzen: konfiantzazko kultura sortzea da. Teknologiak asko erraztuko du telelana, eta legearen bermea dugu baina erresistentzia handiena konfiantzan dago.

Guk harreman zuzena dugu enpresa askorekin eta sarritan entzuten ditugu tankera honetako esaerak: “etxean? Lanean dago?” baina, praktikan galdetu genezake ere “bulegoan dagoenean benetan lanean dago?”. Ondorioz, esango nuke telelanaren kultura hedatzen joango dela baina ez da bat batean gertatuko.

Ikusi dugu enpresa batzuetan konfiantza garatuta dutela, beraz, horiek izango dira aitzindari eta seguruenik beste batzuk derrigorrez sartuko dira.

Beste enpresa batzuetan egin dute telelanaren aldeko apustua, adibidez pertsona gazteak erakartzeko baina praktikan langilea kontrolatzeko sistemak ere jarri dituzte, adibidez, ordenagailuetan ezarritako programa baten bitartez.

Dena den, oro har, esango nuke enpresa gehienetan ez dutela konfiantzan oinarritutako erlaziorik. Ez dute kultura hori garatu baina neurriak hartu behar dituzte, are gehiago orain, egungo egoera kontutan hartuta eta lege berria baliatuta.

Enpresa batzuk ari dira galdetzen eta gaia mugitzen, ezta? Badago enpresa tipologia bat, telelanean aurreratuago dagoena?

Enpresa guztietan egin daiteke, zerbitzuetako enpresa zein industriala izan. Enpresa guztietako bulegoetan daude hainbat eta hainbat langile eta horiek egin dezakete telelana, arazorik gabe. Zoritxarrez, sarritan erresistentziak ez dira soilik sortzen lidergoa garatzen dutenen aldetik, baizik eta lantegira joan behar dutenek esaten dutelako “gu lantegian eta hauek etxetik?”. Horrelako barne kontraesanak gertatzen dira, langileen artean.

Denok, asko edo gutxi, bizi izan gara telelanarekin. Aztertu ditzagun onurak eta kontrakoak.

Konfinamendu garaian bizi izan dugu telelana, baina oso baldintza berezietan. Batez ere, ume txikiak dutenek nahiko modu kaskarrean bizi izan dute telelana. Ez da era egokia lana egiteko!

Onurak asko dira. Enpresak sustatzen badu eta etxetik lana egiteko aukera eskaintzen badu, lan presentziarekin tartekatuz, bulegoko antolaketa aldatu daiteke, adibidez. Asko aurrez daiteke, adibidez, 100 mahai izan beharrean 50 mahai izanda.

Ikerketek frogatu dute produktibitatea igo egiten dela. Askotan idealizatu egiten dugu bulegoa, lan giroarekin lotuta baina ez da zergatik horrela izan behar. Askotan etxean konzentrazio maila handiagoa da eta produktibitatea igotzen da.

Langilearentzat ere onuragarria da. Frogatuta dago estresa jaisten dela. Kontziliazio kontuetarako ere abantaila asko eskaintzen ditu telelanak, batez ere kontuan hartzen badugu lantokietako joan-etorrietan egiten dugun denbora, izan ere bataz beste ordubete edo ordu eta erdi erabiltzen du jendeak joan-etorrietan.

Enpresentzat kosteak jaisten diren bezala, langilearentzat berdin. Gainera, gizarte mailan ere izan dezake eragina. Adibidez, 3.800tona CO2 gutxiago igorriko genuke Gipuzkoan telelana garatuko bagenu muturreraino.

Badakigu ere istripuen %10 lanerako joan-etorrietan ematen dela, beraz horrek esan nahi du orain baino 300 istripu gutxiago izango genituzkela Gipuzkoan, urte beteko epean. Ondorioz, zerbitzu gutxiago behar dugu: anbulantziak, ertzaintza… eta muturrera eramanda, errepidetako inbertsioa ere gutxitu daiteke.

Eta arriskuak, zeintzuk dira?

Bai, horiek ere badira. Esate baterako, asteko bost egunak etxetik egiten badugu lana, eta ez badugu bulegora joateko aukerarik, ahuldu egiten dira lankideen arteko harremanak, eta ez bakarrik lan arlokoak baizik eta harreman sozialak ere, izan ere lankideekin bulegotik kanpoko gaitaz ere aritzen gara. Hau da, lan espazioa gure sozializazioaren espazioa ere bada. Hori guztiz ezabatzen badugu, langileak enpresarekin duen erlazioa eta identifikazioa ahula izango da.

Horrez gain, muturreraino eramaten badugu telelana, langilearen promozioarekin ere izan dezake zerikusia. Izan ere, presente ez dagoen pertsonaz baino errazagoa da bertan dagoenaz gogoratzea. Animalia sozialak gara eta sozializazioa beharrezkoa dugu.

Enpresa modernoek telelana sustatzen dute baina astean bitan edo hirutan, nahitaez, bilera presentzialak eginda, langile denak elkartzeko, formatzeko… talde lana egiteko. Hortxe dago gakoa, bien konbinazioan. Edozein modutan, logika inposatuko dela uste dut.

Kooperatiba garen heinean, aipatzen duzun konfiantzaren argudioa gure baloreetan dago. Beraz, errazago garatuko da telelana kooperatibetan?

Teorian bai. Denok baieztatuko genuke kooperatibetan konfiantza balore partekatua dela, izan ere ez dago konfiantza gehiagorik beste guztiekin kapitala partekatzea baino. Baina zoritxarrez praktikara eramateko garaian, erresistentziak agertzen dira bai lidergo ardurak dituztenen artean, baita ere langileen artean ere. Esan bezala guk harreman nahiko estua dugu kooperatiba askorekin eta ez da beti ematen. Hau da, forma juridikoak balore batzuk ditu itsatsita baina ez beti. Badira SA batzuk konfiantzaren praktikak gehiago partekatzen dituztenak. Ezin da orokortu!